Askatu da azkenean korapiloa, eta Espainiako Traineru Txapelketa jokatu egingo da asteburu honetan. Castro Urdialesen (Espainia) ariko dira arraunlariak: larunbatean, sailkatze estropadetan, 17:30ean hasita, eta, igandean, finaletan, 11:00etan hasita.
Hori da Espainiako Arraun Federazioak iragarritakoa, atzo goizean diruaren arazoa konpondu eta gero. Kantabriako federazioak 3.500 euro eskatzen zizkion Espainiakoari balizak jartzearen gastuari aurre egiteko, eta atzo bertan pasatu zen dirua federazio batetik bestera.
Taldeek erabakiko dute, orain, txapelketaren itxura. Berez, zortzi taldek dute aritzeko aukera gizonezkoetan: Galiziako txapelketako lehen bi sailkatuek, Asturiasko garaileak, Kantabriako lehen biek, eta Euskadiko Txapelketako aurreneko hiru sailkatuek. Horietako askok uko egin diote txapelketari: Galiziatik ez doa inor, eta Asturiastik ere ez; Kantabriatik Astillero bakarrik joango da, joatekotan.
Sortutako hutsuneak betetzeko aukera dute hemengo taldeek, eta ari dira pixkanaka erabakiak hartzen. Urdaibai, Hondarribia, Orio, Kaiku, Zierbena eta San Juanek baieztatu dute —azken orduko aldaketarik ezean— Castrora joango direla. Donostiarrak ezin du parte hartu, KAE 1 ligako estropada duelako asteburuan, eta Ondarroak uko egin dio.
Emakumezkoetan, finala
Espainiako Federazioak emakumezkoen txapelketa ere jokatzea nahi du, sailkatze estropada eta guzti. Baina Euskadiko Federazioak esan dio kontuan hartzeko hemengo taldeek Gipuzkoako Ligako estropada dutela larunbatean Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Hori kontuan hartuta, Espainiako Federazioak finala bakarrik jokatzea erabaki du, eta, oraingoz, Hibaikak eta San Juanek jakinarazi dute parte hartuko dutela. Arraun Lagunak-ekoak aztertzen ari dira zer egin. Gaur gauerdian bukatuko da izena emateko epea, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan.
Castron izango da azkenean Espainiako Txapelketa, asteburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu