Areto futbolaren langile gisa definitu du bere burua Javi Eseberrik, Osasuna Magnako kapitainak. «Kirol horrek dena eman dit. Nekez itzuli ahal izan diot eman didanaren erdia». Ia bi hilabete igaro dira sasoi amaieran erretiroa hartuko duela iragarri zuenetik. «Denbora neraman erabakian pentsatzen. Uste dut garai aproposa dela. Kluba ondo dago, eta lasai noa».
Nola joan dira aste hauek?
Desberdinak eta hunkigarriak izan dira. Taldekideak, aurkariak, zaleak, hedabideak... Ohi baino ikusmin handiagoa sumatzen dut nire inguruan. Omenaldiren bat ere jaso dut. Dena den, uste dut gehiago hunkituko naizela sasoi amaieran, orduan konturatuko naizelako benetan utzi egingo dudala.
Zure betiko entrenatzaileak, Imanol Arregik, esan zuen klubaren historiako jokalari garrantzitsuena zihoala. Zer sentitu zenuen hori entzutean?
Egia da niri egokitu zaidala klubaren historiako garairik garrantzitsuenak bizitzea. Amateur ginela iritsi nintzen, eta orain talde profesional bat gara; oso errespetatua, gainera. Kapitaina izanda, lehen lerroan egotea egokitu zait. Baina hemendik jende oso garrantzitsu asko pasatu da; ziur ni baino gehiago.
Zein izan da hainbeste urte goi mailan aritzeko sekretua?
Fisikoki ez dudala lesio larririk izan. Gainera, asko zaindu dut neure burua, eta asko gustatu zait ondo entrenatzea.
Lesio larririk ez, baina barrabiletako minbizi bat gainditu zenuen. Zer erakutsi zizun horrek?
Garai gogorra izan zen. 2005eko udan izan zen. Liga amaitu berria zen. Albistea jasotzea oso gogorra izan zen. Baina familiak, lagunek, klubak asko babestu ninduten, eta indartuta atera nintzen, bai pertsona gisa eta bai kirolari gisa. Benetan garrantzia duten gauzei balioa ematen ikasten duzu. Entrenamendu eta partida bakoitza muturreraino gozatzen ikasi nuen ere.
Zein aholku emango zenieke egoera hori bizitzen ari diren pertsonei?
Garrantzitsua da baikorra izatea, eta aurrera egiteko ilusioa izatea. Ni horretan saiatu nintzen. Bai zure buruarentzat, baita ingurukoentzat oso lagungarria da hori.
Halako erabakiak denboraldi amaieran iragarri ohi dituzte kirolariek. Zuk, ordea, ez duzu itxaron nahi izan. Zergatik?
Garbi neukan, eta Eurokopa jokatzen zela-eta ligak etena zuela baliatu nuen esateko. Denboraldia bukatzean iragarriz gero, dena azkarregi joango zen, eta nik hilabete hauetaz gozatu nahi nuen, lasai.
Berdin jokatzen eta entrenatzen da erabakia jakinarazi ostean?
Ilusioa bera da, baina modu berezian bizi dituzu partida eta lan saio bakoitza. Uztearen pena eta amaiera honetaz gozatzeko ilusioa uztartzen dira. Baina lasai nago, erabakia argi nuelako. Modu naturalean bizitzen ari naiz hau guztia, erretiroa kirolari baten ibilbidearen parte delako ere, eta hori ere ondo bizi nahi dut.
Hain garaiz esateak badu arrisku bat: ingurukoek jarraitzeko eskatzea. Saiatu al dira?
Bai, jende ugarik esan dit ez uzteko. Askok ezustean hartu dute erabakia, fisikoki oso ondo nagoelako, eta gutxienez beste denboraldi bat jarraitzeko maila dudalako. Baina denbora neraman erabaki honetan pentsatzen, eta uste dut garai egokiena dela hartzeko. Kluba oso ondo dago, eta lasai eta gustura noa alde horretatik.
Buruak edo gorputzak, nork agindu dizu uzteko ordua zela?
Buruak nahikoa dela esan dit, eta bizitzako beste garai bat hasteko ordua dela. Sentitu dudan zerbait da. 23 urte daramatzat gauza bera egiten. Asko gozatu dut, eta zortea izan dut gustuko dudanetik bizitzeko. Baina neure buruari erronka eta motibazio berriak jarri nahi dizkiot, eta emazteaz eta alabaz gozatu.
