Zenbat denbora igaro den geroztik!». Kalkuluak egiten hasita, Joane Somarribak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1972) kostata egin du atzera 1991ra arte, Emakumeen Bira lehenengoz irabazi zuen urtera arte, alegia —2000n eta 2004an ere nagusitu zen gero—. «Ohartzerako, zahartu egin gara!». Koska bat gehiago egin behar izan du atzera Josune Gorostidik (Txarama, Leaburu, Gipuzkoa, 1967). «Ez naiz oso ondo gogoratzen...», hasi da, gora begira. «Uste dut Goiuriko gainean amaitu zela 1990eko azken etapa, eta hantxe ihes egin nuela. Segundo kontuak-eta ez dakizkit, baina han irabazi nuen itzulia».
Gipuzkoarra 17 urterekin hasi zen lehian. «Eta 24 bete arte nahikoa serio ibili nintzen bizikleta gainean». Onenean utzi zuen bi gurpilen gaineko lehia. «Urte batzuk igaro nituen gero ezertxo ere egin gabe; ezkondu egin nintzen ondoren, senarrari segika herri kiroletan hasi berehala, eta...». Trontza, lokotx biltzea, sokatira... «Ezin geldirik egon! Lourdes Intxaustirekin batera hasi nintzen trontzan, berak hala eskatuta, eta erabat lotuta nauka orain sokatirak». Ibarran aritzen da egurrean. «Oso-oso gustura».
Somarribak, berriz, «ondo» bizi dela azaldu du. «Hiru seme-alabekin, etxe aldetik, gora eta behera, geratu gabe. Denetik probatu nahi dute, eta badakizu...». Txirrindularitza ere bai? «Oraingoz, eskolara joateko bakarrik erabiltzen dute bizikleta». Somarriba bera eta Ramontxu Gonzalez Arrieta txirrindulari ohia etxean izanda, denbora kontua izango da, ziurrenik.
1988an sortu zen Emakumeen Bira, eta 27 ekitaldietan bi euskal herritar soilik izan dira gai etxeko proba irabazteko. Baina zer zen Bira lehen urte haietan? «Tourraren parekoa zen niretzat», hasi du azalpena bizkaitarrak. «Lehen ez zegoen kadete mailarik, eta eskolatik junior mailara igarotzen ginen zuzenean. Junior gisa parte hartu nuen lehenengo aldiz Biran, eta ikaragarria izan zen niretzat». 1991n, entrenatzaile errusiar bat jarri zieten biei. «Eta oso gogorra izan zen egunerokoa». Olinpiar Jokoetatik kanpo geratuta, «hainbesteko presiorik gabe», Canales Deustuko taldera itzuli. «Eta ezusteko handia izan zen 1991n Bira irabaztea. Ikaragarria izan zen, Stuttgarteko Munduko Txapelketan ere sartu bainintzen garaipenari esker. Ate asko ireki zizkidan».
«Biraren handitasuna» azpimarratu du Gorostidik ere. «Eta pentsa zer izan zen 1990ekoa. Batere espero ez nuenean irabazi nuen». Lauzpabost eguneko lasterketa da Bira, baina urte osoan gogotik lanean aritzen diren horiekin gogoratu da gipuzkoarra. «Izugarrizko lana egiten dute antolatzaileek, eta zoragarria da hasierako urteekin alderatuta orain zer-nolako maila daukan ikustea. Meritu handia daukate».
Somarribak gogoan dauka «aitzin-etapa bat» izaten zela orduan —aurten berreskuratu egin dute—. «Oso-oso laburra izaten zen, eta erabat urduri ekiten genion etxeko itzuliari. Oso lasterketa polita izaten zen guretzat. Oso garai polita izan zen». Berehala iritsi dira lehengoaren eta oraingoaren arteko alderaketak. «Espainiako txirrindulariak soilik etortzen ziren orduan gurekin lehiatzera, baina oso gogorra izaten zen». Hori bai, gaur egungoa «luxu handia» dela uste du 1991, 2000 eta 2004ko garaileak. 2000koari helduta, ordurako Italia aldean zebilen Somarriba. «Eta beti aritzen nintzen etorri behar genuela esanez. Harrituta geratu ziren itzuliaren mailarekin eta parajeekin. Ederra izan zen, sailkapen nagusiaz gain hainbat etapa ere irabazi genituelako».
Aitak jarri zion lehenengo amua Gorostidiri. «Gogoan daukat lasterketa guztiak ikustera joaten nintzela; zaletasun handia zeukan». Eta Patxi Alkorta zenak bigarrena. «Lehenengo aldiz talde bat sortu behar zutela, eta animatzeko, eta horrela hasi nintzen, askorik pentsatu gabe». Berehalakoa izan zen erreakzioa. «'Non sartu naiz!' pentsatu nuen. Madrilen izugarrizko aurkezpena lehenengo, egunkarietan oihartzuna gero...». Ikasten «eta egunero pare bat ordu lanean», eta giro hartan zebilen Gorostidi garai hartan. «Eta ia oharkabean sartu nintzen tropelean». Txaloak besterik ez zuen jaso etxean. «Babes handia jaso nuen; orain, agian, gehiago kostatzen zaie sokatira kontuak barneratzea. Adina, kirol mota, umeen zaintza...».
Elkarrentzat, lore festa
Bira bakarrik ez, emakumezkoek kirolarekin duten lotura ere dezente aldatu da 1990etik gaur egunera. «'Emakumeak sukaldera!'. Horrelakoak entzun behar izaten genituen lehen urte haietan entrenatzera irteten ginenean». Dina Bilbao zena, Txitxi Orbegozo... «Horiekin ibiltzen nintzen, eta, tira, umore onean erantzuten genien esan horiei». Orain, «zorionez», korrika, bizikletan eta gainerakoetan «emakumezko asko» ibiltzen direla gogoratu du Gorostidik.
«Oso ona zen Josune, sendoa eta garapen handiak mugitzen zituena. Oso neska jatorra». Hortxe Somarribaren loreak. «Lesio larria izan zuen, eta miresgarria da gerora lortu zuen guztia», Gorostidiren erantzuna. Oinarri sendoa jarrita, aste guztian «izar festarekin» gozatzeko asmoa daukate biek ala biek.
Buruari atzeraka tiraka
1988an sortu zen Emakumeen Bira, eta ordutik etxeko bi txirrindulari soilik izan dira gai lasterketa irabazteko: Josune Gorostidi 1990ean, eta Joane Somarriba 1991n, 2000n eta 2004an. Lehen urteetako ibiliak eta Biraren eraldaketa handia gogoratu dituzte biek BERRIArekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu