Burua tente Deustu

Estropadaren erdialdetik aurrera gora egin, eta Camargoko bandera irabazi du. Hiru puntu urrundu du Getaria, eta bi jan dizkio Zarautzi

Deustuko arraunlariak bandera bat ospatzen, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Deustuk burua altxatu zuen atzo Camargon (Espainia). Bilboko auzoko ontzia sasoi ona egiten ari da, baina, azken bi estropadetan hirugarren eta laugarren izan denez, Getaria nola gerturatzen zen ikusi du. Atzo, ostera, Tomatera historikoak eman zuen kolpea, eta bandera astindu zuen. Sari bikoitza jaso zuen, gainera: Donostiarra konplize hartu —bigarren izan zen—, eta hiru puntu urrundu zuen Getaria. Zarautzi ere bi kendu zizkion, KAE 1eko lehen postua ziurtatzeko oraindik lan asko egin beharko duela gogoratuz.

Ederra dago KAE1 liga. Hamar estropada falta dira bukatzeko, eta asteburuz asteburu igarle oso fina izan beharra dago nork irabaziko duen asmatzeko. Azken zortzi estropadetatik Zarautzek eta Deustuk hiruna irabazi dituzte, eta Getariak bi. Donostiarra ere hor dabil, lehen banderaren peskizan. Atzo ere gertu izan zuen, azken luzearen hasieran segundo bakarra kentzen baitzion Deustuk, baina bilbotarren esprinta hobea izan zen.

Deustuk sei segundoren aldearekin irabazi zuen, eta Donostiarraren eta Zarautzen arteko lehia ikusi ahal izan zuen. Azkenean, bi segundo eta erdiren aldearekin sartu ziren aurretik hiriburukoak. Getaria laugarren izan zen. Hirugarren txandan, baldintzek okerrera egin zuten, eta estropada osoko markarik txarrena egin zuen lehen ziabogan. Esaterako, Camargo bosgarren sailkatua baino hamar segundo motelagoa izan zen, baina amaierarako tarte hori jatea lortu zuen. Esperantza-ko arraunlariek aho zaporea goxatzeko aukera ona dute gaur, etxean ariko baitira (12:00), Getariako X. estropadan.

Zumaia berriz ere lider

ETE ligan ere estropada jokatu zen atzo, Pasaian (Gipuzkoa), eta Zumaia lidergora itzuli zen. Iragan astean estropezu egin zuen Colindresen, eta seigarren izan zen, baina atzo bandera astinduz altxatu zen lurretik. Lehen ziabogan, Hibaika baino segundo bat motelagoa izan zen, baina behetik gora egin, eta 10 segundoren aldea atera zion Errenteriako ontziari. Hori gutxi ez, eta zumaiarrek sari handiagoa lortu zuten, bien artean San Juan sartu baitzen. San Juan seigarren da sailkapen nagusian, baina etxean hazi egin zen, eta bigarren bukatu zuen estropada.

Eremu berean jokatu zen KAE2ko estropada, eta Orio B-k lehen postuan duen aldea handitu zuen. Oriotarrak ez ziren ondo hasi, laugarren baitziren bigarren ziabogan, baina azken bi luzeetan bikain jardun eta hiru segundoren aldea atera zieten Getxori. Castro sailkapen nagusiko bigarrena, berriz, hirugarren izan zen, eta, ondorioz, mirotzengandik bost puntura daude orain. Pasaiako eremua bitxia da, eta kaleek eragin handia izan zuten emaitzetan. Biak erlojupekoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.