Erabakia hartzeko prozesua erraza izan al da?
Urteak aurrera joan ahala, geroz eta gertuago ikusten duzu. Sasoi-aurre hau gogorra egin zitzaidan, eta partida eta lan saioetatik berreskuratzea ere gero eta gehiago kostatzen zait.
Nori esan zenion aurrena?
Emazteari. Bera ere konturatzen zen geroz eta gehiago kostatzen zitzaidala. Neurri batean poztu egin zen, haiekin egoteko denbora gehiago izango dudalako.
Nola hartu dute erabakia taldekideek? Nork hartuko ditu orain zuk dituzun ardurak aldagelan?
Ondo. Tarteka esaten nien uztea pentsatzen ari nintzela, eta bazekiten aukera hori zegoela. Multzo oso ona dago, eta datorren denboraldian gehienek segituko dute. Beraz, alde horretatik ez da arazorik egongo. Ni egon edo ez, taldearen eta klubaren inguruan sortu dugun guztiak berdin segituko du; edo, ziurrenik, hobeto. Roberto [Martil] da bigarren kapitaina, eta hark hartuko ditu nire ardurak.
Zein gomendio emango diozu?
Ni beti izan naiz areto futbolaren langile bat. Umiltasuna eta zintzotasuna izan dira nire oinarriak. Robertok, eta oro har, taldekideek ondo ezagutzen naute. Beti esan izan diet besteengan eragin handiena duena norberak ematen duen eredua dela. Ezin diozu beste taldekide bati eskatu zuk egiten ez duzuna. Are gehiago kapitaina izanda.
Lagunekin jokatzen hasi zinenean, nekez pentsatuko zenuen profesional izatea, ezta?
Ez. Garai hartan ohikoak ziren 24 orduko areto futbol txapelketak, eta kuadrillarekin Nafarroan jokatzen zirenetan parte hartzen genuen. Xota Bigarren Mailan zegoen. Ez zen profesionala. Ni hona iritsi nintzenean, jokalariok ikasi eta lan egiten genuen. Gogoan dut batzuetan gaueko hamaiketan entrenatzen ginela, taldekideetako asko arratsaldeko txanda izaten zutelako. Areto futbolarekiko zaletasuna bazegoen Nafarroan, baina erreferentzia bat falta zitzaion. Orduan pentsaezina zen Xota iritsi den lekura iristea.
Nola lortu da hori?
Meritua klubean lan egin duen jendearena da, batez ere Arregi anaiena: Tatonorena, Imanolena eta Juanperena. Lan nekaezina egin dute, oso serio eta musu truk. Zuhurtziaz jokatu dute beti, eta haien kudeaketa eredugarria izan da. Ez dute sekula ahal baino euro bakar bat gehiago gastatu.
Jokalarien konpromisoa ere funtsezkoa izango zen, ezta?
Nik uste dut jokalariok ondo ulertu genuela hasieratik klubaren filosofia. Diruaren gainetik taldeak eta klubak dituen balioak daude: umiltasuna, lana. Filosofia horrekin gai izan gara talde indartsuagoekin lehiatzeko. Egon dira gure aurrekontua hirukoiztu duten taldeak. Baina guk neurriko proiektua izan dugu beti.
Ez da sekula proiektu handizale bat egiteko tentazioa egon?
2010ean ligako finalera iritsi ginen. Orduan aukera egon zitekeen. Errazena zen puntako hiru edo lau jokalari fitxatzea, zorpetzea eta gero gerokoak. Baina klubak serio eta zentzuz jokatu zuen. Ez zegoen horretarako dirurik. Pentsa, sasoi hartan bigarren jardunaldira arte ez genuen babesle nagusia lortu.
Espainiako selekzioarekin bi aldiz izan zinen Europako txapeldun, eta behin Munduko txapeldunorde. Xotarekin, ordea, ez duzu titulurik irabazi. Arantza hori geratzen zaizu?
