Burua nekatu zaio

Hamabost urte goi mailan igaro ondoren, Asier Maeztu pistardak erretiroa hartuko du bihar, Anoetako Lau Orduetan. Atenasko 2004ko Olinpiar Jokoetan jo zuen goia, taldekako jazarpenean brontzea irabazita, baina indarrak ahitu zaizkio kirol arloaz kanpoko borrokan.

unai zubeldia
Oiartzun
2015eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Beste urtebetez jarraitzea zen nire asmoa». Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoei parez pare begiratzea. «Azken unean geratu nintzen Londresko jokoetatik kanpo, apendizitisaren eraginez, eta barruraino sartuta daukat arantza hura». Baina buruak ezetz esan dio Asier Maezturi (Donostia, 1977). «Iaz, jada, uzteko zorian egon nintzen». Nahiz eta jarraitzeko eskatu zion barruak. Baina denborak erakutsi dio pistako txirrindularitzan norberaren indarrak eta pasioak adinako pisua daukatela ingurukoen erabakiek. «Espainiako hautatzaileak erabili egin nau [Salvador Meliak]; engainatuta eduki nau, eta, Saint Quentin en Yvelinesko Munduko Txapelketatik kanpo geratu ondoren, jabetu naiz ez duela zentzurik jarraitzeak».

Taldekako jazarpenean eta madisonean eman beharrekoak emanda, saio eta leku kutun bat aukeratu du agurtzeko. «Niretzat, umetan, Olinpiar Jokoak, Munduko Kopa eta Munduko Txapelketa baino garrantzitsuagoak ziren Euskadiko Sei Orduak». Haren oinordekoan emango ditu azken pedal kolpeak, bihar, Donostiako belodromoan. «Ez zegoen une eta leku hoberik txirrindularitza uzteko. Hunkigarria izango da». Izatez nahiko txirrindulari lasaia dela adierazi du. «Baina oso berezia izango da. Ikusiko dugu barruari nola eusten diogun». Anoetako Lau Orduetan laguntzen ibili da Maeztu. «Txirrindulariekin hizketan eta». Baina errelebo onak eman dizkiote. «Allan Davis txirrindulari ohiak, Oiartzunen bizi denak, lan handia egin du atzerritarrekin harremana sortzeko».

Minduta dago. «Ulertu izan dut une jakin batean laukotetik kanpo geratzea; ez da ezer gertatu». Baina aurtengoak muga gainditu duela uste du. «Amorru handia eman dit denborarik onenak eginda eta sasoi onean egonda kanpoan geratu eta azalpenik ez jasotzeak; hautatzaileak irizpide zehatzik ez edukitzeak». Hautatzaile bakoitzak nahi duena egiten duela salatu du Maeztuk. «Eta 2009an eta 2010ean ere horregatik geratu nintzen Munduko Txapelketarik gabe». Emaitzak jarri ditu mahai gainean bere burua defendatzeko. «Urte horietan behera egin zuten emaitzek, eta markak hausten ari da egungo hautatzailea, ia-ia miraria izango delako Rio de Janeirorako txartelen bat eskuratzea». Leire Olaberria edo Unai Elorriaga sailka daitezkeela aitortu du. «Baina banakako probetan. Euren lan onagatik lortuko dute helburua, ez hautatzailearen lanagatik».

Amorrua nabari da Maezturen hitzetan, baina nahiago du aurrera begira jarri. Buru-belarri lanean ari da Otxe Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola sortu berrian —Oiartzunen bizi da—. «Apirilean landuko dugu pistako txirrindularitza, eta, tira, denbora askorik ere ez dit kenduko, astean bi egunetan egingo ditugulako entrenamenduak». Bila hastea dagokio orain. «Ez dakit zer egingo dudan». Pasioz bizi izan du txirrindularitza. «Eta gustatuko litzaidake kirol honekin lotura daukan zerbaitetan aritzea; horixe litzateke irtenbiderik naturalena. Zuzendari? Entrenatzaile? Auskalo!».

