Txirrindularitza

Burghardtentzat Tourreko gaurko etapa

Ihes eginda iritsi da, Barredorekin batera. Astarloza bosgarren sartu da. Bihar antzeko etapa izango dute. Etzi, erlojupeko erabakigarria, 53 kilometrokoa.

2008ko uztailaren 24a
18:01
Entzun
Atzo mendiko etapak bukatuta, patxada eguna izan dute gaur Frantziako Tourrean, eta, espero zen bezala, ihesaldientzako unea izan da, hemezortzigarren etapan (Bourg d'Oisans-Saint Etienne, 196,5 kilometro). Marcus Burghardtek (Team Columbia) irabazi du. Carlos Barredorekin (Quick Step) batera heldu da, eta esprintean nagusitu zaio. 74 kilometroan aldegin dute biek tropeletik.

Mikel Astarloza (Euskaltel-Euskadi) ere ibili da ihes eginda, azkeneko ehunen bat kilometrotan, baina betiere bi haien atzetik, eta lau bat minutuko aldearekin. Christophe Le Mevel eta Romain Feillurekin heldu da, eta hiruren arteko esprintean azkena izan da. Etapan Feilluk bukatu du hirugarren, Le Mevelek laugarren. 3.33ra sartu dira biok, 3.35era Astarloza.

Tropel nagusia 6.50era iritsi da.

Bihar korrituko dute hemeretzigarren etapa: Roanne-Montluçon (165,5 kilometro). Hirugarren eta laugarren mailako mendate bana izango dute, etaparen hasieran biak.

Igandean bukatuko da Tourra, eta etzi erabakiko da itzulia, 53 kilometroko erlojupekoan.

Carlos Sastre liderrak Frank Schleck taldekide (CSC) eta bigarren sailkatuari 1.24 kentzen dio, Bernhard Kohl hirugarrenari 1.33 eta Cadel Evans laugarrenari 1.34. Denis Mentxov dago bosgarren, 2.39ra.

Evansek dirudi Tourra irabazteko faboritoa. Esaterako, itzuliko aurreko erlojupekoan (Cholet-Cholet, 29,5 kilometro) 1.16ko aldea atera zion Sastreri, 1.20koa Kohli eta 1.47koa Frank Schlecki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.