Torneo honetan jokatu ditudan partidak dira nire mezua [Magnus] Carlsenentzat». Ian Nepomniaxtxi Nepo xake jokalari errusiarra hala mintzatu zen astelehenan, Hautagaien Torneoa irabazi osteko prentsaurrekoan. Munduko Txapelketan aurkari izango duen jokalariarentzat mezurik ba ote zuen galdetu zioten, eta ez zuen argibide gehiago emateko beharrik izan. Izan ere, hautagaien Torneoari erreparatu diotenek ikusi dute errusiarrak taula gainean erakutsi duen oldarkortasuna, baina baita praktikotasuna ere.
Inoizko Hautagaien Torneo luzeena izan da, pandemiagatik eten egin behar izan zutelako. Fabiano Caruana faborito nagusia nahiko atzean geratu zen azkenean, eta Anish Giri izan da ezustekoa, azken partidetan indarra galdu arren. Dena den, Vachier-Lagraven errendimendua da batez ere aipatzekoa. Teimour Radjavoben ordezko moduan heldu zen torneora, eta txapeldunorde izan da azkenean.
Torneoko lehen partidan, Neporen mezua forma hartzen hasi zen jada, Herbehereetako Anish Giri nagusitasunez menderatu baitzuen. Pieza beltzekin aritu zen, eta irekitzetik aurkariaren erregearen kontra egin zuen. Baina horren maila handiko torneoetan oldarkortasuna ez da nahikoa, praktikotasuna ere behar da. Eta hala jokatu zuen astelehenean, Vachier-Lagrave frantziarraren kontra. Partida ona izan zuen. Baina peoi bat gehiago zeukan arren, ez zen irabazten saiatu. «Giri galduta zegoela ikusi, eta ez arriskatzea erabaki dut, berdinketa ziurtatuz».
Azaroaren 24tik abenduaren 16ra Carlsenen norvegiarraren kontra jokatuko du, Dubain, munduko txapelduna nor den erabakitzeko. Carlsen da egun txapelduna, baina Nepo da seguruenik orain arte izan duen aurkaririk arriskutsuena. Izan ere, aipatu bezala, oldarkor jokatzen du, eta betidanik posizio taktiko eta konplexuen bila joan da, irekitzetik aginte makila hartzeko edozein aukera baliatuz. Nahiz eta horretarako askotan arrisku handiak hartu behar izan. Buruz burukoa du gustuko; hori da haren espezialitatea. Baina partidak ere galdu ditu horren erruz, eta ikasi du zuhurrago izaten.
Carlsenek joko posizionalagoa dauka. Norvegiarrak ez du ia sekula abantaila berezirik bilatzen irekitzean, eta alde txikiak bilatu ohi ditu partidak aurrera joan ahala. Pieza gutxiko finalak dira haren espezialitatea. Pixkanaka aurkaria akats txikiak egitera behartzen du, eta haren defentsa egitura apurtuz doa.
Zenbakiak Neporen alde
Oso interesgarria izango da azaroko lehia. Zenbakiak Neporen aldekoak dira. Partida estandar ofizialetan, 11 aldiz jokatu dute elkarren kontra. Horietatik lau errusiarrak irabazi ditu, eta bat norvegiarrak. Besteetan berdindurik amaitu dute.
Euren arteko azken partida ofiziala Carlsenek irabazi zuen. Gainera, Nepok umeak zirenean irabazi zizkion partida gehienak. Nepok argi utzi du bere estrategia. Orain Carlsenek ikusi behar du zer egin munduko onena izaten segitzeko. Vladimir Kramnikek 2000. urtean Gari Kasparovekin egin zuena estrategia egokia izan daiteke: irekitzeko posizio lehorrak bilatu, eta joko posizionalean oinarritu, aurkariak pazientzia galdu arte.
Partida bizkorrak izango dira berdinketa hausteko sistema, eta hor Carlsenek abantaila dauka. Modalitate horretan Carlsenek sei garaipen ditu, eta Nepok sekula ez dio irabazi. Biek 30 urte dauzkate, eta euren garai onenean daude. Azken urteetako Munduko Txapelketa interesgarrienetarikoa izan daiteke.
Carlseni mezu argia
Ian Nepomniaxtxi da xakeko Hautagaien Torneoko irabazlea. Oldarkor baina praktikotasun handiz jokatuz lortu du garaipena. Hala, errusiarra izango da Magnus Carlsenen aurkaria, Munduko Txapelketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu