ARRAUNA KONTXAKO BANDERA

Cabok eta Kaikuk eman dute sailkatze estropadako ezustea

Segundo baten aldean lortu du Kaikuk sailkapena, Aresen kalterako. Zierbena izan da azkarrena, baina ezusterik handiena Cabok eman du, estropadako laugarren denbora onena eginda.

Caboko arraunlariak sailkapena ospatzen Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Caboko arraunlariak sailkapena ospatzen Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
pettan uralde
2024ko abuztuaren 28a
19:31
Entzun

Urduritasunen estropada izan ohi da Kontxako Banderaren sailkatze estropada, eta aurtengoa ere ez da desberdin izan. Talderik indartsuenek gutxi daukate irabazteko, baina talderik apalenek bandera bat bezainbeste ospatzen dute sailkapena. Gaur, Cabo eta Kaikuk izan dute plazer hori, onenen artean sartzea lortu baitute itxura guztien kontra. Isuntzaren eta Ondarroaren kalterako izan da, lehiatik kanpo geratu baitira.

Iaz ez bezala, aurten A multzoko ontziak atera dira lehenik, lehen zazpiren artean sartzeko langa nolakoa izango zen jakin gabe. Kantauri itsasoko trainerurik azkarrenak izanik, inork ez dauka sailkapena ziurtatuta, eta denek aritu behar zuten maila on batean. Hasiera Ondarroak eman du, iazko protagonista: Iñaki Errastik zuzentzen duen taldeak lortu zuen sailkatzea azkenik.

Lehen multzoko ontzi batzuek badute gehiegi ez estutzeko pribilegioa, baina ez da horietako bat Antiguako Ama. Arraunlariak oraindik sabeletan tximeletak zituztela eman dute hasiera, eta lehertzera irten dira erreferentziarik ez zutela jakinda.

«Estropada arriskutsua da, eta gaur oso serio aritu gara. Lehen igandean ere gure onena ematen saiatu behar gara»

 

GORKA ARANBERRIUrdaibaiko patroia

Ontzi batzuek kanporantz apurtzea erabakitzen dute; beste batzuek, ordea, barrurantz. Oriok lehen luze horretan ahalik eta bizkorrena egitea erabaki du, eta lehen ontzien artean denborarik onena markatzen hasi da. Irla parean, Hondarribia, Zierbena eta Urdaibai ere denbora berdinetan ziren.

Ziaboga hamar minutu eta hamar segundotan eman du Ondarroak, baina azkar hobetu dute denbora hori aurkariek. Oriok sei segundo azkarrago egin ditu lan erdiak, eta beste lau taldek hobetu dute Antiguako Amaren denbora. Hain zuzen ere, Cabok bost segundo azkarrago egin du, Hondarribia galiziarren denbora berean, Zierbenak hamaika segundo azkarrago, eta Urdaibaik hamar.

Poparean puskatu dute estropada ontzi gehienek, eta azken metroetan erabaki da sailkapena. Orio ez da horren adibide izan, bi luzeetan eman baitu bere onena. Ondarroaren lanak 26 segundo hobetu dituzte Mikel Arostegiren arraunlariek, eta barruan zeuden ordurako. Cabo iritsi da hurrena, eta, denen ezusterako, hamazazpi segundo hobetu dute Ondarroaren denbora. Denboraldi osoan erakutsi ez duten sasoia atera dute Boiroko arraunlariek.

Hala eta guztiz ere, barruan egoteko lehia betean zeuden Isuntza eta Getariarekin batera, nahiz eta denbora askotxo galdu duten aurkariekiko lan erdietan. San Juan ere ustekabea emateko hautagaia zen, baina Kaikuren denbora ere ez dute hobetu, eta zail zuten zazpigarren sailkatzea.

«Poparean asmatu egin dugu, eta hori izan da gakoa, zoragarria izan da azken txanpa. Dena ematera irtengo gara igandean»

 

JON ELORTEGIKaikuko entrenatzailea

Zazpigarren postua gori-gorian zen oraindik, eta traineru gehienek azken hitza emateko zuten. Hondarribia barruan zen, nahiz eta Caboren denbora ez hobetu, eta Eusko Label ligako lehen bi ontziek denborak birrindu dituzte: Zierbena izan da lehena, iaz bezala, eta Urdaibai hamar ehunen atzetik sartu da. Gorka Aranberri patroiak onartu du hutsegitea saihestea zutela helburu. «Estropada arriskutsua da, eta gaur oso serio aritu gara. Lehen igandean ere gure onena ematen saiatu behar gara».

Getariak ez du lehen luze ona izan, baina brankaz galdutakoa poparean irabazi du, eguneko denborarik onenetan bosgarrena markatzeko. Isuntza zen helmugara iristen urrena, eta azken metroetan gainean izan du azken urteetako madarikazioa. 25 urte daramatza Lekeitioko taldeak Kontxako Banderan sailkatu gabe, eta, segundo baten aldean zazpigarren postuan egon badira ere, ez dira sartu azkenean.

Kaiku eta Ares

Kontxako badian ziztu bizian zetorren inork espero ez zuen ontzi bat: Kaikuko Bizkaitarra. Poparean denboraldi osoko lanik onena egin dute Jon Elortegiren arraunlariek, eta, denen ezusterako, kanpoan utzi dituzte Isuntza eta Ondarroa. Baina dena ez zegoen erabakita, Galiziako txapeldunak denbora berdina egin du lan erdietan, eta azken txanpara arte ezin zuten ezer ospatu Kaikukoek.

B multzoko onena izan da Ares, eta Eusko label ligara igotzeko kanporaketei begira hordagoa jaurti du mahai gainean. Izan ere, zazpi segundo hobetu dute San Juanen lana, eta oraindik ere tarte handiagoetan, San Pedro edota Santurtzi. Baina bere ahaleginik handienak ere ez dio balio izan Galiziako ontziari, eta segundo batengatik geratu da Kontxako Banderatik kanpo. Festa bihurtu da Kaikuren ontzia. Elortegi prestatzailea poza ezin ezkutatu mintzatu da Donostiako kaian. «Poparean asmatu egin dugu, eta hori izan da gakoa, zoragarria izan da azken txanpa. Dena ematera irtengo gara igandean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.