Pilota. Binakako finala

Buru berriak estaliko ditu txapelak

Lau hilabeteren ondoren, binakakoan gaur jakingo da nor diren txapeldunak: Irribarria eta Rezusta edo Bengoetxea VI.a eta Larunbe

jon eskudero
2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Pilotak urtean duen egunik handiena buruz buruko finala omen da. Tradizioak hala erakutsi izan du, behintzat. Halere, estatistikek diote binakako txapelketak erakarri ohi duela jendea gehien. Iazko abenduan hasi eta lau hilabetez, leporaino beteta egon dira hainbat pilotalekutako harmailak, eta finalak ere sortu du ikusmina. Ez da gutxiagorako, bi bikoterik onenak lehiatuko baitira gaur, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Iker Irribarria eta Beñat Rezusta izango dira faboritoak, nagusitasun handia erakutsi baitute txapelketan. Hamazazpi partida jokatu, eta hamabost irabazi dituzte. Hori bai, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Larunbek badute baikor izateko motiborik, behetik gora eginda baitaude. Gainera, Aspekoek galdutako bi neurketak haien kontra galdu dituzte. Edonork irabazten duela ere, buru berriak estaliko ditu binakako txapelak.

Belaunaldi aldaketaren kontua ez da berria. Iazko finala gogoan, betealdirik hartu gabe geratu behar izan zuten pilotazaleek. Besteak beste, Juan Martinez de Irujok min hartu eta, ia jokatu gabe, txapeldun izan baitziren Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea. Hots, urtebete bada Irujo kantxetatik kanpo dagoela, eta ez dirudi itzultzeko aukera handirik duenik ere, bihotzeko arazoak direla medio. Haren hutsunea nabarmena izan arren, gazteek erakutsi dute sasoiz gainezka daudela, eta gaur oso gazteak izango dira lau pilotarietatik hiru: adinkideak dira Rezusta eta Larunbe, 1993koak, eta hiru urte gazteagoa Irribarria. Hiruretako inork ez du sekula jantzi binakako txapela. Bengoetxea VI.ak behin irabazi du, 2015ean.

Ikusmina, pilotekin

Esperientzia ez ezik, aurrekariak ere alde ditu Asegarceko bikoteak. Final-laurdenetako ligaxkan, bitik bi partida irabazi zizkien Irribarria-Rezustari. Lehenbizikoan, Hendaian (Lapurdi), aise nagusitu ziren: 22-16. Hori bai, Hendaiara zihoala auto istripua izan zuen Rezustak, eta ez zuen izan baldintza onenetan jokatzerik. Bigarrenez, Tolosan (Gipuzkoa) lehiatu ziren, eta tanto bakar batez irabazi zuten Asegarcekoek: 22-21. Bi partida horietan, jokoan askoz gutxiago izan zuten Aspekoek, ezin hobeto bideratua baitzuten finalerdietarako sailkapena. Horregatik, finalerdietan sartu eta euren onena eman behar zuten garaian, arazorik gabe gainditu zituzten Bengoetxea VI.a-Larunbe, Donostian: 22-14.

Emaitzaren gainetik, lau pilotarien jokoarekin geratu ziren aho zabalik hainbat pilotazale. Frontoi batean gutxitan ikusi izan den abiaduraz mugitu zuten pilota, eta gipuzkoarren joari aurre egin ezinda geratu ziren Asegarcekoak partidaren bigarren zatian. Hortaz, baliteke finalak ere ildo beretik jotzea. Irribarriak eta Rezustak agindu egingo dute aurretik, eta ikusi beharko da Larunberen maila. Profesionaletako lehen finala izango du, eta nerbioak kudeatzen asmatu beharko du. Lan ona eginez gero, Bengoetxea VI.ak aukera gehiago izan dezake jokoa nahasteko. Pilotek sortu dute polemika, eta ikusi beharko da nolako jarrera hartuko duten. Aspekoek pilota bizien alde egingo dute, eta alderantziz Asegarcekoek.

Pilotalekuak izango du azken hitza, eta harmailetan ere giro beroa espero da. Sarrera gehienak salduta daude. Irribarria eta Rezusta nagusitzen badira, Gipuzkoara itzuliko dira txapelak, hemeretzi urteren ostean. Unanue-Errastik 1998an irabazi zuten, Gipuzkoako beste bikote baten aurka (Etxaniz-Elkoro), 22-21.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.