FRANTZIAKO TOURRA

Campenaerts, izerdi tantak eta zorion malkoak

Flandriarrak ihesean irabazi du Tourreko hemezortzigarren etapa. Lazkano eta Aranburu ere alde eginda ibili dira, eta arabarra bosgarren izan da. Tropelean oso lasai hartu dute eguna: ia hamalau minutu beranduago helmugaratu dira. Bihar, goi mendia.

Victor Campenaerts gertukoekin telefonoz hizketan, etapa irabazi berritan. DARIO BELINGHERI / EFE
Victor Campenaerts gertukoekin telefonoz hizketan, etapa irabazi berritan. DARIO BELINGHERI / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 18a
19:10
Entzun

Izerdi tanten gazia zorion malkoen gozoarekin nahastu zaio gaur Victor Campenaertsi (Lotto), Gap eta Barcelonnette lotu dituen etapan. Oso txirrindulari borrokalaria da Campenaerts, bai klasikoetan bai itzulietan maiz ihes egiten duten horietakoa. Haatik, gutxitan jaso izan du ahaleginen ordaina. Behinola espezialista izan zen erlojupekoetan, eta diziplina horretan lortu izan du garaipen gehien. Ehiztari gisa, irabazia zuen Giroko etapa bat. Eta Tourrean, neke eta izerdi askoren ondoren, gaur lortu du saria. Helmuga gurutzatu orduko hunkitu da, bideo dei batean neska laguna eta seme jaioberria ikustean.

Flandriarrak totelka hasi du etapa osteko elkarrizketa. Sentimenduek gaindituta zegoen oraindik. Garaipenaren erroa, baina, ez da emozionala izan, arrazionala baizik: azaldu duenez, abenduan jada begiz jota zeukan gaurko etapa. Geroztik, plan egokia hezurmamitzeko aukera izan du. Halere, gauza bat da helburu bat finkatu eta estrategia egokia taxutzea, eta beste bat, berriz, bide orria hitzez hitz betetzea. Oier Lazkanok eta Alex Aranburuk (Movistar) ere altxorraren bila jardun dute, baina galdu egin dira ihesaldiaren labirintoan. Lazkano norabide onean izan da, baina ezin izan dio ihardetsi eraso erabakigarriari. Campenaertsek Matteo Vercherrekin (Total Energies) eta Michal Kwiatkowskirekin (Ineos) ihes egin du, eta hurrenkera horretan helmugaratu dira. Lazkano bosgarren izan da, 22 segundora, eta Aranburu hamalaugarren, 37ra.

Sekulako borroka izan da ihesaldian. Guztira 37 txirrindularik egin dute eskapu, eguneko bost mendateak gainditu eta Barcelonnetten besoak altxatzeko intentzioz. Talde askok bi ordezkari edo gehiago sartu dituzte aurrean. Abantaila taktikoa eduki nahi zuten. Tropelean gelditu direnek, baina, txango moduan hartu dute gaurko etapa. Litxarreriak partekatzeko astia ere izan dute. Azkenean, irabazleak baino 13.40 beranduago bukatu dute saioa. Atzerapena are handiagoa izan da tarte batez, eta sailkapen nagusiko lehen hamarretan sartzeko abagunea izan dute Steff Crasek (Total Energies) eta Guillaume Martinek (Cofidis), ihesaldiari esker. Haien ilusioa batik bat Israelek zapuztu du, azken txanpan tropelaren erritmoa bizituta.

Ihesalditik ihesean

Ihesaldiak askoz lehenago hartu du abiadura. Ben Healyk (Education First) helmugatik 65 kilometrora apurtu du harmonia, eta, hortik aurrera, erasoka aritu dira behin eta berriz. Batzuk maldan gora ahalegindu dira; Aranburuk, ordea, zubi batean egin du eraso, 47 kilometro falta zirela. Azken mendatera bidean zihoazen, eta, ezkutuan ibili ostean, aurkariak ezustean harrapatzen saiatu da gipuzkoarra. Ez du lortu, ezta Lazkanok ere, apur bat beranduago oldartu ondoren. Bart Lemmenek lan aipagarria egin du suhiltzaile gisa, Wout van Aerten mesedetan (Visma). Ezin izan du itzali Kwiatkowskiren sugarra, ordea. Poloniarrak azken mendatearen gailurrean piztu du txinparta, eta Campenaertsek eta Vercherrek hauspotu egin dute. Ederki konpondu dira.

Sasi-ordeka luzea zegoen bukaeran, eta bost txirrindulari zihoazen aurreko hiruren atzetik. Lazkano zen horietako bat. Hamar segundora hurbildu zaizkie, baina soka askatu egin dute pixkanaka. Izen aldetik, Vercher zen apalena, baina ez du urrundik eraso egin: azken kilometroan sartuta jo du. Arazorik gabe erantzun diote. Esprintean, baina, Campenaerts garaiezina izan da. Kwiatkowski motel samar ibili da hasieran, eta indarra falta izan zaio gero.  

Tourra, 19. etapa

Faboritoek bestelako jarrera izango dute bihar, hiru mendate gogor igoko baitituzte: Vars, Bonette eta Isola 2000. Azken horren tontorrean egongo da helmuga. Baliteke Tadej Pogacar (UAE) lidergoa are gehiago sendotzen saiatzea, eta ikusteko dago nor dabilen indartsuago, Jonas Vingegaard (Visma) ala Remco Evenepoel (Soudal).

18. ETAPA

1.Victor Campenaerts (Lotto) 4.10.20

2.Matteo Vercher (T.Energies) d.b.

3.Michal Kwiatkowski (Ineos) d.b.

4.Toms Skujins (Lidl) 22ra

5.Oier Lazkano (Movistar) d.b.

6.Bart Lemmen (Visma) d.b.

7.Krists Neilands (Israel) d.b.

8.Jai Hindley (Bora) d.b.

9.Wout van Aert (Visma) 37ra

10.Michael Mathews (Jayco) d.b.

11.Dorian Godon (AG2R) d.b.

 

SAILKAPEN NAGUSIA

1.Tadej Pogacar (UAE) 74.45.27

2.Jonas Vingegaard (Visma) 3.09ra

3.Remco Evenepoel (Soudal) 5.19ra

4.Joao Almeida (UAE) 10.54ra

5.Mikel Landa (Soudal) 11.21era

6.Carlos Rodriguez (Ineos) 11.27ra

7.Adam Yates (UAE) 13.38ra

8.Giulio Ciccone (Lidl) 15.48ra

9.Derek Gee (Israel) 16.12ra

10.Santiago Buitrago (Bahrain) 16.32ra

11.Felix Gall (Decath.) 17.01ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.