Buruari partida irabazi nahian

Zuazo eskubaloi taldea bolada txarrean da, eta Meriem Ezbida atezainak onartu du «psikologikoki nekatuta» dagoela taldea. Gaur Valladoliden jokatuko dute (19:15).

Meriem Ezbida Zuazoko atezaina, atzo, entrenamendua hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
inigo lasa fresneda
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Talde bat bolada txarrean denean, dena ateratzen zaio gaizki: ez du golik sartzen, asko jasotzen ditu, eta, okerrena, konfiantza galtzen du. Horrelaxe dabil, burua altxatu ezinik, azkenaldian Zubileta Evolution Zuazo. Barakaldoko (Bizkaia) eskubaloi taldea. Azken-aurreneko postuan da Espainiako Ohorezko Mailan, liga erregularra amaitzeko hiru partiden faltan. Mailari eusteko ligaxka biribila egin beharko du Joseba Rodriguez Haito-k zuzendutako taldeak.

Beti Ona taldearen aurka derbi garrantzitsua galdu zuen etxean Zuazok iragan asteburuan (21-22). Bi taldeak sailkapenaren beheko aldean daude, eta elkarren aurkako emaitzak berebiziko garrantzia dute datorrenari begira, mailari eusteko faseari begira hain zuzen. Nafarren aurka galtzeak «min handia» egin ziela onartu du Meriem Ezbida (Kordoba, Espainia, 1995) bizkaitarren atezainak. Baina aspaldi egindako zauria orain dela bi aste hasi zen gaiztotzen: «Nik esango nuke kolperik gogorrena Logro-ñoren aurka jaso genuela. Egia da azken jardunaldi honetan erdi hilda utzi gaituztela, baina, nire ustez, norgehiagoka hark min handiagoa egin zigun».

Ligako azken sei neurketak galdu dituzte erreskadan. Kordobako jokalariak argi du non dagoen azken bolada txar honen abiaburua: «Honen guztiaren hasiera otsailaren 19an, etxean, Granollersen aurka hamar golen aldeaz galdu genuen norgehiagokan dago [21-31]. Ez dugu lortu oraindik horrek sortu zuenari buelta ematea».

Lehen fasea amaitzeko hiru jardunaldi falta dira, baina sailkapenari begira garrantzi gutxikoak dira Zuazorentzat. Lehen zortziakligako tituluarengatik lehiatuko dira; azken lau sailkatuak, berriz, tartean Zuazo bera eta Beti Onak, sei neurketako ligaxka bat jokatuko dute ez jaisteko. Ligaxka horretan, baina, fase erregularrean elkarren aurka jokatutako partidak eta bildutako puntuak hartzen dira oinarritzat. Azken horretan, bi euskal taldeekin batera, Grafometal La Rioja eta, gaur-gaurkoz, Granollers egongo dira.

Galtzea ez da gustagarria, are gutxiago goi mailako kirolean. Horregatik, gelditzen zaizkien hiru norgehiagokak «denboraldiaurre modura» hartu behar dituzte bizkaitarrek, kanporaketetara ondo iristeko. Izan ere, Ezbidak onartu du psikologikoki ez daudela ondo: «Gezurra esango nuke mentalki ondo gaudela esanez gero. Jardunaldia joan, jardunaldia etorri, eta ikusten duzunean zuk galdu egiten duzula baina zure aurkari zuzenak gai direla puntuak pilatu eta dinamika aldatzeko, psikologikoki nekatuta amaitzen duzu. Orain, dugun egoera hau iraultzeko, mentalki gogorrak izan behar dugu».

Orain arte ligan jokatutako hemeretzi neurketetatik bi baino ez ditu irabazi Zuazok. Lau berdinketa ere erdietsi ditu, baina garaipenen kopurua oso eskasa da beren moduko talde batentzat. Egoera horrek «irabazteko antsietatea» sortu die jokalariei: «Garaipenik lortzen ez duzula ikustean, hurrengo partidara irabazteko behar handiagoz joaten zara, eta irabazteko presio horrek kalte egin digu. Neurketak berdinduta doazenean, azken minutuetan presio hori antsietate bihurtzen da, eta erabaki okerrak hartzera bultzatzen zaitu. Irabazteko gai izango ez bagina, ez ginateke horrela jarriko. Baina guk erakutsi dugu neurketak irabazteko ahalmena dugula».

Mailari eusteko ligaxkari begira, baikor da Kordobako atezaina. Lauko ligaxka horretan, azken biak jaitsiko dira, eta aurreneko biek bakarrik lortuko dute kategoria gorenean jarraitzea beste denboraldi batez. Puntu aldetik kontua nola dagoen ikusita, ia partida guztiak irabaztera behartuta dago Zuazo. Ezbidak posible ikusten du: «Entrenatzaileak hasieratik esan digu gure helburuak izan behar duela seitik sei neurketak irabaztea. Zaila izango da, baina guk posible ikusten dugu».

Ekonomikotik kirolera

Barakaldoko taldeak kirol arlotik kanpoko arazoak izan ditu azkenaldian. 2022. urteko azken lau hilabeteetan soldatarik jaso gabe egon ziren Zuazoko profesionalak. Egun, egoera askoz hobeagoa da, eta bere garaian horrek kirol emaitzetan eragin baldin bazien ere, atezainak uste du orain arazoa beste bat dela: «Gabonetan oso gaizki pasatu genuen, eta, bai, gure kirol errendimenduan eragina izan zuen horrek. Oraingoa, baina, ezberdina da; kirol arlora bakarrik mugatzen da; bolada txarrean gaude eta listo».

Eskubaloiko jokalaria izateaz gain, psikologia ikasten ari da, eta fisioterapeuta gisa lan egiten du Ezbidak. Hiru arlo horiek «nahiko ondo» uztartzen ditu. Lanari eskerrak, beste taldekide batzuek baino hobeto igaro zuen urte amaiera: «Entrenamendu gehigarriak egiteko eta deskantsatzeko denbora kentzen dit lanak, baina behintzat beste diru iturri bat dut. Ez dut imajinatu nahi zer izango zatekeen momentu horretan dirurik ez jasotzea». Etorkizuneko proiektuei begira, «lasaitasuna» helarazi diete gaur-gaurkoz jokalariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.