Agurtzeko garaian, momenturik onenak zerrendatzea izaten da egin beharreko lanetako bat, eta, emaitzei dagokienez, zalantza handirik gabe egin du lan hori. «2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetako brontzezko domina, urte bereko Melbourneko Munduko Txapelketako brontzearekin batera». Jokoen atarian jokatu zen Munduko Txapelketa hura. «Eta, askorik espero izan gabe, ahalmena bazegoela erakutsi zigun emaitza hark». Hirugarren postutik bosgarrenera arteko lehian sartzea zuten erronka Atenasen. «Eta sari bikaina jaso genuen». Lau urte geroago, zazpigarren postuan amaitu zuten Pekinen; olinpiar diplomarekin, alegia. «Baina ordurako aldatuta zegoen Espainiako selekzioko egoera. Oso giro ona geneukan 2004an, baina hurrengo urtean aldatu egin zuten hautatzailea, eta gauzak okertzen hasi ziren. Tarteka berotu egiten zen giroa». Ezinbesteko ondorioa izan zen lau urte lehenagoko brontzezko domina hura diploma bihurtzea.

Etxean ikusitakoa ikasita egiten dute aurrera kirolari askok. «Baina gure etxean ez zegoen txirrindularitzarako tradiziorik». Futbolarekin «aspertuta», pedalei eragiten hasi zen Maeztu. «Lagun batzuekin batera hasi nintzen, Artzak Ortzeok txirrindularitza eskolan». Lehen urtean ez zen askorik gerturatu pistara. «Baina amateur mailan, 1997-1998an, bizikleta txukun bat eskaini zidan federazioak; challengean lehiatzen hasi nintzen, eta irabazi egin nuen». Denek izaten dute gustuko irabaztea. «Eta niri ere indarra eman zidan aurrera jarraitzeko». Onartu du lehen urte haietan «asmo berezirik gabe» ibili zela bizikletan. «Baina urte hartan bertan Euskadiko Sei Orduetara eraman ninduten ordezko gisa, eta azken proban lehiatzeko aukera izan nuen, amerikanan, David Cabrerok min hartu zuelako».

Jazarpena eta madisona

Taldekako jazarpena eta madisona zer izan diren galdetuta, jazarpenari heldu dio berehala. «Horri esker bizi izan naiz; diziplina horretan lortu izan ditut emaitzarik onenak». Hori bai, madisona «proba berezia» dela onartu du. «Proba horrekin hasi nintzen Sei Orduetan, eta asko gustatzen zait, teknika eta taktika ona eskatzen dituelako. Konplexua eta ikusgarria da». Pistari lotuta egon den arren, errepideko lehian jarraitu izan du donostiarrak. «Eta, tira, garaipenen bat edo beste lortu nuen», aitortu du. «Chiapasen, Lazkaon, Katalunian... Batzuk badaude, bai». 2004an egon zen gertuen errepideko talderen batekin profesionaletarako pausoa emateko. «Baina pistari eman izan diot beti lehentasuna».

Asko pentsatu ondoren, «Sergi Escobar» aipatu du txirrindulari baten izena eskatuta. «Eta, ikur gisa, Miguel Indurain». Lau Orduak aukeratu ditu agurrerako, baina, hartu duen indarra hartuta, ez al zen hobea agurreko egunean orduko marka egiten saiatzea? [Barrez] «Ez pentsa; azken aldaketekin, Jens Voigtek marka egin zuenean, nahikoa merke ikusten nuen erronka. Baina ez, ez; gazteagoa nintzenean, akaso, bai, baina bizkarreko lesioarekin ezinezkoa dut ordubetean jarrera berean egotea». Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan domina bana kolkoratuta, ingurukoen berotasuna jasota esango du agur, bihar, Asier Maeztuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.