Abenduak 27, New York, xakeko partida erdi bizkor eta bizkorreko Munduko Txapelketa. Magnus Carlsenek bost puntu baino ez zituen eskuratu jokatutako zortzi partidetan. Oraindik beste bost partida zituen jokatzeko, baina aukera gutxi zituen 2023an Samarkandan irabazitako titulua berritzeko. Gainera, epaileak isuna jarri zion, janzteko kodea ez errespetatzeagatik. Zeramatzan praka bakeroak aldatzera joateko eskatu zion norvegiarrari. Hark ezetz esan zion, eta epaileak ez zuen sartu bederatzigarren txandarako parekatzeetan. «Printzipio kontua zen jada», esan zuen jokalariak elkarrizketa batean; eta ondorengo hau gehitu zuen: «Bazkaldu ostean alkandora eta amerikana jantzi, eta zapatak ere aldatu nituen. Baina ez nuen praka bakeroetan pentsatu». Nazioarteko Xake Federazioak (FIDE), bestalde, argi utzi zuen arauak berberak direla denentzat, eta jokalari guztiek ondo ezagutzen dituztela.
Carlsen torneotik erretiratu zen. FIDEren janzteko kodea kritikatu zuten hainbatek, baina Carlsenek ere berea jaso zuen. Askok esan zuten ez zuela erabaki hori hartuko torneoan ondo joanez gero. Gainera, txapeldunari buruz, Volodar Murzini buruz, ez zuten ia hitz egin. Errusiarrak 18 urte baino ez du, eta partida erdi bizkorretako txapeldun izan zen. Hamahiru txandetan ez zuen partida bakar bat ere galdu, eta, besteak beste, Caruana eta Nakamura utzi zituen bidean.
Askoz gehiago hitz egin zen Carlsenen bakeroen inguruan. Hain justu, halako galtzak ekoizten dituen marka batekin publizitate kanpaina bat egitea adostu zuen Carlsenek aurtengorako. Dena den, aitak konbentzituta partida bizkorretako txapelketan parte hartuko zuela iragarri zuen abenduaren 29an. Gainera, FIDEren baimena lortu zuen bakeroak erabiltzeko. Hain zuzen ere, FIDEk ontzat eman zituen bere kodean «jakarekin ondo ematen duten bakero egokiak».
Oraingoan ere, txanda batzuetan berandu heldu zen partidetara. Hori errespetu falta bat da xake lehiaketetan. Edonola ere, finalera heldu zen, Ian Nepomniasxiren kontra. Irabazten hasi zen, 2-0, baina errusiarrak markagailuari buelta eman zion ustekabean, eta 2-2 bukatu zen finala. Berdinketa hausteko lehen hiru partidetan berdinketa izan zen, eta laugarrena jokatu behar zutenean iritsi zen ezustekoa: Carlsenek txapeldun garaikurra partekatzea proposatu zion Nepomniasxiri.
Gainera, epaileak FIDEko presidentearekin bilduta zeudela, mikrofonoek Carlsenen adierazpen hauek jaso zituzten: «Onartzen ez badute, guk berdinketa motzak egiten jarrai dezakegu, baietz esan arte». FIDEk onartu egin zuen bi jokalariek garaikurra partekatzea. Sari banaketan, jokalariek ez zekiten oso ondo zer egin. Gainera, gertatutakoak kalte egin zion FIDEren irudiari. Nork ipintzen ditu arauak xake munduan?
Eztabaidaz eztabaida
13 urterekin maisu handiaren titulua eskuratu zuenetik, Carlsen mugarriak ezarriz joan da xakearen historian. Baina azken urteetan eztabaidaz eztabaida ibili da. 2021ean, bosgarrenez jarraian Munduko Txapelketa irabazi eta gero, hau esan zuen: «Firouzjak hautagaien torneoa irabazten ez badu, ez dut uste hurrengo Munduko Txapelketako finala jokatuko dudanik». 1975. urtean, FIDEk ez zituen Fischerren neurriz kanpoko baldintzak onartu, eta ez zuen finala jokatu. Karpov gailendu zen. 1993an Kasparovek ere ez zuen finala jokatu, eta Munduko Txapelketa paraleloak sortu zituzten. 2023an Carlsenek bere mehatxua bete zuen, eta ez zuen jokatu, Fischerrek eta Kasparovek aurretik egin bezala
2022an, Sinquefield Cupen, Carlsenek galdu egin zuen Hans Niemannen kontra, eta torneotik erretiratu zen. Norvegiarrak, froga barik, iruzur egitea leporatu zion Niemanni. Chess.com eta eliteko jokalari batzuk salaketa publiko horretara batu ziren, eta Niemannek haien kontrako salaketa bat jarri zuen, batez ere difamazioa leporatuta. 2023ko abuztuan, parte guztiak akordio batera heldu ziren.
Norvegiarrak asko eman dio xakeari, eta lan handia egin du kirol horren ospea zabaltzeko. Baina, beste garai batzuetan beste jokalari handi batzuek egin duten bezala, orain zabaltzen ari da xakeari min egiten hasia dela.
Gertakizun puntualak dira, edo gerra handiago baten zati bat? Carlsenek Freestyle chess edo estilo libreko xakea sustatzen du publikoki. Modalitate honetan lehen lerroko piezen hasierako posizioa zozkatzen da, eta, horrela, irekieraren teoriak garrantzia galtzen du. Jan Buettner inbertitzailearekin batera, aurtengorako torneo gogorrak prestatzen ari da, sari handiak dituztenak. FIDEri ez zaio gustatu hori egitea, jakinda estilo libreko txapeldun titulua hor eman nahi dutela. Xakearen mundua kontrolatzeko gerra bat dagoela esaten dute batzuek; beste batzuek, Carlsenek xakearen mundua modernizatu nahi duela, eta FIDE erakunde estatikoa dela.