Athletic 4. Oiartzun 0

Burua lasaitzeko garaia

Athleticek oso eroso jokatu du Oiartzunen aurka, eta azken minutuetan bete du zakua golez. Erika Vazquezek (hiru) eta Irune Muruak sartu dituzte golak

Athleticeko jokalariak lau goletako bat ospatzen, atzo, Lezaman, Ainara Manterola Oiartzun taldeko atzelaria ondoan dutela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: E. Vazquezek (45. min). 2-0: E. Vazquezek (56. min). 3-0: Irune Muruak (82. min). 4-0: E. Vazquezek (84. min). Epailea. Recio Moreno. Ez zuen atera txartelik. Bestelakoak. 300 ikusle inguru Lezaman.

Entrenamenduek adinako eragina izaten dute boladek futbolean, eta buruak egin dezakeen lanaren adibide argia izan zen atzokoa. Rayo Vallecano (2-3) eta Zaragozaren (4-0) aurka irabazita, pazientzia handiarekin jokatu zuen Athleticek Lezaman, partida landuz; Oiartzunek, berriz, zortzigarren porrota pilatu zuen jarraian, lehen zatian lan fisiko handia egin ondoren (1-0), azken minutuetan behea jota (4-0). Atzera begiratua eginda, liga irabazteko hautagaia zen Athletic denboraldi hasieran, eta, gaur-gaurkoz, hamar puntura dauka Atletico Madril, eta bederatzira Bartzelona eta Levante. Oiartzunek, berriz, bost puntura dauka mailari eusteko erronka; nahi baino urrunago.

Fortuna Hjorringen aurkako Txapeldunen Ligako partidaren eraginez 6. jardunaldian atzeratutako ligako partida zen atzokoa, urteko azkena. Hankek lasaitu ederra hartuko dute hurrengo hiru asteetan, baina buruak eskertuko du gehien Gabonetako atsedenaldia. Lesioek eta Txapeldunen Ligako nekeak eraginda, aurkari zuzenengandik urrunegi gelditu dira bizkaitarrak, baina azken jardunaldietan erakutsi dute goi mailako taldea dela eurena. Europako lehiaketa ahaztuta, goiko muturrean lehian ibiltzeko gai direla sinesteko balio beharko luke ligaren etenaldiak.

Oiartzunen kasuan, berriz, ezinbestekoa izango da orain artekoa ahaztu eta urte hasiera ondo prestatzea. Lau berdinketa eta hamar porrot pilatu dituzte gipuzkoarrek, eta asko zaildu zaie bidea. Baina Espanyol, Albacete, Tacuense, Betis, Santa Teresa... Aurkari zuzen guztien aurka ariko dira atsedenalditik bueltan, eta puntu on asko egongo dira jokoan aste horietan. Lehia zuzen horien baitan egongo da Oiartzunen etorkizuna.

Datu bakarra nahikoa da Athleticek eta Oiartzunek atzo Lezaman jokatu zuten derbiaren nondik norakoak ulertzeko: etxekoek 24 jaurtiketa egin zituzten, eta bisitariek lau besterik ez, horietatik hiru azken bost minutuetan. Baliabidez eta jokoz mutur banatan daude bi taldeak, eta lehen minututik argi gelditu zen hori. Lehen zatia amaituta, %89koa zen Athleticen baloi jabetza. Defentsako lan ona egin zuten oiartzuarrek, elkarri laguntza asko emanez, baina, denboraldi honetan askotan gertatu zaien moduan, lehen zatiko azken jokaldian jaso zuten gola. Erika Vazquezek sartu zuen 1-0ekoa, atzelarien biguntasuna baliatuta.

Ausardia eta hiru kolpe

Gol bakarraren aldea ageri zen markagailuan, baina zuri-gorriek lauzpabost aukera on eduki zituzten beste golen bat sartzeko. Epailea ere ez zen ibili finegi, adierazi gabe utzi zituelako bi penalti argi samar —Joana Arranzek eta Ainara Manterolak eskuarekin ukitu zuten baloia area barruan—. Jasotako golak minduta, Oiartzunek pauso bat aurrera eman zuen aldageletatik bueltan, baina bigarren gola jaso zuen ordainetan. Erikak sartu zuen 2-0ekoa ere (56. min). Gipuzkoarrak noraezean gelditu ziren kolpearekin, eta etxekoek lau aukera argi eduki zituzten jarraian. Irune Muruak eta Erikak ez zuten asmatu, ordea, eta Anek bi geldiketa on egin zituen gero.

Lasaitu beharrean, gozatzen jarraitzea erabaki zuen Athleticek, eta 82. minutuan iritsi zen hirugarren gola. Irune Muruak sartu zuen, buruz, Yulemaren pasea jasota. Bi minutu geroago, Erikak bidali zuen baloia sarera. Jone eta Irantzu saiatu ziren golen batekin konfiantzaren atea irekitzen, baina ezinezkoa izan zen. Urtarrilaren 8an itzuliko da liga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.