Titularren eta ordezkoen arteko muga oso lausoa da Alavesen. Hamaikakoko postuek ez dute izen-abizenik, eta era berean, aulkiek ez dute itsasgarririk. Jokalari denak dira baliotsuak, baina inor ez da nahitaezkoa. Edo ia inor: Antonio Siverak hasieratik jokatu du orain arteko partida guztietan, eta Abdel Abqar eta Carlos Vicente ere ia beti izan dira zelaian. Gainontzean, baina, ez dago guztiz finkoa denik. Zazpi bakarrik aritu dira guztira jokatutako denboraren %60 baino gehiago.
Jokalari guztiei aukerak eman zalea da Luis Garcia Plaza. Bere eskuliburuko oinarrietako bat da hori. Buruari eragin beharra izaten du hamaikakoak osatzerakoan. Eta aukeraketa are gehiago zaildu zaio orain, udako merkatuan oso jokalari onak fitxatu baitzituen Alavesek. Aurreko sasoian baino baliabide hobeak eta aberatsagoak ditu taldeak, eta buruhauste handiagoa, horrenbestez, teknikariak. Oraingoz, bi aldiz erabili du bakarrik hamaikako berbera. Ia edonork joka dezake hasieratik, eta jokalarientzat akuilu handia da hori.
SALBUESPENA, ATEPEAN
Siveraren erakustaldiak
Urtez urte hazten ari da Antonio Sivera. Aurrerako urrats nabarmena eman zuen duela hiru denboraldi, Bigarren Mailan, eta bikain aritu zen iragan sasoian ere, behin onenen artera iritsita. Orain, taldeko kapitainetako bat bihurtu da. Oso abila da buruz buruko egoeretan, eta oso azkar mugitzen da ate azpian. Ezinezkoak diruditen geldiketak egiten ditu. Zortzi gol sartu dizkiote azken hiru jardunaldietan, baina, hala ere, taldeko jokalaririk onenetako bat izan da. Haren mirarizko geldituengatik izan ez balitz, Alavesek kolpe dezentez mingarriagoak hartuko zituzkeen. Guztiz ezinbestekoa da Sivera, eta bitartean, aulkian, bere aukeraren zain dago Jesus Owono.
DEFENTSA HAUSKORRA
Kopuru aldetik larri
Defentsako lerroa ahuldu egin zaio Alavesi. Normala da neurri batean, garrantzi handiko lau atzelari irten baitira taldetik: Andoni Gorosabel, Ruben Duarte, Rafa Marin eta Javi Lopez. Gainera, lesioek kalte berezia eragin dute atzeko lerroan. Gauzak hala, Anoetan harrobiko jokalari bat aritu zen erdiko atzelari postuan: Adrian Pica. Atzelari falta sumatu dute arabarrek, eta dagoeneko lotua dute Facundo Garces –urtarrilean hasiko da jokatzen–. Udan lau defentsa iritsi ziren, Santiago Mouriño, Manu Sanchez, Hugo Novoa eta Moussa Diarra, eta egokitze fasean daude oraindik. Horien artean, Sanchez da gehien jokatu duena: zortzi lehia guztira, sei titular gisa.
Atzeko lerroan, orain arte mugiezina izan da Abdel Abqar. Ez dabil bere mailarik onenean, baina hasieratik jokatu ditu orain arteko partida guztiak. Nahuel Tenaglia, berriz, zazpi aldiz izan da hasierako hamaikakoan. Sedlar ere garrantzitsua da teknikariarentzat, baina lesioak uxatu ezinik dabil.
KALITATEA ZELAI ERDIAN
Aukera sorta zabala
Hiruki zorrotza osatu zuten iaz Antonio Blancok, Ander Gebarak eta Jon Guridik. Lehen biak euskarri lanetan aritu ziren, eta aurrerago mugitu zen Guridi. Sasoi honetan, ordea, atzerago jokatu du sarri azpeitiarrak, erdi-puntako tokia Stoichkovi utzita. Blancok, berriz, lan ilunaren ardura izaten jarraitzen du. Sei lehia jokatu ditu titular gisa, eta Gebarak, bat gutxiago. Garrantzi apur bat galdu du arabarrak, iragan sasoian taldearen lemazaina izan ondotik. Hain justu, lema hartzeko asmoz iritsi da Joan Jordan Gasteizera. Oraingoz, bi bider izan da titular, eta hiru aldiz Carlos Protesoni, taldeko erdilaririk fisikoena.
Eskuin hegala, berriz, berea du Carlos Vicentek. Erasoko jokalaririk onena izan da orain arte, alde handiz gainera. Zortzi partida jokatu ditu, eta denak hasieratik. Ezker hegalean, berriz, Tomas Conechny ari da aukera gehien izaten. Titular gisa aritu zen lehen jardunaldietan, baina Abde Rebbachek eta Carlos Martinek tokia kendu diote zenbaitetan. Hegalekoen artean, Luka Romero da orain arte gutxien jokatu duena: 155 minutu guztira.
AURRELARIAK, TXANDAKA
Villalibre, Koparen zain
Egiteko zaila jarri zioten Toni Martinezi: Samu Omorodionek utzitako hutsune handia betetzea. Bada, golak sartzeari ekin zion iritsi bezain pronto. Realaren eta Las Palmasen aurka, aulkitik atera eta gutxira sareratu zuen baloia. Lehen jardunaldietan pizgarri gisa erabili zuen Garcia Plazak, eta Martinezek distira egin zuen egiteko horretan. Hasieratik Kike Garcia ari zen jokatzen, beti bezain langile. Azken asteetan, baina, trukatu egin dituzte zereginak: hasieratik jokatzeari ekin dio Martinezek, eta ordezko gisa aritu da Kike. Bina gol daramate oraingoz. Asier Villalibre, berriz, haien itzalean dago. Bi aldiz izan da titular Ligan, eta Kopako aukerak baliatzen saiatuko da.