Burua ez galtzearen bandera

Iaz bezala, aurten ere San Juan nagusitu da emakumezkoetan Kontxan. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak eta Sarai Lizaso arraunlariak talde lana jo dute oinarrizkotzat.

San Juaneko arraunlariak, Donostiako kaiko arranplara iristen, Kontxako Bandera irabazi berritan. Ongietorri ikusgarria egin zioten zaleek. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2015eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Pasai Donibanen (Gipuzkoa) bandera arrosak daude edonon zintzilik. Ez da ordu asko San Juango emakumezko taldeak harrera izan duela herriarena. Merezitakoa. Bigarren aldiz jarraian Kontxako Bandera irabaztea ospatu beharrekoa baita. Klubaren kanpoaldean oso jende gutxi dago. Astelehen eguerdia da, eta ez dago arraunlarien arrastorik. Gaua luzatuko zitzaien.

Urrutira, Juan Mari Etxabe dator (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966), taldeko entrenatzailea. Barrez dator. Baina nekatua ere bai: «Atzoko [igandea] eguna gogorra izan zen. 06:00etan esna nengoen, eta gaueko parranda ezin izan nuen asko luzatu». Tentsioak erabat jaten ditu Kontxako Banderan arraunlariak eta entrenatzaileak. Baita Etxabe bezalako beterano bat ere.

Igande goizean, 09:30 aldera, kale zozketa egin zenean, erabili beharko zituen bere barruko helduleku denak bere burua lasaitzeko. Aurreneko kalea tokatu berri zitzaion bere taldeari. Bandera galdutzat ere ikusi zuen: «Iragarrita zegoen hego haizearekin jai geneukan lehendabiziko kaletik. Dirua jokatu behar izango banu, gure kontra jokatuko nuen une hartan».

Zain zeuzkan arraunlariak une hartan, galdezka zein kale egokitu zitzaien. «Beraiengana joan aurretik animoa jasotzera, neure burua animatu behar izan nuen lehendabizi. Gero, hitz egin nien». Disgustua hartu zuten emakumezkoek, baina Etxabek lan psikologiko ona egin zuela kontatu du Sarai Lizaso arraunlariak (Usurbil, Gipuzkoa, 1993): «Buruan ondo sartu zigun kaleak kale guk geure estropada egin behar genuela». Hitzak hitz izaten baina… «Ez dakit konbentzitu nituen. Beteranoek bazekiten zer zegoen, eta haiei hainbestean, baina besteei…».

San Juanentzako bigarren mugarria beroketa izan zen. Hantxe lasaitu ziren denak, Etxabe eta arraunlariak: «Ikusi nuen ontzia arin zihoala, libre-libre, eta lasaitu ederra hartu nuen». Lizasok asteko entrenamenduetara jo du konfiantzarena aipatzeko: «Lehendabiziko astean ez bezala, aurrekoan oso ondo entrenatu ginen. Etxabek asko lagundu zigun sinesten geure buruarengan, eta arraunketa ona hartuta ibili ginen aste osoan». Entrenatzaileak berak ere gogora ekarri du asteko lana: «Lasai ibili ginen entrenamenduetan, aurreko astean ez bezala. Orduan oso urduri zebilen jendea, eta oraingoan ez. Lan bikaina egin zuten neskek, eta horregatik irabazi dugu berriz».

Hirugarren mugarria eta funtsezkoena estropada bera izan zen, han zegoelako jokoan dena. Etxabek eta Lizasok azaldu dutenez, oso garbi zuten estrategia: «Kanporako luzean eustea zen helburua. Nahikoa bazen lehendabiziko kaletik joanda. Lortu genuen». Ziabogara, baina, Zumaia baino bi segundo beranduago heldu ziren; zumaiarren atzerapena hirukoa zen banderaren lehiarako. Etxabe kezkatu ere egin zen: «Pixka bat larritu egin nintzen, Zumaiak kale ona zuelako bueltatzeko, hirugarrena».

Baina, hortxe bertan, ziabogatik atera eta berehala, bandera arrosaz janzten hasi zen. Lizasok eta Etxabek eragile berari egin diote aipamena: «Pare bat olatu segidan hartu genituen ziabogatik atera berritan, eta buruan jarri ginen». Lehentxeago, baina, Zumaiak lauzpabost segundoren aldea ere izan zuen: «Guri patroiak ez zigun bost segundoena ezer esan. Gehienez ere bi atzetik ginela bota zigun», kontatu du Lizasok. Etxabek ez zion kasu handirik egin tarte zabal horri: «Nire kezka bakarra zen olatu pare bat hartzea, eta arraunean egiteko eskatzen ari nintzen taldeari, patroiaren bidez».

Hartu zituzten olatu pare haiek, eta hortik aurrerakoa jakina da: «Irabazita ez genuen ikusi helmugara heldu arte, baina aurretik joateak lasaitasuna eman zigun», esan du Lizasok. Entrenatzaileak bere ikuspegitik jantzi du arraunlariaren azalpena: «Aurretik zihoazela ikusirik, oso arraunketa ona hartu zuen taldeak, eta denok lasaitu ginen». Etxabek arnasa lasai lehentxeago ere hartu zuen: «Ikusi nuenean Hibaikak hirugarren kalera jo zuela bueltakoan, guri libre utzi zigun eremuko erdiko bidea, eta aukera eman zigun lehen kaletik ospa egiteko».

Ospa aurkariei ere egin zien, eta, aldeak handiak izan ez baziren ere, San Juan garaile izan zen. «Sekulakoa da klubaren 50. urteurrenean Kontxako Bandera irabaztea», esan du Etxabek.

Uretako lanak bukatuta, orain lehorrekoa hasiko da, bulegokoa. «Ez da une ona taldea hausteko. Jarraitu egin behar dute arraunlariek. Lanerako giro bikaina dago, eta oso ondo konpontzen dira arraunlariak». Lizasoren ustez, «goiz da taldearen gehiengoak jarraitu egingo duen edo ez jakiteko, baina uste dut segitzeko moduan izango garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.