TXIRRINDULARITZA

Castrillo: garaipen berezia egunik hunkigarrienean

Kern Pharma taldeak lehen etapa lortu du Vueltan, Manolo Azkona proiektuaren sortzailea zendu berritan. Castrillok beste bederatzi ziklistarekin batera egin du ihes, eta agoniaren bidetik gailendu da Manzanedako igoeran. Faboritoak ez dira mugitu.

Castrillok zendu berri den Azkonari eskaini dio garaipena. JAVIER LIZON / EFE
Castrillok zendu berri den Azkonari eskaini dio garaipena. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko abuztuaren 29a
18:26
Entzun

Nahigabea eta zoriona nahastu zaizkio gaur Kern Pharmari. Manolo Azkona taldearen sustatzaile eta giltzarria zendu dela jakinarazi du, eta gorazarre gisa, Vueltako 12. etapa bereganatu du, Pablo Castrillori esker. Nafarroako taldea lasterketa itzela ari da osatzen. Bere xumean, protagonista izan da etapa lau nahiz menditsuetan. Eta gaur, Azkona hil berritan, estreinako garaipena eskuratu du Vueltan.

Azkonak Galibier Kirol Elkartea sortu zuen 1993an, eta egitura hori, Lizarte taldearen eskutik, Nafarroako txirrindularitzaren haztegi nagusia izan da urte luzez. 2020an, berriz, elitera jauzi egiteko apustua egin zuen Azkonak, Kern Pharma eratuta. Txirrindulariek xingola beltzak eraman dituzte, taldeko presidente ohia gogoan. Eta Castrillok omenaldia biribildu du, ihesaldian balentria eginda. Manzanedako igoeran bukatu da etapa, eta Castrillo iritsi da lehena tontorrera. Urrundik egin du eraso, artean hamar kilometro gelditzen zirela. Latz sufritu behar izan du, baina ahaleginari eusteko motibo berezia zuen gaur. Lehen postuan gurutzatu du helmuga, akituta eta hunkituta. Ezin zuen sinetsi lorturikoa. Taldekideek besarkada beroa eman diote.

Txirrindulari asko iritsi dira profesionaletara Lizarten aritu ondoren, eta horietako bat da Oscar Rodriguez (Ineos). Burlatarrak bat egin du etapa hasieran Azkonari egin dioten omenaldian, eta gero, ihesari eman dio, Castrillo eta beste zortzi txirrindularirekin batera. Goi-mailako bidaideak izan dituzte: Marc Soler (UAE) –hura ere Lizarten aritua–, Jhonatan Narvaez (Ineos), Max Poole (DSM), Louis Meintjes (Intermarche), Carlos Verona (Lidl), Mauri Vansevenant (Soudal), Mauro Schmidt (Jayco) eta Harold Tejada (Astana). Behin hasierako erasoaldia igaro ondoren, hanka altxa dute tropelekoek, eta bidea egin iheslariek, hamar minututik gorako abantaila lortzeraino. Azkar ikusi da etapa lasterketa burukoen artean jokatuko zutela.

Aldapa eta muino asko zegoen ibilbidean, baina amaieran igo beharreko Manzaneda zen mendate puntuagarri bakarra. Gauzak hala, aurreko hamarrek elkarrekin osatu dute etaparen zatirik handiena, indarrak bukaerarako gordeta. 15 kilometro zituen amaierako igoerak, eta berehala hasi dira mokoka. Solerrek piztu du sua lehenik, eta Veronak jarraipena eman dio. Laster iritsi da Castrilloren eraso erabakigarria. Izenez iheskideak baino gutxiago zen, baina akuilu berezia zuen gaur. Schmidt atzetik izan du kilometro askoan, baina suitzarra itzali egin da pixkanaka. Narvaez bizi abiatu da azken lau kilometroetan, baina ezin izan ditu aurkariak gurpiletik atera.

Atzean elkarri begira zebiltzan. Castrillok, berriz, dena eman du. Eutsi egin dio distantziari, ibilera behartuarekin eta sufrimendu hutsezko keinuak eginez. Azken metroetan asko hurbildu zaizkion arren, nahikoa indar izan du helmugara beste guztien aurretik iristeko. Poole izan da bigarren, zortzi segundora, eta Soler hirugarren, hamaseira. Faboritoek, berriz, 6.29ko atzerapena izan dute. Igoerari gogortasuna falta zitzaion, eta horregatik, ezkutuan gelditzea erabaki dute Vueltako indartsuenek. Hala, Ben O’Connorrek (Decathlon) beste egun batez eutsi dio lidergoari.

Ancaresen, oilarren txanda

Biharko etapa ere mendate batean bukatuko da: Ancaresen, hain zuzen. Manzaneda ez bezala, alde nabarmenak eragiteko moduko igoera da. Ez da oso luzea (7,5 kilometro), baina %9,3ko pendiza du batez beste, eta zati batzuetan %15eko maldak topatuko dituzte txirrindulariek. Lugon ekingo diote etapari, eta hiru mendate igoko dituzte azken igoeraren aurretik. Bigarren mailako Llumeras gainditu, bertan gainsariak hartu, eta segidan iritsiko dira Ancaresera. Faboritoak ezingo dira ezkutatu.

Vuelta 13. etapa

SAILKAPENAK

Hamabigarren etapa

1. Pablo Castrillo (KernPharma) 3.36.12

2. Max Poole (DSM) 8ra

3. Marc Soler (UAE) 16ra

4. Mauro Schmid (Jayco) 23ra

5. Jhonatan Narvaez (Ineos) 34ra

6. Mauri Vansevenant (Soudal) 40ra

7. Harold Tejada (Astana) 49ra

8. Carlos Verona (Lidl) 1.03ra

9. Louis Meintjes (Intermarche) 1.14ra

10. OscarRodriguez (Ineos) 1.52ra

Nagusia

1. Ben O’Connor (Decathlon) 47.37.35

2. Primoz Roglic (Bora) 3.16ra

3. Richard Carapaz (Education First) 3.58ra

4. Enric Mas (Movistar) 4.10era

5. MikelLanda (Soudal) 4.40ra

6. Carlos Rodriguez (Ineos) 5.23ra

7. Florian Lipowitz (Bora) 5.29ra

8. Adam Yates (UAE) 5.30era

9. Felix Gall (Decathlon) d.b.

10. George Bennett (Israel) 5.46ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.