Maite Azkoaga

Buruak irabazi dio gorputzari

Realeko hockey taldean 19 urte egin ditu Maite Azkoagak, eta denboraldi amaieran erretiroa hartuko du. Jarraitzeko moduan egon arren, ondo pentsatutako erabakia izan da. Herenegun, omenaldia egin zioten.

Maite Azkoaga makilarekin, atzo, entrenatzen hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Belar hockeyko makilari, Union Artesana danborrada gidatzeko ikurrari edo Korrikaren lekukoari lasaitasun berberarekin heldu izan die Maite Azkoaga Realeko kapitainak (Donostia, 1981). Patxada handia du, eta burua hotz. Gutxitan jarri ohi da urduri, eta lasaitasun hori taldekideei zabaldu izan die. Herenegun, ordea, hunkitu egin zen, Bera Berako zelaian egindako omenaldian. Hemeretzi urte igaro eta gero, atzelariak erretiroa hartuko du denboraldiaren amaieran. Ligan etxean jokatu duen azken partida baliatu zuen Realak urte hauetako ibilbidea aitortzeko.

Aurreskua, taldekideek makilekin osatutako korridorea, Eskerrik asko, Azko zioten elastikoak, lore sorta, taldekideekin bazkaria... Emozio ugari bizi izan zituen. «Atzoko [herenegungo] eguna ez dut sekula ahaztuko. Zelaian ere antzeman nuen partida berezia zela; zertxobait urduri egon nintzen», zioen atzo, emozio ahotsaz. Urte hauen ostean, atseden hartzeko beharra du. Oraindik, dena den, ligako azken partida eta Egararen kontrako titulurako kanporaketa geratzen zaizkio gutxienez jokatzeko: «Asko gozatzen ari naiz azken partida hauetan, eta horrela jarraitu nahi dut». Ondoren, Bera Berako zelaiko harmailetatik ikusiko ditu hainbeste eman dion taldearen partidak. Urteetan etxeko balkoitik ikusi izan ditu harmaila horiek.

Bera Berako zelaiaren parean bizituta, Santo Tomas lizeoan ikasita eta Peio anaiak jokatuta, ez zuen beste aukerarik. Futbola utzi, eta hockeyan hasi zen, eskolan. Mailaz maila igo, eta Realak fitxatu zuen. Ia hogei urte egin ditu bertan jokatzen, eta bi titulu irabazi ditu: Espainiako Kopa (2002) eta Liga (2013). Urte hauek «ahaztezinak» izan dira. «Sekula ez nuen pentsatuko hainbeste urte egingo nituenik hockeyan, ezta Realearen ikur izan ziren jokalariekin aritzeko aukera izango nuenik ere».

Orain, buruak esan dio atseden hartzeko garaia dela. Erretiroa hartzeko erabakia «sakon» pentsatu du: «Fisikoki beste urtebete jarraitzeko moduan nengoen, baina zelaian sasoi betean egoteko sakrifizio handia egin behar da, eta urtetik urtera gero eta gehiago kostatu izan zait hori». Sakrifizio hori ez da bakarrik entrenamenduetan edo partidetan egin behar, baita eguneroko bizitzan ere. «Ikasketak, lana, partida, entrenamenduak... Beti korrika ibili behar izaten duzu, eta hogei urte erritmo horretan bizitzeak nekatu egiten du. Nahiz eta gozatu ere asko egin dudan». Gainera, argi dauka hobe dela sasoi onean egonda uztea. «Oraindik ere asko ari naiz gozatzen zelaian, eta uste dut erretiroa hartzeko garai aproposa dela. Kirola uzteko erabakia hartzen ere jakin egin behar da».

Eguneroko bizitzan oso baliagarriak zaizkion balioak erakutsi dizkio belar hockeyak: «Elkartasuna eta errespetua, antolatua eta saiatua izatea...». Horrekin batera, hockeyari esker urte hauetan guztietan ezagutu duen jendea goratu du. Jende hori da haren garaipen edo titulurik baliotsuena: «Taldetik kanpo dauden jokalari eta entrenatzaile askorekin harremana dut oraindik, eta ederra da hori». Taldekide asko izan ditu, eta denengandik ikasi du zerbait. Baina bat aukeratzekotan, Anabel Flores. Floresek duela hiru urte hartu zuen erretiroa. «Adin berbera daukagu, elkarrekin hasi ginen Realean jokatzen, kanpoko bidaietan logela partekatzen genuen... Bizipen asko izan ditut harekin».

Entrenatzaileen artean, hiru aipatu ditu: Mari Aiestaran, Inge Mitxelena eta Carlos Castaño. «Marik Realean jokatzeko aukera eman zidan. Ingerekin taldean egonkortzea lortu nuen, eta Carlosekin hockeyan izaten ari den profesionalizaziora egokituz joan ginen».

Kirol alorrean, berriz, 2013ko liga titulua izan da Azkoagaren lorpen nagusia: «Urte asko zeraman taldeak Liga irabazi gabe, ia beti bigarren geratzen. Arantza hori kentzea lortu genuen. Etxean izan zen, eta ospakizuna are bereziagoa izan zen».

Baikor azken partidetarako

Hemendik aurrera harmailetatik ikusiko du hockeya: «Zaila da hainbeste eman didan kiroletik erabat aldentzea, eta animatzen jarraituko dut». Entrenatzaile izateak ez du erakartzen. «Asko prestatu behar duzu, eta denbora asko eskaini. Ikasten nenbilenean, gaztetxoak entrenatu nituen, baina zaila da beste lan bat izanda». Enpresa batean egiten du lan Azkoagak, diru kontuak kudeatzen.

Oraindik, dena den, ligako azken partidez eta kanporaketez gozatu nahi du. Egara izango dute aurkari titulurako kanporaketan; oraindik, dena den, ez dakite etxean edo kanpoan jokatuko duten. Etxean jokatzeko, igandean Terrassari irabazi behar diote ligako azken partidan, eta Egarak Complutenseren zelaian galdu. Kanporaketa gaindituta, liga irabazteko lauko finalean ariko dira. Hori ez lortuta ere, denboraldia «oso ona»izaten ari dela nabarmendu du. «Taldeak aldaketa asko izan ditu. Baina kopan oso ondo aritu ginen. Kale edo baleko partidak jokatzea asko gustatzen zaigu, presio hori izatea. Uste dut geratzen diren partidetan ondo ariko garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.