Oraindik ere txapeldun olinpikoa da Richard Carapaz (Education First), baina Tokion lorturiko garaipena ezingo du Parisen berritu. Bi aste barru jokatuko da errepideko proba, eta Carapazek ez du parte hartuko, Ekuadorreko federazioaren erabakiz. Bada, dominen mina arindu du gaur, Tourrean aurrenekoz gailenduta. Oso etapa nekagarria izan da: txirrindulariak jo eta su aritu dira, eta 120 kilometro behar izan dituzte ihesaldia erabat osatzeko. Ekuadortarra aurrean sartu da, eta Simon Yatesekin (Jayco) buruz buruko ederra izan du Noyerren, eguneko mendaterik gogorrenean. Gailendu egin zaio tontorrera bidean, eta aldeak handitu egin ditu Superdevoluyko igoeran. Azkenean, Carapazek 37 segundoko aldeaz irabazi dio Yatesi. Hirugarren, berriz, Enric Mas (Movistar) izan da, 57 segundora.
Hiru mendate zituen etapak, eta hirurak azken txanpan zeuden. Hara iritsi arte, sasiordekan jardun dute txirrindulariek. Askok egin nahi zuten ihes, horretarako oso etapa aproposa baitzen, eta sekulako ziztuan irentsi dituzte kilometroak. Faboritoek oso erne aritu behar izan dute, tropela behin baino gehiagotan zatitu baita. Gero lasaitzera egin dute, ihesaldia egonkortu ahala. Igoeretan su etena egon zitekeen indartsuenen artean. Bada, ez: Tadej Pogacar (UAE) oldartu egin da Noyerren, eta esloveniarraren erasoak Jonas Vingegaarden (Visma) ezina bistaratu du. Hori ikusirik, hazi egin da Remco Evenepoel (Soudal), eta lehen bi sailkatuak atzean utzi ditu Superdevoluyra bidean: hamar segundo atera dizkio Pogacarri, eta hamabi Vingegaardi. Podiuma nahiko ziurtatua duenez, Vingegaard aurreratzea izan daiteke flandriarraren erronka berria. 1.58ra du oraingoz.
Ordekan bikain moldatzen diren lau txirrindularik egin dute ihes etaparen hasieran: Tiesj Benootek (Visma), Magnus Cort Nielsenek (Uno-X), Bob Jungelsek (Bora) eta Romain Gregoirek (Groupama). Tropelean hamaika eraso izan da, baina aurreko laukotea bikain defendatu da mendateetara iritsi aurretik. Anabasa handia izan da multzo nagusian: eraso batek bestea zapuzten zuen. Azkenean, 48 txirrindulariko tropel txiki batek hartu du aurrea, helmugarako 54 kilometro eskas falta zirela. Carapaz, Yates eta Mas ziren multzoko eskalatzailerik onenak, eta halaxe erakutsi dute amaierako mendateetan. Bayarden ez dira mugitu; Noyerrerako gorde dituzte indarrak. Yates izan da sua pizten lehena, baina kontraeraso ikusgarria egin du Carapazek: lehenik harrapatu, eta gero atzeratu egin du Yates. Mas atzerago zihoan.
Oraindik Superdevoluyko mendatea gelditzen zitzaien, baina ez da joera aldaketarik izan: Carapaz izan da helmugara iristen lehena. Tourreko etapa irabazleei domina bat ematen zaie, beraz, ekuadortarrak badu zer kolkoratu. Evenepoelek, berriz, mokadu txiki bat ahoratu du, nagusian aurretik dituen bi ziklistei kosk egin ostean. Lehenik, Pogacarrek erakutsi ditu letaginak. Ezin izan dio inork ihardetsi esloveniarrak Noyerren egindako erasoari. Haatik, Evenepoel Vingegaard baino hobe moldatu da. Danimarkarrak ihesean aritutako zenbait taldekide zituen aurretik, eta lanean jarri ditu. Azken igoerara elkarrekin iritsi dira hiru piztiak, eta Evenepoelek anbizioz jokatu du. Buruzagia baino bi minutu geroago helmugaratu da Mikel Landa (Soudal), beste hautagai askorekin batera. Eutsi egin dio bosgarren postuari.
Bihar ere ihesaldiak arrakasta izango du ziurrenik, Gap eta Barcelonnette artean jokatuko den etapan. Hirugarren mailako bost mendatetan gora egin beharko dute.
SAILKAPENAK
HAMAZAZPIGARREN ETAPA
1. Richard Carapaz (Education First) 4.06.13
2. Simon Yates (Jayco) 37ra
3. Enric Mas (Movistar) 57ra
4. Laurens de Plus (Ineos) 1.44ra
5. Oscar Onley (DSM) 1.44ra
6. Guillaume Martin (Cofidis) 2.36ra
7. Magnus Cort (UnoX) 2.38ra
8. Wout Poels (Bahrain) 2.39ra
9. Jordan Jegat (Total) 2.39ra
10. Alex Aranburu (Movistar) 2.39ra
11. Toms Skujins (Lidl) 2.39ra
NAGUSIA
1. Tadej Pogacar (UAE) 70.21.27
2. Jonas Vingegaard (Visma) 3.11ra
3. Remco Evenepoel (Soudal) 5.09ra
4. Joao Almeida (UAE) 12.57ra
5. Mikel Landa (Soudal) 13.24ra
6. Carlos Rodriguez (Ineos) 13.30era
7. Adam Yates (UAE) 15.41era
8. Giulio Ciccone (Lidl) 17.51ra
9. Derek Gee (Israel) 18.15era
10. Santiago Buitrago (Bahrain) 18.35era
11. Felix Gall (Decathlon) 19.04ra