Olaizola II.a 22. Ezkurdia 18

Buruz buruko bi final

Olaizola eta Bengoetxea sailkatuta, txartel bana egongo da jokoan Irujo-Ezkurdia eta Saralegi-Idoate lehietan

Olaizola II.a pilota astintzen, atzo, Tolosako Beotibarren; finalerdietan dago jada goizuetarra. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
unai zubeldia
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Iraupena. 56.17 minutu.

Pilotakadak. 251.

Sakez. Olaizola II.ak bost —eta hiru falta—; eta Ezkurdiak bi —eta faltarik ez—.

Markagailua. 1-0, 1-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-4, 10-4, 10-9, 11-9, 11-10, 14-10, 14-11, 16-11, 16-18 eta 22-18.

Bestelakoak. 1.220 ikusle Tolosako Beotibar pilotalekuan. Harmailak lepo beteta, eta giro bikaina. Dirua Olaizola II.aren alde (100 15i), baina zaleak Ezkurdia babestuz, nabarmen.

Finalerdietara bidean, bi final. Berezia izango da lau t'erdiko txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia. Atzoko emaitzekin, finalerdietan dira, dagoeneko, Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a, bina garaipen lortuta; eta aukerarik gabe geratu dira Xala eta Arretxe II.a. Ondorioa? Finalerdietarako txartel bana egongo da jokoan Martinez de Irujo-Ezkurdia eta Saralegi-Idoate partidetan. Irabazten duena, aurrera; galtzailea, etxera. Tentsio handiko partida Irujorentzat; euren kirol ibilbideko aukerarik ederrena beste hirurentzat.

Erdi herrenka eta beldurrez, baina Tolosan egin beharrekoak eginda amaitu zuen eguna Olaizola II.ak. Hori bai, arrisku latza izan zuen goizuetarrak partidaren hondarrean. Ordurako huts dezente pilatuta, Ezkurdia hazi egin zen 16-11 atzetik zela, eta zazpi tanto egin zituen herrenkadan (16-18). Gehien behar zuenean, ordea, minak, ezinak eta beldurrak ahaztuta, artista lan txiki batekin lortu zuen Olaizola anaietan gazteenak lau t'erdiko txapelketako finalerdietan sartzea. Markagailuan 16-18 ageri zenean, 24 pilotakadako tanto gogor-gogorra jokatu zuten bi pilotariek, eta bere burua lurrera botata pilota altxatu ezinik geratu zen Ezkurdia. Hortxe lasaitu zen irabazlea.

Bosgarren tantoa saketik ondoren goizuetarrak (18-18); txapapean hurrengo bi pilotakadak arbizuarrak (20-18); ezker gantxoari txokoan luze jotako pilotakada gehitu zion ondoren Asegarcekoak (21-18); eta, pilota irekitzen hasita, kontrakantxara Ezkurdiak. 22-18. Garaipena, finalerdietarako txartela, eta Xala kalera. «Pena izan da. Baina errestoan huts asko egin dut, eta pilotari hauekin ordaindu egiten da hori». Hortxe galtzailearen analisi ona. Joko dotorea egin zuen Ezkurdiak; bizia eta lotsagabea. Baina errestoan eduki zuen zuloa.

Saralegiren urrezko puntua

Ordurako giroa bero-bero zegoela, Arretxe II.ari 22-16 irabazi, eta Saralegi biziberritu egin zen atzo Beotibarren. Huts gutxi pilatuta, eskuinez bizi, defentsan borrokalari eta aurreko koadroetan artista aritu zen amezketarra. 8-2 eta 10-4 aurreratu ondoren, sufritzen jakin izan zuen gero, nekea agertu zenean (10-8, 14-14 eta 15-16), eta lau t'erdikoan aukerarik gabe utzi zuen aurkaria. Finalerdietan sartzea izango du jokoan asteburuan Idoateren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.