Burua ez da soilik pentsatzeko

Aritz Adurizek, Raul Garciak eta Mikel San Josek Espainiako Ligako talderik indartsuenenetako egin dute Athletic goiko jokoan. Errematatzaileen eraginkortasuna baliatzeko, korner eta falta jaurtitzaile finak ditu talde zuri-gorriak ere: Beñat Etxebarria eta Ager Aketxe.

Aritz Aduriz, buruz errematatzen, joan zen igandean, Getaferen aurkako partidan. Raul Garcia ageri da ezkerrean, jokaldiari begira. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bartzelonaren joko landu eta azkarra da egun futbolean nagusi. Ispilua da talde askorentzat. Teknika aparta duten futbolariek talde lana egitea lortu dute, eta maila ikusgarria eskaintzen ari dira. Messi, Iniesta, eta enparauak magia egiteko gai dira baloia oinetan darabiltenean. Gainerako ia talde guztiek jokatu gura dute haien moduan. Baina badaude futbolean jokatzeko beste makina bat modu. Eta, ondo eginez gero, arrakastatsua izan daiteke. Diego Simeonek, esate baterako, defentsako lana, kontraerasoa eta estrategia uztartu ditu inozko Atletico Madril indartsuenetakoa egituratzeko.

Athleticek ere antzeko bidea hartu du nabarmentzeko. Ernesto Valverderen apustua da erritmo biziz jokatzen duen eta presio itogarria egiten ahalegintzen den taldeari geldikako jokaldietan eraginkortasuna gehitzea. Horretarako jokalari aproposak ditu. «Gaur egungo futbolean oso garrantzitsuak dira estrategia jokaldiak. Puntu asko ematen dituzte. Gu indartsuak gara arlo horretan eta aprobetxatu egin gura dugu», esan zuen Aritz Adurizek Getaferen aurkako partida amaitutakoan. «Horretarako ezinbestekoa da jaurtitzailearen ekarpena. Arlo horretan jokalari oso onak ditugu», gaineratu zuen erdiko aurrelariak. Athleticen goiko jokoa egun Espainiako Ligan dagoen indartsuena izan daiteke.

ARITZ ADURIZ

Laino guztien artetik

Athleticeko aurrelaria artista da buruz errematatzen. Teknika aparta dauka. Beti aukeratzen du salto egiteko une aproposa, eta harrigarria da nola irauten duen airean gainerako aurkari guztiek oinak lurrean jartzen dituzten bitartean. Saskibaloi jokalari onenen gaitasuna dauka. Hori gutxi ez, eta, goian dagoenean, baloiari indar handia eta norabide egokia emateko kapaz da. Zelaian erakusten duen gaitasunak estatistiketan du isla. Ligan debuta egin zuenetik 40 gol sartu ditu, buruz. Egun jokatzen ari diren futbolarien artean onena da arlo horretan —Fernando Llorentek bat gutxiago sartu du—. Eta badirudi zenbaki horiek hobetu egingo dituela urteek aurrera egin ahala, jokoa gero eta aberatsagoa duelako. Buruko mina da aurkari guztientzat.

RAUL GARCIA

Intuizioa

Erdilari nafarrak norgehiagoka bakar bat nahikoa izan du hurrengo lau urteetan zer emango duen erakusteko: lana, kemena eta gola —inork ez dezala pentsa baloia oinetan duenean gauza ezberdinak egiteko ahalmena duenik—. Aurkariaren atean eraginkor izatea da, hain zuzen, talde zuri-gorriko erdilari aurreratuei falta zaien dohaina: Markel Susaeta, Iker Muniain, Ager Aketxe eta gainerako erdilari erasokorrak nahi eta ezin ari dira arlo horretan. Raul Garciak badauka gol sena. Area ingurura ailegatzen denean, atea dauka begiz jota. Edozein erara errematatzeko gai da, baina buruz ahalegintzen denean nabarmentzen den gehien. Ligan egin dituen 47 goletatik hemezortzi goitik ailegatu zaizkion baloiak errematatuta lortu ditu. Adurizen antzera, nafarra ere gorputz eta arima joaten da baloi bakoitza errematatzera. Ez du baloi bakar bat ere galdutzat ematen. Eta grina horrek emaitza ikusgarriak eman dizkio.

MIKEL SAN JOSE

Aurrelari sena

Azken lau denboraldiotan hamar gol sartu ditu ligan. Hau da, hamaikakoetan jarraitutasuna izan duenetik, nabarmen egin du gora bere eraginkortasunak. Athleticek erasoan duen arma nagusietako bat da. Errematerako erraztasun harrigarria dauka. Baloia non, San Jose han. Geldikako jokaldietan zaintza berezia behar duen futbolaria da. Inor gutxik espero zuen protagonismoa eta indarra hartu du birika lanean.

AYMERIC LAPORTE, XABI ETXEITA ETA CARLOS GURPEGI

Bigarren olatua

Valverdek Aduriz, Raul Garcia eta San Joserentzat prestatuko ditu geldikako jokaldiak, baina badaude beste hiruzpalau jokalari ere aurkarien arreta merezi dutenak. Xabi Etxeitak konfiantza handia dauka bere buruan, eta indar handiarekin joaten da aurrera; Aymeric Laporte garaia da, baina oraindik ez du erakutsi eman dezakeen dena. Eta ordezkoen artean, Carlos Gurpegi nabarmentzen da. Kapitainak 11 gol sartu ditu, buruz, eta kontuan hartzeko futbolari da.

BEÑAT ETXEBARRIA

Jaurtitzaile berezia

Korner eta falta bakoitzean aurkariak dardarka jartzeko indarra dauka Athleticek. Baina errematatzaileak euren dohainen berri emateko ezinbestekoa da erdiraketa zehatza izatea. Eta, horretarako, futbolari onak ditu talde zuri-gorriak. Taldeko lehen jaurtitzailea Beñat Etxebarria da. Eskuin oin bikaina dauka Igorrekoak. Baloia gura duen lekuan jartzen du. Konfiantza handiarekin dago, gainera.

AGER AKETXE

Efektua eta indarra

Beñat ez da jaurtitzaile bakarra talde zuri-gorrian. Ager Aketxeren ezkerra ere aparta baita. Baloia efektu handiarekin eta indartsu jotzen du, eta errematatzaileei lana errazten die. Euren ekarpena ezinbestekoa izango da Athleticek dituen baliabideei errentagarritasuna ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.