Burrunba itzuliko da

Urtebeteko etenaldia izan eta gero, Elgoibarko krosa bihar jokatuko da berriro. Ikuskizun polita espero da Mintxetan. Antolatzaileek «arduraz» jokatzeko eskatu diete zaleei.

Eva Cherono, Beatrice Chebet eta Hellen Obiri, ahalegin betean, 2020eko Elgoibarko krosean. JUAN HERRERO / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Lasai daude Mintxetako zelaiak, Elgoibarren (Gipuzkoa). Nahi baino gehiago daramatzate horrela. Aspaldi ez dago burrunbarik, ia bi urte, koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenetik. Oso luze ari da jotzen, baina ez omen dago ehun urte iraun dezakeen gaitzik, eta oraindik osasun egoera larria bada ere, bihar itzuliko da burrunba Mintxetara. Urtebeteko etenaldia izan eta gero, Elgoibarko Nazioarteko Krosa jokatuko dute, Juan Mugertzaren oroimenezkoa.

78. aldia du aurtengoak. 1943an lehenbiziko aldiz jokatu zenetik, hirutan bakarrik geratu da jokatu gabe: 1950ean, ez zuten antolatu; 1981ean, elurte handi batek bertan behera utzi zuen; eta iaz, koronabirusaren pandemiak. Ez du parekorik, ez Euskal Herrian, ezta atzerrian ere. Datu batek laburbiltzen du ondoen zergatik duen halako ospe handia: olinpiar txapeldun izandako hamasei atleta aritu dira aurretik Mintxetako zelaietan. Are gehiago, bertan lehiatutakoek 56 domina irabazi dituzte gero Olinpiar Jokoetan: urrezkoak 22, zilarrezkoak hamasei, eta brontzezkoak hemezortzi. Elgoibar Kirol Elkarteak lehenbizi, Egotoki Atletismo Elkarteak ondoren, eta Mintxeta Atletismo Taldeak azken urteetan egindako lan ederraren emaitza da hori.

Bihar ere parte hartze bikaina izango da: Beatrice Chepkoech eta Beatrice Chebet kenyarrak nabarmentzen dira emakumezkoetan. Chepkoech espezialista da 3.000 oztopodunetan: munduko txapelduna da, munduko marka du —8.44,32—, eta laugarrena izan zen Tokioko Olinpiar Jokoetan. Krosean, berriz, zazpigarren izan zen 2019ko Munduko Kros Txapelketan, eta bigarren, urte berean, Elgoibarren. Chebet, berriz, kroseko eta 5.000 metroko munduko txapelduna izan zen gazte mailatan. Gizonezkoetan, berriz, Aron Kifle eritrearra —2019an, laugarren Munduko Kros txapelketan, eta 2020an, hirugarren Elgoibarren— eta Nicholas Kipkorir Kimeli kenyarra —laugarren izan zen Tokion 5.000 metrokoan— ariko dira, besteak beste.

Halere, antolatzaileak penaz daude, asmo handiagoko helburuak baitzituzten. Adibidez, Elgoibarren korritzear egon da Joshua Cheptegei. Ugandarrak 2017an irabazi zuen Elgoibarren, eta iaz, balentria egin zuen Tokion: urrea lortu zuen 5.000 metrokoan, eta zilarra 10.000 metrokoan. «Hura ekarri nahi genuen kosta ahala kosta, eta asteartera arte lotuta genuen, haren hegazkin txartelak eta guzti. Baina gaixo jarri da. Pena handia da, olinpiar txapeldun bat ekarri nahi baikenuen», azaldu du Zigor Diez krosaren antolatzaileak (Elgoibar, 1981).

Antzekoa pasatu zaie emakumezkoekin. «Azken irabazleak, Hellen Obirik, haren herrialdean lehiatu behar du [Kenyan]. Saiatu gara Peruth Chemutai ugandarra ekartzen, 3.000 oztopodunetako olinpiar txapelduna, baina min hartuta dago. Pena da, baina, hala ere, parte hartze polita lortu dugu. Ez da erraza izan, nahiz eta diruz aurrekontu handiagoa izan, ziurgabetasun handia baitago».

Bi lasterketa nagusietan ariko dira onenak (12:30, ETB1), baina beste hainbat proba jokatuko dituzte 09:30etik hasita. Zazpiehunatleta ariko dira guztira.

Ikusleak, lehentasun

Haiek animatzen arituko dira ikusleak. «Ikusleengatik antolatzen dugu krosa. Horregatik ez genuen iaz egin. Guk oso argi dugu haiek gabe ez duela zentzurik krosa antolatzeak. Haiek goza dezaten eta Elgoibar ezaguna izan dadin egiten dugu kros hau», azpimarratu du Diezek. Azaldu duenez, «kolpea» izan zen iazkoa, eta «kosta» egin zitzaien «berriro martxa hartzea». Baina egin zuten: «Indarberrituta gaude». Horretan, «zerikusi handia» izan du erakundeek eta babesleek euren lanean «konfiantza» dutela ikusteak: «Asko eskertzen diegu haien babesa izatea». Bihar «arduraz» jokatzeko eskatu du ere. «Ea denok segurtasun neurriak betetzen ditugun eta gozatzen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.