Duela astebete bukatu zen uda, eta udazkena hasi. Pilotan, ordea, udako sasoia ez da amaitzen Mastersa bukatu arte. Igandean amaituko da hirugarren ekitaldia. Finala jokatuko dute Iruñean, Nafarroa Arenan (17:00, ETB1).
Lau bikote ariko dira uda sasoiko azken txapela jantzi nahian. Gaur argituko da zer bi ariko diren finalean. Finalerdiak jokatuko dituzte Nafarroa Arenan, 21:15ean hasita (ETB1). Aurreneko partidan, Joseba Ezkurdiak eta Jon Mariezkurrenak Erik Jakaren eta Julen Martijaren aurka jokatuko dute. Bigarrengoan, berriz, Jokin Altuna eta Ander Imaz Jon Ander Peñaren eta Beñat Rezustaren kontra ariko dira.
Ezkurdia eta Mariezkurrena II.a dira faboritoak. Iaz, haiek irabazi zuten txapela, eta aurten ere sendo aritu dira Mastersean. Aurrenak izan ziren ligaxkan, eta zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako. Bost partidetatik bakarra galdu zuten, gaurko aurkarien kontrakoa, laugarren saioan: 22-19.
Mastersak bi hilabete pasatxo iraungo du: uztail amaieran hasi zen, baina hainbat aldiz eten da, pilotariek udako beste torneoak jokatu zitzaten. Horietan ere, Ezkurdia eta Mariezkurrena II.a nabarmendu egin dira. Aurrelariak Aste Nagusiko eta sanmateoetako torneoak irabazi ditu: Bilbon, Jose Javier Zabaletarekin aritu zen, eta Logroñon (Espainia), Rezustarekin. Atzelaria, berriz, Donostia Hiria torneoan nagusitu zen, Jakarekin. Sanferminetan eta Bilbon, berriz, txapeldunorde izan zen, Iker Larrazabalekin eta Jon Ander Peñarekin, hurrenez hurren. Uda ikusgarria egin zuen iaz, eta oso ondo aritu da aurten ere.
Jaka eta Martija koska bat beherago ibili dira. Ligaxkan, bi partida irabazi zituzten, eta hiru galdu. Horren ondorioz, kanporaketa jokatu zuten Altuna III.aren eta Imazen aurka. Galdu egin zuten, baina hemezortzi tanto lortu, eta finalerdietarako sailkatu ziren. Udako torneoei dagokienez, Jaka nabarmendu da bien artean: txapeldunorde izan zen sanferminetako lau eta erdikoan, eta Donostian irabazi egin zuen, Mariezkurrena II.arekin. Aspaldiko sasoirik onenean dago. Ezkurdia eta Mariezkurrena II.a dira faborito, baina ligaxkan ere hala ziren, eta galdu egin zuten.
Lehia estua
Parekatuagoa dirudi bigarren finalerdiak. Ligaxkan, Peña II.a eta Rezusta zuzenean sailkatzeko borrokatu ziren. Bigarren izan ziren. Norgehiagoka bakarra galdu zuten, lehenbizikoa, baina Ezkurdiaren eta Mariezkurrena II.aren aurka izan zen, eta, hortaz, kanporaketa jokatu behar izan zuten. Horretan, nagusitasunez irabazi zieten Larrazabali eta Zabaletari: 22-15.
Bai Peña II.ak, bai Rezustak uda oso ona egin dute. Baikok aurrelariaren alde egin du, eta hark aprobetxatu egin du; aurrerapausoa eman du. Txapel bat jantzi du, gainera: Gasteizen, Jon Ander Albisurekin. Rezusta bikain hasi zen, eta berdin bukatu du: sanferminetako txapela irabazi zuen Altuna III.arekin, eta sanmateoetakoa lortu berri du, Ezkurdiarekin.
Altuna III.a eta Imaz, ordea, gorabeheratsuago aritu dira Mastersean: bi partida irabazi dituzte, eta hiru galdu; tartean, gaurko aurkarien aurkakoa: 22-20. Kanporaketa jokatu behar izan zuten, baina gainditu zuten.
Altuna III.ak uda betea izan du. Inork baino partida gehiago jokatu ditu: 34; 22 irabazi ditu, eta hamabi galdu. Hasieran aritu zen ondoen: lehen hamabost partidetatik hamalau irabazi zituen. Horri esker, sanferminetako bi txapelak jantzi zituen: lau eta erdikoa eta binakakoa. Ezinezkoa zen horren sasoi eta bolada onari luzaroan eustea, eta, azkenerako, behera egin du pixka bat.
Apalago aritu da Imaz. Bilboko, Donostiako eta sanmateoetakoa torneoak jokatu ditu, Urrutikoetxearekin, Peña II.arekin eta Larrazabalekin, hurrenez hurren. Lau partida jokatu ditu, eta bakarra irabazi. Ustez, Peña II.a eta Rezusta dira faborito, baina Altuna III.aren aurka apustu egitea ausart jokatzea da.
Gauza bat ziurra da: giro ederra egongo da Nafarroa Arenan. Sarrera bakan batzuk baino ez dira geratzen gaurko. 2.000 ikusle izango dira. Etzirako, berriz, harmaila gehiago jarriko dituzte, eta 3.000 ikusle sartuko dira.
Pilota
Bukatzeko, festa bat
Gaur jokatuko dituzte Masterseko finalerdiak, Iruñeko Nafarroa Arenan (21:15, ETB1). Irabazleek finala jokatuko dute igandean, toki berean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu