Espainiako Vueltak eman ditu jakitera zein bi talde arituko diren aurtengo lasterketan. Gonbidapenaren zain ziren hiru euskal talde: Caja Rural, Euskatel Euskadi eta Kern Pharma. Bada, Caja Rural zango da bakarrik lasterketan. Izan ere, hark eta Burgos BH-k jaso dute gonbidapena. Euskaltel Euskadi eta Kern Pharma, beraz, kanpoan gartu dira. Kolpe gogorra da, bi taldeen helburu nagusietakoa baitzen Vueltan egotea. Hori zen hiru itzuli handietako batean parte hartzeko zuten aukera bakarra. Azken urteetan Vueltako antolakuntzak egin dituen txandakatzeak kontuan hartuta, espero zen Burgos BH izango zela kanpoan geratuko zena. Baina ez da hala izan. Kirol emaitzak ere ez dituzte kontuan hartu. Izan ere, UCIko zerrendari erreparatuz gero Euskaltel da talde onena. 25. dago 367 punturekin. 28. Burgos BH 296rekin, 34.Caja Rural 214rekin eta 35. Kern Pharma 172rekin
Gonbidapenarekin pozik dago Caja Ruraleko managerra, Juanma Hernandez. «Vueltara itzultzea, izan genezakeen albisterik onena da. Oso eskertuta gaude antolakuntzak gugan izan duen konfiantzarengatik. Gure onena emango dugu, aukera berri hau baliatzeko. Beti egin ohi dugun moduan, ibilbide guztietan molda daitekeen talde bat osatzen ahaleginduko gara, eta gazteenei aukerak ematen». 11 urte dira Caja Ruralek lehen aldiz Espainiako Vueltan parte hartu zuela:«Orduko hura Iruñean atera zen, eta garaipena lortu genuen Covadongako lakuetan. Ederra izan zen. Oraingoan bi etapa igarotzen dira Nafarroatik, eta irrikaz gaude lehiatzeko».
Vuelta abuztuaren 27tik irailaren 16ra jokatuko da, eta UCI World Tourreko 18 taldeez eta Caja Rural nahiz Burgos BH-z gain, UCI Pro Team mailako bi talde onenak izango dira: Lotto Dstny eta Total Energie. Lasterketa Bartzelonan hasiko da, taldekako erlojupeko batekin, eta Madrilen amaituko da. Salbaterra Bearnotik Larra-Belaugara jokatuko da hamalaugarren etapa, eta Iruñetik-Lekunberrira hamabosgarrena.