Alex Mumbruk (Bartzelona, 1979) hamahiru denboraldi egin zituen Bilbo Basketen; bederatzi urtez jokalari izan zen, eta lau urtez, entrenatzaile. Egun Alemaniako selekzioko hautatzailea da, baina gertutik jarraitzen dio bizkaitarren jardunari. Bihar entrenatzaile ikuspegia alde batera utzi, eta zale sutsuenen pare animatuko du Bilbo Basket, PAOKen aurkako FIBAren Europako Kopako finaleko joaneko partidan. «Irabaztea klubaren sorreraren 25 urteurrena biribiltzea litzateke. Merezi dute, lan handia egiten ari baitira».
Finalerdietan balentria eginda sailkatu zen Bilbo Basket finalerako. Nola bizi zenuen Dijonen aurkako itzulerako partidan taldeak egin zuena?
Garbi nuen: joanekoan 19 punturen aldeaz galdu arren, aukerak izango zituzten kanporaketa iraultzeko, eta gogor borrokatuko ziren. Bilbo Basketen DNAn dago amore ez ematea; unerik zailenetan ere, hala egin izan du. Baina bost minutu falta zirenean partida nola zegoen ikusita, harritu egin nintzen. Aldi berean, argi dut halako gauzak nonbait gerta badaitezke Miribillan dela, Bilbon. Izugarria izan zen finalerako sailkapena lortzeko modua. Oso harro eta pozik nago klubarengatik. Partida amaitzean mezu bana bidali nien Rafari [Pueyo, kirol zuzendaria] eta Javiri [Salgado, bigarren entrenatzailea], zoriontzeko.
Zein izan zen kanporaketa modu horretan iraultzeko gakoa?
Gauza askoren nahasketa izan zen. Batetik, taldea erasoan asmatzen hasi zen. Horrek bultzatuta, zaleak estutzen hasi ziren. Aldea murriztu ahala sinesten hasi ziren denak, eta balentria egin zuten. Bestetik, ziurrenik Dijoneko jokalariek pentsatu zuten aise sailkatuko zirela, eta, oharkabean bada ere, estutzeari utziko zioten apur bat. Bilbo Basket ia gainean zutenerako, erasoan kateatuta zeuden, eta ez zuten asmatu horri nola buelta eman.
Orain finala jokatuko dute PAOK Tesalonikaren aurka. Bihar dute joanekoa, Bilbon. Zer itxura hartzen diozu finalari?
Final bat ez da sekula erraza izaten. PAOK talde ona da. Cholet utzi zuen kanpoan finalerdietan, txapelketa irabazteko faboritoa. Lehen partida etxean jokatzen duen taldeak aukera gutxiago du emaitzarekin jokatzeko, hori kudeatzeko. Kasu honetan PAOKek du abantaila hori. Baina baikorra naiz. Miribillak asko estutuko du bihar, eta hiria, Bizkaia osoa, taldea bultzatzen arituko da. Biharko partida oso garrantzitsua izango da, bete-betean aritu behar dute.
Nolako taldea da PAOK?
Buruz buruko jokaldietan trebea den jokalariren bat dute. Frank Bartleyk, adibidez, 29 puntu sartu zituen Choleten aurkako itzulerako partidan. Saskiratzeak lortzeko ahalmen gehien duen jokalaria da, eta aurkariei desoreka gehien eragiten diena. Gertutik zaindu beharko dute. Baina batez ere haien talde jokoa nabarmenduko nuke. Defentsan talde gogorra da, eta etxean gero eta sendoagoa ari da.
«PAOKen talde jokoa nabarmenduko nuke batez ere. Defentsan talde gogorra da, eta etxean gero eta sendoago ari da»
Teknikatik eta taktikatik harago, burua ere gako izaten da finaletan. Oraingoan ere hala izango dela uste duzu?
Zalantzarik gabe. Finala bi partidara izanda, uste dut bi taldeek izango dituztela gorabeherak, batez ere erasoan. Buruz sendo egotea gako izango da, kanporaketa 80 minutura baita. Une zailak ondo kudeatzen dituen taldeak asko izango du irabazita. Bilbo Basketek ondo gogoan izan behar du zer gertatu zitzaion Dijonen aurkako joaneko partidaren azken txanpan. Asmatu ez arren, bete-betean jarraitu behar du sartuta partidan, eutsi egin behar dio. Kontrara, eta Dijonen itzulerako partida kontuan hartuta, argi izan behar du bost minutuan 20 punturen aldea lortu daitekeela.
Bilbo Basketeko zein jokalari iruditzen zaizu trebeena hori lortzeko?
Xavi Rabasedak eskarmentu handia du, eta ohituta dago finalak jokatzera. Ez du askorik jokatzen, baina ziur nago gai izango dela taldekideei final bat jokatzeak zer esan nahi duen azaltzeko. Bestalde, kudeaketa horrek ez du esan nahi patxada izatea soilik; hori baino gehiago da. Adibidez, une batzuetan, markagailuaren arabera, ausart jokatu beharko dute, eta gazteen ekarpena ere funtsezkoa izango da horretarako: Pantzarrena, Bagayokorena... Bagayokok partida bikaina jokatu zuen Dijonen kontra, hark sartu zuen taldea kanporaketan.
