Osasunaren zaleei aspaldi apaldu zitzaien bai Espainiako Kopan Athleticen etxean gailentzeak bai Espainiako Ligan, Sadarren, Real Madrilekin berdintzeak eragindako poza. Taldea eskas dabil aspaldian. Datuak argigarriak dira: ligan jokatu dituen azken hamasei partidetatik bakarra irabazi du. Beste hamabost partidetan ez da gai izan gailentzeko: bederatzi berdindu ditu, eta sei galdu; azkenekoa, gaur gauean, Lluis Companys estadioan, Bartzelonaren aurka, 27. jardunaldiko atzeratutako norgehiagokan: 3-0 galdu du.
Joera oso txarra da, jokoan egon diren azken 48 puntuetatik hamabi baino ez baititu lortu. Oso uzta eskasa da, eta bolada txar horrek ondorioak izan ditu sailkapenean. Duela ez asko talde gorritxoa bete-betean ari zen lehian Europarako sailkatzeko. Gaur egun, ordea, ia ezinezko du helburu hori lortzea. Are gehiago, gertuago ditu jaitsiera postuak, sei puntura, Europarako sailkatzekoak baino: zazpi puntura du zazpigarren sailkatua, eta 11 puntura seigarrena. Lehenbailehen suspertu beharra du, baldin eta azken orduan ez badu estu eta larri ibili nahi mailari eusteko.
Gaurko partida ez zen aproposena suspertzeko. Erronka oso zaila izan du Vicente Morenok entrenatutako taldeak: Bartzelonaren, lehen sailkatuaren zelaian jokatu du. Hansi Flickek zuzendutako taldeak ikusgarri ekin zion ligari, txakalaldia izan zuen gero, baina aspaldian bikain ari da berriro: gaurko neurketa kontuan hartuta, ligan jokatu dituen azken zortzi partidak irabazi ditu, eta hiru gol baino gehiago sartu ditu neurketa bakoitzean. Horri esker, bakar-bakarrik geratu da sailkapenaren buruan. Bartzelona erauntsi baten parekoa da gaur egun.
Eta erauntsi horri ezin aurre egin aritu da Osasuna gaur. Vicente Morenok, gainera, jokalari garrantzitsuak falta izan ditu: Boyomok eta Budimirrek aulkian hasi dute partida, lehena Kamerunekin jokatu berria baitzen, eta bigarrena Kroaziarekin. Bryan Zaragoza, berriz, Iruñean geratu da, min hartuta baitago. Bartzelona ezustean harrapatzea zaila da beti, eta zer esanik ez jokalari garrantzitsuak falta izanez gero eta Kataluniako taldea sasoi betean egonez gero. Horrela, ia ezinezkoa da.
Eta ia ezinezkoa ez, ezinezkoa izan da. Etxeko taldeak, gainera, 21 minutu besterik ez du behar izan bi golen aldea lortu eta garaipena bideratuta uzteko. Ferran Torresek sartu du lehen gola, 11. minutuan, eta Dani Olmok bigarrena, penaltiz, 21.ean. Azken horrek bigarren ahaleginean sartu du gola. Aurrenekoan, Sergio Herrerak penaltia gelditu dio, baina epaileak berriro botatzeko agindu du, argudiatuta Moncayola behar baino lehenago sartu dela area barruan. Langarengatik ez balitz, hiru golen aldea izango lukete etxekoek atsedenaldian, Ferran Torresen ahaleginak gutxigatik ez baitu sareetan amaitu. Osasunari ez zaio ezer ondo atera lehen zatian; hori gutxi ez, eta Iker Muñozek min hartu du. Ruben Garciak ordezkatu du.
Atsedenalditik bueltan, Morenok Boyomo zelairatu du Arnaizen ordez. Aldaketa horrek agerian utzi du zer helburu zuen Osasunako entrenatzaileak: atzealdea sendotzea, astindurik ez hartzeko. Nahi, eta lortu, bigarren zatiaren hasieran Bartzelonari kosta egin baitzaio arriskua sortzea. Hori lortu eta gero, Morenok erabaki du aurrerapauso bat emateko ordua zela, eta 61. minutuan Moi Gomez eta Budimir zelairatu diu, Aimarren eta Raul Garciaren ordez. Aldaketak fruituak eman ditu ia, hurrengo jokaldian Moi Gomez gola sartzear egon baita. Baina Eric Garciak kornerrera desbideratu du. Partidan lehen aldiz, Osasuna gai izan da Bartzelonarekin nor baino nor gehiago aritzeko.
Baina Bartzelonak edozein jokalditan gola sartzeko gai diren jokalariak ditu, eta, hala, 77. minutuan, Lewandowskik hirugarren gola sartu du, kontraerasoan. Aurrelari poloniarrak hamar minutu eskas zeramatzan zelaian, baina nahikoa izan du gola sartzeko eta neurketa erabakita uzteko. Sergio Herrerak etxekoen laugarren gola zapuztu du gero. Azkenean, 3-0. Badute lana Osasunan.
BARTZELONA-OSASUNA
Bartzelona. Szczesny; Kounde, Eric Garcia, Iñigo Martinez, Balde (Gerard Martin, 83. min.); Dani Olmo (Fermin, 28. min.), De Jong (Pablo Torre, 46. min.), Pedri (Pau Victor, 83. min.); Lamine Yamal, Ferran Torres (Lewandowski, 67. min.) eta Gavi.
Osasuna. Sergio Herrera; Areso (Ruben Peña, 83. min.), Catena, Herrando, Juan Cruz; Moncayola, Ibañez, Iker Muñoz (Ruben Garcia, 34. min.), Arnaiz (Boyomo, 46. min.); Raul Garcia (Budimir, 67. min.) eta Aimar (Moi Gomez, 67. min.).
Golak. 1-0: Ferran Torresek (11. min.). 2-0: Dani Olmok, penaltiz (21. min.). 3-0: Lewandowskik (77. min.).