Burua txapelarekin estali nahian

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko da gaur, Asteasun; harri txikiena bihar egingo dute, Gernikan. Lehenbizikoan, hiru lagun lehiatuko dira; bigarrenerako, lauk izena eman dute.

Xabat Olaizola harri txikien txapelketan arituko da bihar. Irudian, Olaizola harria jasotzen. ARITZ MUTIOZABAL / KARKARAÇ.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Urtea akaberara ailegatzen ari dela, herri kiroletako txapelketa ofizialetan ari dira txapeldunak izendatzen. Harri lanetako garaileak nortzuk diren erabakiko dute asteburu honetan. Asteasun (Gipuzkoa) jokatuko da gizonezkoen harri handietako lehia, gaur (18:00). Gernikan (Bizkaia) egingo dute harri txikiena, bihar eguerdian.

Orotara zazpi kirolari arituko dira lehian: hiru harri handiekin, eta lau txikiekin. Hasieran, launa lagun aritzekoak ziren bi jaialdietan, baina, Aimar Galarragaren hutsunea dela medio, hiru izango dira Asteasun. Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Iñigo Eizagirre saiatuko dira harririk mardulenen lehia irabazten.

Haietatik Eizmendi da aurrez txapeldun izandako bakarra. Zarauztarrak hirutan lortu du irabaztea —2014, 2015 eta 2018. urteetan—, eta, hargatik, berriz nagusitzeko hautagaitzat jo du Eizagirre herrikideak: «Faboritotzat jotzen dut. Orain hilabete dela jokatu genuen Gipuzkoako Txapelketa, eta han ikusi zen beste maila batean dagoela». Eizagirrek eta Goenatxo III.ak lehia estua izan zuten orduan, jasoaldi baten aldearekin, eta oraingoan ere «Jonekin borrokan» arituko dela uste du Eizagirrek.

Prestaketa egokia eginda plazaratuko da zarauztarra. Azaldu duenez, «uda igarota, harri handietako txapelketetarako entrenatzen» hasi zen, eta Egur Sporten binakakoarekin uztartu du hori. «Ondo» helduko dela dio.

Lan mardulak egin beharko dituzte hiru harri jasotzaileek: 200 kiloko errektangularrarekin, 175eko zilindroarekin, 150eko kubikoarekin eta 125eko bolarekin ahalik eta altxaldi gehien egin beharko dituzte. Hiruna minutuz arituko dira lanabes bakoitzarekin, eta Eizagirrek laukizuzena jo du gakotzat: «Lan denak ondo egin beharko dira horrekin. Huts txiki batekin harriak segituan egiten du goitik behera».

Eizagirrek hirugarren aldiz parte hartuko du harri handien lehian, eta bere marka hobetzea du xede, Zarautz kirol elkarteko herri kirol eskolako kideak esan duenez.

Lauak, eskola berekoak

Hain justu, hura izango da eskola horretako kide bakarra Asteasuko jaialdian. Harri txikien txapelketan, ordea, parte hartzaile guztiak izango dira Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak prestatutakoak. Hodei semea izango da haietako bat, eta Izeta IV.arekin batera arituko dira Iraitz Arruti Burni, Xabat Olaizola eta Mikel Lopetegi Urra.

Datu horren inguruan galdetuta, Olaizolak uste du «polita» dela eskola bereko lau lagun batzea, nahiz eta beste kirolari batzuen hutsuneagatik suertatu den hala: «Alde batetik, ederra da lagun artean elkarrekin aritzea, baina egia da besteetan parte hartu izan duten [Beñat] Telleria, Inhar [Urruzuno], Aimar Irigoien eta gainontzekoen falta ere nabarituko dela».

Alde horretatik, Olaizolak uste du zenbat eta harri jasotzaile gehiago aritu, orduan eta «aberasgarriagoa» dela kirolarentzat. «Politagoa egiten du ikuskizuna, eta lehia handiagoa sortu», nabarmendu du.

Hala, lau horiek arituko dira txapelketan, eta, elkar ezagutzen dutela kontuan hartuta, honako pronostikoa egin du Olaizolak: «Uste dut argi dagoela emaitza zein izango den. Urra da egungo txapelduna, eta ez dut uste inork aukera izango duenik hortik kentzeko». Izeta IV.a jo du bigarren posturako hautagaitzat.

Olaizolak badu bere helburua. Mailarik onentsuena erakustea du xede, besteetan ez bezala oraingoan harri lanetarako soilik prestatu baita—aurrez eskubaloiarekin uztartzen zuen. «Gogotsu eta ilusioz nago», esan du zarauztarrak.«Presiorik gabe» arituko bada ere, lan ona egin nahi du: «Nire iazko zenbakiak hobetzea espero dut».

Harri handietako molde berbera izango dute Gernikako lanabesek; pisua izango dute txikiagoa. 125 kilo izango dituzte harri laukizuzenak eta zilindrikoak; 112,5 (bederatzi arroa) kubikoak, eta 100 kilo bolak.

Lehiak han-hemenka

Harri lanetakoak ez dira izango txapelketa erabakigarri bakarrak. Bihar Gernikan egingo den jaialdi horretan jokatuko da emakumezkoen Euskal Herriko Trontza Txapelketa ere. Gaur osatuko dira gizonezkoen giza proba, ingude eta txinga txapelketak, Urdulizen (11:30), eta Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako azken jardunaldia jokatuko da Abadiñon (17:00). Bizkaiko emakumezkoen aizkolari txapelketa bihar egingo dute (12:00), Algortan (Getxo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.