Zer du alde Bilbo Basketek finala irabazteko?
Miribilla eta duen izaera lehiakorra. Kontuan izan denboraldi honetan etxean jokatu dituen partida guztiak irabazi dituela Europan. Gainera, Jaumek oso ondo aztertzen ditu aurkariak, eta bikain prestatzen ditu partidak. Bestalde, Jones eta Hlinason bete-betean egonez gero, uste dut min egin dezaketela uztaipean. Gakoa izango da biak jokatzeko moduan egotea, eta batez ere nola dauden. Gainera, taldeak arnasa hartu du Ligan, eta lasai prestatu ahal izan du finala.
Grezian zaleek asko estutu ohi dute, eta sarritan hartu izan dituzte epaileek erabaki eztabaidagarriak. Horren beldur zara?
Ez naiz horren beldur, baina argi dago Europan epaileek gehiago onartzen dutela jokalarien arteko kontaktua. Horrek mesede egin diezaioke PAOKi, talde gogorragoa eta fisikoagoa baita. Baina Bilbo Basketek aurrerapauso bat eman, eta haien pare aritzen ahalegindu behar du.
Bilbo Basketen bigarren finala izango da Europan. Lehenengoa Eurokopakoa izan zen, 2013an, Lokomotiv Kubanen aurka. Orduko hartan pistan zien zu. Galdu egin zenuten, baina, zer oroitzapen duzu?
Oroitzapen gazi-gozoak ditut. Gogoan dut Bilboko eta Bizkaiko zale asko joan zirela Charleoira gu animatzera. Pabiloiko harmailetako bat Bilbo Basketen banderez beteta zegoen. Egun hunkigarria izan zen, emozio handikoa. Pena izan zen galtzea; izan ere, irabazi izan bagenu, asko genuen hurrengo denboraldian Euroligan jokatzeko. Ez ginen faborito, baina garaitzeko moduko aurkaria zen Lokomotiv. Oso ondo jokatu genuen denboraldian, baina finalean ezin izan genuen. Guk eroso ez jokatzea lortu zuten, eta hori erabakigarria izan zen. Dena den, egin genuena handia izan zen. Asko kostatu zitzaigun finalera iristea. Guk baino aurrekontu handiagoa zuten talde askoren kontra jokatu behar izan genuen. Gainera, nik beti esaten dut: galtzeko, finalak jokatu egin behar dira. Ziur nago, gainera, final hura bi partidara jokatu izan bagenu irabazi egingo genuela, Miribillan garaiezinak ginelako.
Bilbo Basketen garai loriatsuenak ziren. Titulu bat ez irabazi izanaren arantza geratu zitzaizun?
Argi dago ederra izango zela hori lortzea. Baina titulu batek adina balio duten hiru lorpen izan nituen nik Bilbo Basketekin. Batetik, ACB ligako final bat jokatu genuen, eta hori titulua irabaztearen parekoa da; bestetik, Euroliga jokatu genuen, eta Lauko Finala jokatzetik partida bakarrera geratu ginen. Ondoren, baina, garai zailak etorri ziren. Jaitsi egin ginen, eta ACB ligara igotzeko Lauko Finala irabaztea ere handia izan zen.
«Lokomitiven aurkako finala irabazteko modukoa zen, baina guk eroso ez jokatzea lortu zuten. Pena izan zen»
Urrutitik bada ere, nola ikusten duzu orain kluba?
Oso ondo. Zuzendaritza oso serio bat dauka, eta kluba ondo kudeatzen du. Urte batzuk daramatza horrela, eta hori oso garrantzitsua da. Bestalde, badu balio izugarria duen altxor bat: zaleak. Miribilla beteta dago beti, eta partida egunetan sekulako giroa sortzen da inguruetan. Athleticen moduko talde handi bat inguruan izanda, hori lortzea handia da. Kirola funtsezkoa da hiri handietan: ekonomikoki, sozialki... Hiriak egituratzen laguntzen du. Gauza horiek zaindu egin behar dira. Pentsa, final honetan jende guztiak ikusiko ditu Bilboren, Bizkairen eta Euskadiren ikurrak jokalarien elastikoan, eta garrantzitsua da oihartzun hori izatea.
25 urte bete dira kluba sortu zela. Mende laurdena biribiltzeko modurik onena litzateke titulu bat irabaztea, ezta?
Bai; aipatu bezala, oso lan ona egiten ari dira. Lortzen badute, zale sutsuenen pare poztuko naiz. Ez bakarrik jokalariengatik eta entrenatzaile multzoarengatik, baita klubean lanean ari diren beste langile guztiengatik ere. Sekulako lana egiten dute isilean.