Tituluek beti dute oihartzuna, baina niretzat garrantzitsuena izan zen nola irabazi genituen. Dena den, niretzat titulurik garrantzitsuena taldekide, aurkari, eta zaleen aldetik jaso dudan maitasuna eta errespetua izan dira. Horrek betetzen nau ni. Izan ere, urte askotako lana izan da.
Beti esan izan duzu Ohorezko Mailara igotzea izan zela lorpenik handiena. Zein oroitzapen duzu hartaz?
Oso ona. 19 urte besterik ez nuen. Igo ez bagina, ziurrenik, hau ez zen posible izango. Lauzpabost urte generamatzan igotzeko ahaleginean, eta lortzea izugarria izan zen. Aurreko urteetakoa baino talde eskasagoa genuen. Ospakizuna handia izan zen.
Ohorezko Mailan egonkortzea erraza izan al zen?
Ez. Ligan talde gehiago zeuden, eta lehia gogorra zen. Gainera, profesional izatera egokitu behar zuen klubak, eta ez zen erraza, batez ere kudeaketa aldetik.
Tituluak irabazteko zer falta izan zaizue?
Argi dago: dirua. Proiektu on eta serio izan dezakezu, baina aurrean zure aurrekontuaren halako hiru duen talde bat baduzu, oso zaila da. Azken batean jokalari onenak talde horietara joaten dira, talde zabalagoak dituzte, eta hori erabakigarria da.
Nola ikusten duzu sasoi honetan taldea?
Ondo ari da lehiatzen, eta ilusio handiz helduko diegu kanporaketei. Liga erregularrean laugarren postuari eustea da gure helburua, lehen kanporaketan gutxienez, kantxa faktorea alde izateko. Behin kanporaketetan egonda, ahalik eta urrutien ailegatu nahi dugu, nahiz eta badakigun hiru handiak, Inter Movistar, El Pozo Murcia eta Bartzelona, koska bat gorago daudela.
Urte hauetan eskaintzak izan al dituzu taldea uzteko?
2006an izan zen horretarako aukera, Espainiako selekzioarekin tituluak irabazi nituenean. 27 urte nituen. Ez da gauza bera eskaintza bat 21 edo 27 urterekin jasotzea. El Pozo Murciarekin fitxatzeko aukera izan nuen. Baina garbi izan nuen hemen eman zidatela aukera. Gainera, ni beti izan naiz oso etxekoa. Gogorra egiten zitzaidan hemendik joatea. Beraz, ez onartzea erabaki nuen. Atzera begiratu, eta esan dezaket erabakia egokia izan zela.
Asko aldatu da areto futbola zu hasi zinenetik?
Asko profesionalizatu da, eta nabarmen egin du hobera. Liga eta klubak lan oso ona egiten ari dira. Pixkanaka beste kirol batzuetara parekatzen ari gara.
Egungo areto futbolean Xota bezalako proiektu bat sortzea posible izango litzateke ?
Bai, batez ere egun Bigarren Mailan dauden taldeetako batzuk profesionalak direlako eta eskarmentuarekin datozelako.
Haurrek areto futbola jokatzeko akademia bat duzu. Hemendik aurrera horri helduko diozu buru-belarri? Zein asmo dituzu?
Rafa Usin eta taldekideak eta nik sortu genuen akademia. 50 ume ditugu, eta oso pozik gaude. Proiektu oso polita da, ezinbestekoa baita harrobia lantzea. Bestalde, klubari lotuta segituko nahiko nuke. Horretarako hizketan ari naiz zuzendaritzarekin. Nire eskarmentua klubari eskaini nahi diot.
Non duzu nahiago, bulegoetan edo aulkian?
Oraingoz aulkian ez, atseden hartu nahi baititut entrenamendu, partida eta bidaietatik. Baina etorkizunean nork daki. Zuzendaritzan egotea da asmoa, eta bertan gauzak nola funtzionatzen duten ikasiz joatea.
Javi Eseberri. Osasuna Magnako jokalaria
«Buruak agindu dit hau dela uzteko garaia»
23 urteren ostean, denboraldi amaieran hartuko du erretiroa Eseberrik. Zuzen-zuzenean bizi izan du taldearen bilakaera eta arrakasta. Haren ustez, besteak beste, zuzendaritzaren kudeaketa «eredugarriari» eta jokalarien konpromisoari zor zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu