Iker Salaberria (Goizueta, Nafarroa, 1999) beti izan da pilotaria. Ez du oroitzapen bakar bat ere eskuetan pilota bat eduki gabe. «3 urterekin Aimarrekin [Olaizola II.a] jokatzen nuen. Nire idoloa zen», gogoratu du.
Aitak sartu zion barruraino harra: pilotari, herriko pilota eskolako begirale eta epaile izan zen. «Bizitza guztia daramat frontoietan sartuta. 6 urte inguru nituenean hasi nintzen aitarekin pilotalekura joaten. Partida jokoan zen bitartean ni atzeko aldeko frontoian aritzen nintzen. Partida jokatu behar zuten pilotariek nire ondoan egiten zituzten beroketa lanak. Gero, haietako batzuen aurka jokatu dut: Oinatzen [Bengoetxea] eta Urrutikoetxearen aurka. Inoiz ez nuen halakorik imajinatuko».
Segituan nabarmendu zen.6 urterekin, jada, Bortzirietako txapelketa bat irabazi zuen. Aurreneko garaikurra izan zen. Beste pila bat irabazi zuen gero, ia ehun. «Etxean ez ziren kabitzen, eta amak garajera eraman behar izan zituen». Berehala deitu zion Baikok. «Haiekin entrenatu nintzen, baina ez ninduten fitxatu. Zorionez, gero, Aspekoek deitu ninduten; haiek bai eman zidaten aukera». 2019ko azaroaren 1ean debutatu zuen profesionaletan, Tolosako Beotibar frontoian (Gipuzkoa).
Goizuetarra ohituta zegoen afizionatuetan aurkariak hankapean ibiltzera. Baina profesionalekin jokatzen hasi, eta errealitatearen aurka jo zuen. «Afizionatuetan ia dena irabazi eta gero, uste duzu profesionaletan berdin jarraituko duzula. Baina berehala konturatzen zara sekulako maila dagoela, eta zaila dela txapelak irabaztea. Horrek etsipena dakar, eta zeure buruarekin gustura ez egotea».
Konfiantzaren zakua hustuz joan zitzaion. Erabat hustu zitzaion 2021ean. Promozio Mailako lau eta erdikoa jokatu zuen, eta ligaxkako hiru partidak galdu zituen. «Okerrena izan zen ez nuela ezta partida bakar batean ere nire maila eman. Argi ikusi nuen zerbait egin behar nuela. Ez nuen egunerokoaz gozatzen. Ferminek [Eskudero, haren botileroa] ere triste ikusten ninduen, eta psikologo batengana joateko esan zidan».
Eguneroko lanaren balioa
Ez zuen zalantza egin. «Egun, inork ez du pentsatzen psikologora joatea eroen kontua denik. Gizarteak gaindituta du lehengo pentsaera hori. Niri mesede handia egin zidan: lasaitzen lagundu zidan, eta gauzei daukaten garrantzia ematen eta eguneroko lana baloratzen ikasi nuen. Lan horrek eta Ferminen babesak sekulako mesedea egin zidaten».
Lana fruitua ematen hasi zen. 2022an, lehen finala jokatu zuen profesionaletan: Promozio Mailako buruz burukoarena. Galdu egin zuen Jon Alberdiren aurka: 22-11. «Ez nuen nirea eman», gogoratu du, amorruz. Urte erdi eskasera atera zuen arantza: Promozio Mailako lau eta erdiko txapela irabazi zuen, finalean Julen Egigureni nagusituta. «Mugarri» izan zen txapel hura. «Konfiantza handia eman zidan neure buruarengan sinisteko. Lehen, une erabakigarrietan, hori falta zitzaidan. Orain, aldiz, adi eta borrokalari aritzen naiz hasi eta buka». Halaxe aritu zen azken buruz burukoan, eta hirugarrenez jarraian iritsi zen banakako final batera. Joanes Bakaikoaren aurka galdu zuen, baina txapelketak Salaberriaren goranzko joera indartu zuen.
Bigarren Mailako lau eta erdikoa irabazita, Aspek txapelketa nagusian sartu du aurten. Ideiak argi zituela joan zen aurkezpenera. «Lehen Mailan aritzeagatik ez naiz zerura igoko; hemen, berehala jaitsarazten zaituzte». Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu zuen final-zortzirenetan, Tolosan, eta 22-13 irabazi zion. «Urduri hasi nintzen, eta ez nuen asmatu sakearekin eta errestoarekin. Baina partidak aurrera egin ahala, hobeto aritu nintzen, eta, horri esker, irabazi egin nuen». Urrutikoetxeak min hartu zuen 10-9 galtzen ari zela, baina Salaberriak ez du uste horrek lehia baldintzatu zuenik. «Ondo zegoenean 10-4 nindoan aurretik. Jokatzen jarraitu bazuen, irabaz zezakeela uste zuelako izango zen. Minak haren jarduna baldintzatu zuela? Agian, bai, baina baita nirea ere: hura aldagelara joan ostean, hoztu egin nintzen».
«Pozarren» dago bere burua ligaxkan ikusita. «Txapelketa hau jokatze hutsa jada berezia bada, zer esanik ez ligaxkan aritzea; erronka handia da. Gozatu egin nahi dut, baina gozatzeko, lehiatu egin beharra dut. Eta nik lehiatu egin nahi dut; ez naiz joango arratsalde-pasa frontoira. Ahal dudan lanik onena egin nahi dut».
Nekez izan zezakeen gozatzeko partida hoberik hasteko: txapeldunaren aurka jokatuko du igandean, Lekunberrin (Nafarroa): Joseba Ezkurdiaren aurka. «Partida handia bezain zaila da. Etxetik gertu ariko naiz, eta badakit jendea etorriko dela ni ikustera. Saiatuko naiz barruan dudan guztia ematen. Ea horrek noraino eraman nazakeen».
Ez dute inoiz elkarren aurka jokatu, baina ez du horren beharrik jakiteko oso aurkari gogorra izango duela parean. «Josebak ez du gabeziarik, eta oso indartsua da. Baina ni ondo nago. Gustura ari naiz azkenaldian, eta uste dut pixkanaka aurrerapausoak ematen ari naizela. Hala ere, lanak eman nahi badizkiot, azken partidan baino hobeto aritu beharko dut».
Buruarekin jokatzen delako pilotan
Afizionatuetan ia dena irabazi eta gero, Iker Salaberriari kosta egin zaio profesionaletan nabarmentzea. Gaizki pasatu du, baina psikologo baten laguntzari esker egin du aurrera. Bolada ona harrapatu du: lau eta erdiko ligaxkan ariko da lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu