Bigarren urtea du Donostian, eta egoeraren larria ondoen daramanetakoa da Manolis Papamakarios (Atenas,1980). Ez alferrik, hamabost urte baitaramatza goi mailako saskibaloian. Berak nahi gabe taldeko kapitainetako bat bihurtu ote den galdetuta, barrez dio hala bada «bizarragatik edo adinagatik» izango dela. Ilunbe, astearte arratsaldea. Papamakarios eta bere kideen patxada ikusita, inor gutxik pentsatuko luke Lagun Arok irabazteko premia handia duela.
Zer moduz joan da egun hauetako atseden txikia? Zer egin duzue?
Joan den astean lan gogorra egin genuen; halako denboraldi-aurre laburra egin dugu, lan saio pare bat egunero, baina ondo etorri zaigu, eta emaitzak emango dituelakoan gaude. Asteburuan jai izan genuen, eta Kopan izan naiz, Gasteizen. Nahiago nuen kantxan egon izan banintz, joan den sasoian bezala, baina harmailetan ere gustura egon nintzen.
Agerikoa da azken partidak galduta ere beste itxura bat ematen ari zaretela. Zer eragin izan du Paunic eta Finley etortzeak hobekuntza horretan?
Handia. Paunicek lehen ez geneukan edo lortzen ez genuen bizitasuna eman dio taldeari defentsan, eta horrek taldekideak kutsatu ditu. Esan dezagun bakoitzak gure rola, gure lana zein den barneratu dugula, eta horrek mesede egin digula. Talde hobea gara, garbiago dugu zer egin eta zer ez. Finleyk saskiratzeko gaitasuna duela erakutsi du, eta horrek asko laguntzen du, erasoan asmatzen ez genuenean hondoratu bezala egiten ginelako. Taldean uste dugu garaipen bat azkar iritsiko dela, dinamika aldatuko duen garaipen desiratu hori.
Etorri direnek lagundu dutela ezin ukatu, baina lehenagotik taldeko kide zinetenek ere hobera egin duzue, ezta?
Nik kirol hau talde lan moduan ikusten dut, eta bikote horrek ekarri duen kemena geureganatu dugu. Jakina, Paunic eta Finleyren etorrera alferrikakoa izango zen besteok gure indarra jarri izan ez bagenu. Denok izan dugu zeresana jokoaren hobekuntzan.
Zu zeu ere hobeto ari zara. Lehen itzulia ez zen ona izan, hirukoetan-eta antzu samar, baina orain asmatzen hasi zara tarteka, eta ondoen aritzen zaren arloan, defentsan, kementsu jardun.
Bai, ados nago. Nire gorputza ezagutzen dut dagoeneko, eta badakit sasoi ona hartzea kosta egiten zaidala. Urteetan gora noa, eta gorputza alfertu egiten da. Hobeto aritu izan naiz normalean otsailetik aurrera, eta hori nabaritzen ari dela esango nuke. Nola hasi ez, sasoia nola bukatzen den da garrantzitsua, eta lehen erdian ez nintzen sobera arduratu. Paunic, Neto eta Salgadorekin kimika ona dudala nabarmendu nahi nuke, erantzukizuna hartzen laguntzen didate. Asmatuko dut, edo ez, baina garbi dut ez naizela ezkutatuko. Jokalari batzuk besteak baino erantzukizun handiagoa eduki behar dugu, eta ni naiz horietako bat.
Bi urte bakarrik daramatzazu hemen, baina taldeko kapitainetako bat sentitzen al zara?
Kapitaina baino gehiago, erantzukizuna hartu behar dutenetako bat, eskarmentu gehien daukanetako bat naizelako. Taldekideek errespetu handia didate, horregatik, eta eskertzekoa da haien jarrera. Halere, berriro diot, hemen denok dugu helburu komun bat, eta nire edo beste edonoren gainetik dago kluba.
Zer behar du, zer falta zaio taldeari garaipen bat lortzeko? Gertu ibili zineten Joventut, Estudiantes eta Unicajaren aurka, baina esku hutsik beti.
Burua. Gure aukeran sinestea, fedea edukitzea. Taktikoki, fisikoki ondo gabiltzala uste dut, baina horixe, konfiantza apur bat falta ote zaigun. Ziur nago buruz-eta fede gehixeago izan bagenu Madrilgo eta Malagako partidak ez genituela galduko. Arlo hori landu dugu azken 10 egunetan, lan saioak bukatuta, espresuki. Ea laster etortzen den gure fedea indartuko duen garaipena.
Valladolid, Uxue, Manresa, Fuenlabrada eta Murtzia, hurrengo bost partidak. Hiru irabazi behar dira, gutxienez.
Nire egutegia larunbat iluntzean, gaueko bederatziak aldera bukatzen da, ez haratago. Valladolidi irabazi, eta gero gerokoak. Gero zer datorren... etorriko da. Guk larunbatean bakarrik dugu burua. Bat irabazi eta gorakada hasi.
Estatistikek diote 10-11 garaipen behar direla mailari eusteko. Zenbakirik egin al duzu, egin al dituzue taldean?
Egia aitortuko dizut. Oso txarra naiz matematiketan. Orain, eta eskolan nengoenean, gehiago. Ez dakit zenbat partida irabazi beharko diren. Guk hiru behar ditugu goitik dugun taldea harrapatzeko, eta partida asko geratzen dira. Jardunaldiz jardunaldi joan nahi dugu, eta aurretik ditugun taldeak estu hartu, ea horrela kale egiten duten.
Manolis Papamakarios. Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalaria
«Buruko indarra, fedea falta zaigu egoerari buelta emateko»
Norarik gabe jokatu ondotik, orain lehiatu egiten omen da taldea. Papamakariosek dio Paunicen etorrerak bere jarduna hobetu duela; sinetsita omen daude Finleyrekin posible dela mailari eustea. Egutegia erakutsita, beretzat egutegia larunbatean bukatuko dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu