Ironman proba Gasteizen

Burdinaren mapan agertu da

Bihar Ironman proba bat jokatuko da Gasteizen; estreinakoz sartu da zirkuitu entzutetsuaren barruan. Aldaketarik esanguratsuenak oihartzunean eta parte hartzaile kopuruan izango dira. Faborito nagusiak: Llanos eta Corachan

Burdinaren mapan agertu da.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Kokaleku berri bat du triatloiko Ironman zirkuitu entzutetsuak: Gasteiz. Orain artean ere jokatzen ziren distantzia bereko probak—3,9 kilometro igerian, 180 bizikletan, eta 42 korrika— Arabako hiriburuan, baina munduko probarik garrantzitsuenen artean sartu da aurten. Guztira 40 hirik hartzen dute zirkuitu horretako probaren bat, eta estreinakoz da zerrendan Gasteiz. 08:00etan ekingo diote probari PRO mailako triatletek, eta ordu erdi geroago gainontzekoek.

«Guk ez genuen ezer egin han sartzeko», esan du Eduardo Martinez lasterketarenzuzendari nagusiak: «Oro har, hiriak, edo herrialdeak, Ironmanekin harremanetan jartzen dira proba ofizial bat eskatzeko. Kasu honetan, Ironman etorri zen gugana». Ordura arte Gasteizko distantzia luzeko proba antolatzen aritzen ziren. Ironmaneko antolakuntzakoek galdetu zieten, lan egiteko zuten modua ikusita, «talde selektibo horretan» sartu nahi ote zuten.

Horrek probari aldaketak ekarriko dizkiola azaldu du Martinezek: «Lehen ere proba entzutetsua zen, baina Ironmanen nazioarteko zirkuituan sartuta, harago doa».

Adibide gisara, Konako (Hawaii, AEBak) Munduko Txapelketarako 40 postu banatuko dituzte Gasteizen. Martinezek hamabost urtetik gora daramatza Gasteizko triatloian lanean, eta beste xehetasun batzuei eman die garrantzia: «Jauzi kualitatibo bat eman dugu. Ironmanen babesa izateak probaren zenbait arlotan hobekuntzak dakartza: kronometratzean, zuzeneko emisioan, azpiegituretan...».

Martinezek uste du kirol arloan ere «hobera» egingo duela. Igeri egitera progresiboki irtengo dira kirolariak, rolling start-a erabilita: «Triatletak mailakatuago iritsiko dira lehorrera, eta bizikletari heltzean, pelotoi gutxiago osatuko dira», Izan ere, debekatua dago pelotoian joatea bizikletan, eta epaileek zigortu egiten dute besteari segika doana: «Epaile gehiago ere izango ditugu, aurten Espainiako Federaziokoak izango baitira, eta horrek erraztu egingo du txirrindularitza zatia kontrolatzea». Zirkuitua bere horretan mantenduko dute ia osoki, «igeriketako aldaketa gutxi batzuk» kenduta.

Kopuruak ere, gora

Marka erakargarria da Ironman; antolatzen dituzten lehiaketak kiroletik harago doaz, eta ikuskizun bilakatzen dira azkenerako. Erakargarritasun horrek handitu egin du parte hartzaileen kopurua. 2.100 izango dira aurten, eta atzerritarrak daude goraldiaren atzean: «Lehen %13 ziren, eta orain erdiak. Iaz 37 herrialde zeuden ordezkatuta, eta aurten 60 inguru».

Zirkuituan sartzeak «onura» ekarriko dio Gasteizi, Martinezen arabera: «Hiria, herrialdea eta Euskal Herria mundu mailan kokatu ditu, triatloiari dagokionez». Halaber, eragin ekonomiko «garrantzitsua» izango duela berretsi du: «Hemen geratzen den dirua da». Horrez gain, uste du hedabideetan izango duen oihartzunaren bidez ere ingurua ezagutaraziko duela, nonahiko jendeak ikusi ahalko duelako: «Hamahiru lasterketa aukeratzen dituzte zuzenean emateko, eta gurea da horietako bat».

Maila handiko kirolariak

Orain arte Martinez ez zegoen oso kezkatuta zirkuitutik kanpo egoteagatik: «Izena bageneukan; 2012an hemen jokatu zen [Distantzia Luzeko] Munduko Txapelketa... Aukera sortu zenean, ordea, ez nuen zalantzarik egin». Hain justu, 2012ko hartan bigarren egin zuen Eneko Llanosek, eta bihar berriz ariko da etxean:«Ederra da hemen izatea, lagun handia baitut. Hura izan da gehien harritu dena hemen Ironman proba bat jokatzearekin».

Llanos bera da gizonezkoen lasterketa irabazteko faboritoetako bat, Josh Amberger eta Alejandro Santamariarekin batera; emakumezkoetan, berriz, Judith Corachan kataluniarra eta Heather Jackson.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.