Bultzaka iritsi nahi du finalera

Hernani Espainiako Errugbi Koparako sailkatuko da etzi eguerdian Landaren Bartzelonari irabazten baldin badio. Patrick Polidori entrenatzaileak eta Beñat Iradi kapitainak argi dute: «Oparia da, bai taldearentzat, bai jarraitzaileentzat».

Hernani taldeko jokalari eta entrenatzaileak, atzo, Landaren, entrenamendua hasi aurretik. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Hernani errugbi taldearen DNAn dago inoiz ez amore ematea eta azkeneraino borrokatzea. Halaxe dabil 2012tik, Espainiako Ohorezko Mailara igo zenetik. Kinka larrian egon da sarri, Ohorezko B Mailara jaistear, baina beti atera da onik. Horretan zerikusi handia izan du Landarera joaten diren zaleen bultzadak. Babes hori gabe, nekez eramango zituen Hernanik zazpi denboraldi jarraian maila nagusian.

Taldean badakite nahi baino gehiago sufriarazi dietela zaleei, eta prest dira sufrimendu hori goxatzeko. Eta zer modu hoberik, final bat jokatzea baino. 37 urte ez duela halakorik jokatu Hernanik, 1982tik, Arquitectura Madrilgo taldearen aurka Espainiako Ohorezko Mailako finalean aritu zenetik. Bada, hernaniarrek gertu dute aspaldiko bolada hori etetea, urrats bakarrera. Etzi, Landaren, 12:00etan, Bartzelonari irabaziz gero, Espainiako Kopako finala jokatuko dute heldu den apirilaren 28an, Madrilgo Unibertsitate Hiriko Central estadioan.

«Opari bat da halako neurketa bat jokatzea, are gehiago gure kasuan, ez baikaude horretara ohituta. Mailari eustea beste helbururik ez dugu, eta urteak daramatzagu direnak eta ez direnak pasatzen hori lortzeko. Horregatik, oso pozik gaude final baten atarian egonda. Gozatzeko partida bat da», esan du Patrick Polidori Hernaniren entrenatzaileak (Paris, 1975).

Hernanin aspaldi zuten begiz joa Kopa. «Sasoi hasieran jada, Patrickek [Polidori] esan zigun aukera genuela Kopan zerbait polita egiteko. Eta lortu dugu. Oso pozik gaude, eta oso gogotsu», aitortu du Beñat Iradi taldeko kapitainak (Hernani, Gipuzkoa, 1996). Lehiaketan aurkari izango zituzten taldeen mailari erreparatu zion Polidorik itxaropentsu izateko: «Gernikaren eta La Vilaren aurka jokatu behar genuen, eta, itxuraz, irabazteko moduko neurketak ziren biak». Esan eta egin. Biak irabazi zituzten hernaniarrek: 29-38 La Vilari, eta 35-27 Gernikari. Horri esker, multzoburu izan ziren, eta finalerdietarako sailkatu.

Bartzelonaren aurka arituko dira orain finalerdietan —Alcobendasek eta El Salvadorrek jokatuko dute beste finalerdia, etzi, Alcobendasen (Espainia), 12:30ean—. Ligako sailkapena aintzat hartuta, Kataluniako taldea da faboritoa aurrera egiteko: bosgarren da, 38 punturekin; Hernani, berriz, bederatzigarren da, 26 punturekin. Baina bai Iradik, bai Polidorik sasoi honetan elkarren aurka jokatu dituzten norgehiagokatan gertatutakoa gogorarazi dute. Izan ere, bi aldiz izan dira aurrez aurre, eta bietan nagusitu da etxeko taldea: Bartzelonak 19-12 irabazi zuen La Foixardan, eta Hernanik 20-13 Landaren. Are gehiago, kataluniarrek galdu egin dituzte Hernanin jokatu dituzten azken bost neurketak. «Kanporaketa parekatuta dago», dio Polidorik. Baikorragoa da Iradi. «Egokitu zitzaigukeen aurkaririk aproposena da. Askoz indartsuagoak dira beste finalerdikoak. Gainera, etxean arituko gara. Gure alde ikusten dut kanporaketa».

Iradik aipatu du etxean jokatzearen «abantaila». «Gure zaleen babesa izango dugu, eta hori eskertu egiten da», esan du kapitainak. «Oso garrantzitsua da. Irabazteko %10 aukera gehiago ditugu», gaineratu du teknikariak.

Euria ari du, eta, beraz, lokatza egongo da Landaren. Hori ere aintzat hartzeko faktorea dela nabarmendu dute biek. «Bartzelonak belar artifizialean jokatzen du, eta, gehienetan, eguraldi onaren babesean. Gu, aldiz, ohituta gaude euripean jokatzera; partiden %70 jokatzen ditugu baldintza horietan». Iradik, berriz, horren inguruko ohiko esaldia aipatu du: «Bada esaldi bat dioena Landaren eta eguraldi txarrarekin, emaitza Hernaniren alde. Espero dezagun hala izatea». Hala ere, aitortu du nahiago duela eguraldi ona egitea, «guregatik eta zaleengatik».

Indartsu hasieratik

Bartzelonaz, berriz, azpimarratu dute «erasoan indartsua» dela. «Oso seguruak dira; ia ez dute arriskurik hartzen», azaldu du Polidorik. Hernanik egiten duen oso bestelako jokoa da hori. «Gu arriskuak hartu zaleak gara. Hala jokatzen dugu beti, eta ez dugu aldatuko. Ez gara zain egongo. Baloi guztiak azkena balira bezala jokatuko ditugu. Ziur naiz jokalariek barruan daukaten guztia emango dutela». Iradik ere argi du non egon daitekeen gakoa. «Indartsu zelairatu behar dugu, eta hasieratik aurrera bultza egin, aurkaria apur bat beldurtzeko. Azken partidetan oso ondo ari gara aurrean, eta horri etekina ateratzen saiatu behar gara».

Hernanik konfiantzaz gainezka ekingo dio partidari, oso denboraldi ona egiten ari baita. «Aurreko sasoiekin alderatuta, zorte ona ari gara izaten lesioekin. Aldaketa gehiago egin ditzake entrenatzaileak, eta, horrela, egoera hobean joka ditzakegu lehiak», dio Iradik. Polidorik argi du: jokalariena da meritu guztia. «Amateurrak dira, baina profesionalak bezala ari dira. Eredu dira. Merezi dute halako partida bat jokatzea. Gozatzea merezi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.