Burua erabiltzen duen buruzagia

Osasunak Rayoren zelaian jokatuko du gaur (18:30, La Liga). Denboraldi honetan, taldeko zutarrietako bat da David Garcia atzelaria. Haren ahalmenak nabarmendu ditu Miguel Flañok.

David Garcia Osasunako jokalaria, aginduak ematen, denboraldi honetako Espanyolen aurkako neurketan. V. LOPEZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Osasunaren buru bihurtu da sasoi honetan David Garcia (Ibero, Nafarroa, 1994). Kapitainaren besokoa darama, eta zelaian gehien nabarmentzen ari den jokalaria da, erdiko atzelaria izanagatik. Aitortza handirik gabe, lan iluna egin behar izaten dute postu horretan dihardutenek; lerroburuak erasoko jokalarientzat izan ohi dira. Golek aparteko oihartzuna sortzen dute beti. Hain zuzen ere, horregatik dabil denen ahotan atzelari gorritxoa. Ahalmen itzela du aireko jokoan, eta ez du buruz belarri egiten aurkarien arean: lau gol sartu ditu dagoeneko, hiru kornerrez eta bat faltaz. Osasunako golegile nagusia da Kike Garciarekin batera, eta Espainiako Ligako defentsakorik emankorrena ate aurrean.

Erasoan ez ezik, defentsan ere behin eta berriz darabil burua Iberoko atzelariak. Eta erronka psikologikoei aurre egiteko ere erabiltzen du. Hala nabarmendu du Miguel Flañok (Iruñea, Nafarroa, 1984), bost denboraldiz Garciaren taldekide izan zenak. «Oso mentalitate sendoa izan du beti. Hasieran, adibidez, gorabeherak izan zituen, baina oztopoek indartu egin zuten, uzkurtu beharrean. Ausarta eta langilea da, eta erronkei aurrez aurre begiratzen die». Asko hazi da Garcia, batez ere Jagoba Arrasateren agindupean denetik. Garapenak, ordea, ez du Flaño askorik harritzen, atzelariak hasieratik izan duen jarrera aintzat hartuta. «Presioa oso ongi jasaten zuen, eta gose handia zuen egunero lan egin eta hamaikakoan tokia egiteko. Gainera, oso azkar ikasten zuen. Elitean aritzeko izaera aproposa sumatu nion hasieratik».

2014-2015eko denboraldian iritsi zen Osasunaren lehen taldera. Gorritxoak ozta-ozta gelditu ziren Bigarren Mailan, eta harrobikoak gol erabakigarriak sartu zituen azken bi partidetan. Ondo oroitu du Flañok. «Oso garai zailean ginen, eta tentsioa sekulakoa zen. David hasiberria zen artean, baina ez zen ezkutatu: nortasuna erakutsi, eta oso gol garrantzitsuak egin zizkien Recreativori eta Sabadelli». Gero, elitera igo zen Enrique Martin Monrealekin, eta debut mikatza izan zuen gorenean. Ondoren, belaunezurrean ebakuntza egin zioten, eta utzita atera zen Cultural Leonesara. Geroztik, «garapen etengabea» izan duela azaldu du Osasunako kapitain ohiak. «Azken urteetan, erregulartasuna eta konstantzia izan dira Daviden ezaugarri nagusiak. Jarraitutasun handia izan du, eta hazi besterik ez da egin».

Gora egin du etengabe, goikako jokoan Lehen Mailako jokalaririk onenetako bat bihurtzeraino. Alor horretan nabarmentzeko behar den «ia guztia» dauka, Flañoren esanetan. «Gorpuzkera sendoa dauka, nahiz eta ez den oso garaia, eta jokaldiak oso ongi irakurtzen ditu. Oso argia da: batzuetan, ez da hainbeste zenbat egiten duzun jauzi, baizik eta zer gaitasun duzun ongi kokatzeko eta baloiaren norabidea irakurtzeko». Horri esker, «jaun eta jabe» da aurkariek aurrez aurre edo hegaletatik erdiratzen dutenean. Baita geldikako jokaldiak errematatzera igotzen denean ere. Bi gako aipatu ditu Flañok. Batak teknikarekin du zerikusia. «Oso ondo daki baloiari noiz egin behar dion eraso. Hau da, une egokian egiten du jauzi eta jotzen du baloia». Beste gakoa psikologikoa da. «Beti izan da indartsua estrategia jokaldietan, baina, aurten, are konfiantza handiagoa du. Sinetsi egin du gol asko sar ditzakeela, eta ardura hartu du».

Ikasle fina izan da

Goitik bakarrik ez, bestelako egoera defentsiboetan ere «bikain» moldatzen dela iruditzen zaio Flañori, eta nekez egiten omen du kale. «Beti eusten dio arretari». Horiek horrela, Osasunan jokatu duten atzelaririk onenen artean al dago? «Baliteke hala izatea, baina ez da erraza alderaketak egitea, Osasunan erdiko atzelari oso onak izan baitira. David oso maila handira iritsi da jada, eta oraindik oso urte onak gelditzen zaizkio». Zertan hobetu dezake? «Baloiaren irteeran, gauzak modu praktikoan egin ditu orain arte, korapilatu gabe. Hori oso ondo egiten du. Baina baloiarekin finagoa izan daiteke». Golak sartzen jarraituz gero, gainditu egin lezake Cesar Krutxagaren marka: hura da, gaur-gaurkoz, gol gehien egin duen atzelari gorritxoa, hamazazpi ale sartuta. Hamabi daramatza Garciak.

Haren eskuetan dago behinola Krutxagak eta Flañok berak eramandako besokoa. Lider izaera du. «Ikasiz joan da izan dituen kapitainetatik. Ardura handiagoa hartu beharko du Oier eta Torres irteten direnean, eta uste dut oso kapitain ona izango dela». Alabaina, klub askoren arreta bereganatu du. Luzaroan jarraituko al du Osasunan? «Hala espero dut. Urte askoan egon daiteke hemen. Nik onena opa diet berari eta taldeari. Ea elkarrekin jarraitzen duten. Eta joaten bada, denen onerako izan dadila. Ez dut harago begiratzen». 2026ra arte du kontratua Osasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.