Entrenatu, atseden hartu, elikadura zaindu, bidaia luzeak egin... Kito. Nahikoa dela erabaki du Egoitz Murgoitiok (Abadiño, Bizkaia, 1983). Bide luzerik ezin da egin ilusioa galduta, eta horixe gertatu zaio bizkaitarrari. Bizimodua aldatu nahi du: atseden hartu, «pertsona normala» izaten hasi. Zaleei barru-barrutik eskertu die urteotan emandako babesa.
«Lasai egon: pozik nago». Zure hitzak dira. Ondo pentsatutako erabakia izan da.
Bai, bai. Ez da erraza horrelako erabaki bat hartzea, baina denboraldi honetan ez dut lortu bizikleta gainean gozatzerik. Aldaketa bat behar nuen nire bizitzan.
Neke fisikoak edo buruak, zerk eduki du eragin handiagoa?
Buruak, buruak. Fisikoki ondo nago. Denboraldi hasieran, batez ere, inoizko emaitzarik onenak lortu nituen. Baina burua nekatu zait. Urte batzuk badaramatzat nazioartean lehiatzen, bidaia asko egiten, etxetik kanpo egun asko igarotzen, eta emaitza on horiek ere ez naute ase. Beste urte batzuetan, emaitza txarragoekin, hobeto sentitu izan naiz, eta zerbaiten seinale da hori. Sakrifizio handia eskatzen du ziklo-krosak. Aurten obligazio moduan hartu izan dut entrenamendu bakoitza, lasterketa bakoitza, eta ilusio eta gogo hori galduz gero...
Azken egunotan, mezu festa izango zenuen telefonoan. Zein iritsi zaizu bereziki barrura?
Mezu asko bidali dizkidate; gertukoek, batez ere. Baina sare sozialekin geratu naiz bereziki harrituta. Huelvan (Espainia) denda bat daukan mutil batek, adibidez, nahi dudanean bere etxera joateko esanez idatzi dit. Pozgarria da ezagutu ere egiten ez nauen jendeak nigan pentsatzea eta hainbesteko gertutasuna adieraztea.
Noiz hartu zenuen erabakia? Eta, 30 urte dauzkazula kontuan hartuta, atzera bueltarik ez dauka?
Atzera bueltarik ez dut uste izango duenik erabaki honek. Denboraldia hasi zenean ez neukan hain argi, baina nabaritzen nuen ez nengoela beti bezala. Egunak igaro ahala jabetu nintzen uste baino gogorragoa izaten ari zela dena; erorketa bat ere izan nuen, eta...
Zure erretiroa, Jonathan Lastraren Caja Ruralerako pausoa... Akabo Hirumeten proiektua?
Ez dakit... Denboraldia amaitu arte ez nuen ezer esan nahi, Jonathan Lastra lehian dabilelako oraindik, eta Munduko Txapelketan izango delako asteburuan. Ez nuen nahi hura kontu hauei bueltaka has zedin. Denboraldia amaitu ondoren hitz egin beharko dute babesleekin eta arduradunekin.
Bitxia da, baina aspaldi ez bezala ekin zenion denboraldiari: Suitzan podiuma, Eslovakian garaipena, Munduko Kopako lehen bi probak jokatuta 10. postuan...
Bai... Baina hain emaitza onak lortuta ere ez neukan ilusio eta motibazio berezirik, eta hor konturatu nintzen bidea amaitzera zihoala. Inoizko emaitzarik onenak izan nituen, baina Taborretik bueltan egin nuen hausnarketarik sakonena, Munduko Kopako lasterketan 12. amaitu berritan.
Pentsatzekoa da Koksijden hartu zenuela behin betiko kolpea, erorketa handi samar harekin.
Bai... Ordurako beste kontu batzuk nituen buruan bueltaka, eta gogorra izan zen erorketaren ondorioak barneratzea. Ustez ez zen hain larria, baina, bai, hori izan zen azken kolpetxoa. Euskadiko eta Espainiako txapelketak galdu nituen, entrenamendu asko ere bai, eta berehala ikusi nuen zaila izango zela aurrera egitea.
Azken bost urteotan ziklo-krosean izan duzun momenturik onena?
Emaitzei edo sasoiari begiratuz gero, denboraldi honen hasiera. Baina, ilusioa edo momentuaren edertasuna kontuan hartuta, 2011n Igorren, Munduko Kopako proban, lortu nuen 11. postua. Oso oroitzapen polita daukat. Jendeak espero ez zuen emaitza izan zen; Munduko Kopan, etxean...
Eta txarrena edo gogorrena?
Gogorra, gogorra... denboraldi honetan bidea amaitzera zihoala konturatu nintzenekoa, agian; bizikletarekin eta lehiarekin ez nintzela gozatzen ari konturatu nintzen eguna.
Profesional gisa, talde baten diziplinan, ziklo-krosetik bizi izan zara zu azken urteotan. Orain, zer?
Ez daukat ezer lotuta. Baina badakit oraingoz ez dudala nahi bizikletarekin loturarik daukan lanik. Baten batek nire laguntza behar badu, lagun gisa, ez daukat arazorik laguntzeko. Baina bizimodu normala egin nahi dut, lanbide normal batekin. Egunerokotasun normal bat behar dut.
Kito, amaitu dira, beraz, Egoitz Murgoitioren pedalkadak, edo lasterketaren batean esan nahiko zenuke agur, omenaldi giroan?
Pentsatu ere ez dut egin horretan. Jendearen berotasuna sentitzea da jaso daitekeen omenaldirik onena, eta gustura geratu naiz lehiatu naizen proba guztietan. Babes handia sentitu dut, eta asko eskertzen dut. Afariren bat-edo egingo dut, agian, lagunekin, baina lasterketarik ez.
Munduko Txapelketari begira, inor gutxik egin dezake zuk baino azterketa hoberik. Zer espero duzu?
Azken egunotako iragarpenen arabera, euri pixka bat egingo du, eta Hoogerheideko zirkuitua dezente lokazten da horrelakoetan. Gogorra izango da. Munduko Kopako azken probei begira dago jendea, eta, bai, indartsu daude Mourey eta Walsleben, esaterako. Baina Nysek ez zuen parte hartu Munduko Kopako azken proban; bere kasa prestatu du txapelketa, eta hura da nire faborito argia. Hori bai, kontuz Moureyrekin.
Koska bat behera eginda, zein aukerarekin ikusten dituzu Aitor Hernandez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Jonathan Lastra?
Jonathanentzat ona litzateke iazko 15. postua ontzea, baina ez da erraza izango. AEBetan izan zen iaz Munduko Txapelketa, eta denak ez ziren joan hara. Eta Aitorrek eta Javik ere iazko maila berdintzeko helburua izango dute; lehen hogeien artean sartzekoa.
Zale asko izan duzu ondoan urteotan. Haientzat ere izango duzu agur mezuren bat gordeta...
Eskerrik asko denei urteotako berotasunagatik. Oso maitatua sentitu izan naiz, eta gustura itzuliko naiz haien ondora. Lehiatik kanpo egon arren, haietako bat gehiago izango naiz aurrerantzean.
Egoitz Murgoitio. Hirumeteko ziklo-kroslaria
«Burua nekatu zait»
Inoizko denboraldi hasierarik onena eginda baina ilusioa erabat galduta, 30 urterekin erretiroa hartu du Egoitz Murgoitiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu