Atseden egun bat hartu du Gorka Izagirrek, asteburu osoa Pontevedran (Galizia) igaro ondoren, denboraldiko azken ziklo-kros proban lehiatzeko: Espainiako Txapelketan. Ormaiztegiarra brontzezko domina batekin itzuli da etxera. «Ez dut irabazi, baina lasterketa txukuna eta egokia egin nuen, akats handirik gabekoa». Munduko Txapelketara joateko eskaintza egin diote Izagirreri , baina ezetz erran du—otsailaren 2an da gizonezkoen eliteko proba—. 11 lasterketa lehiatu ondoren, bukatutzat jo du lohi arteko denboraldia. Sasoi emankorra izan da, lau proba irabazi baititu, horien artean Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak. Iparra argi du, ordea: «Ni errepideko txirrindularia naiz, eta hau gehigarri bat da. Halere, lasterketetan dena ematen dut».
Felipe Ortsek irabazi zuen Espainiako Txapelketa, herenegun. Lehen itzulian paratu zen buruan, eta ezin izan zion inork haren gurpilari jarraitu. «Lasterketa polita izan zen. Lehenengoa alde batera utzita, bigarren eta hirugarren posturako lehia handia egon zen», kontatu du Izagirrek. Azkenean: Ortsek urrea, Kevin Suarezek zilarra, eta Izagirrek brontzea.
Astanako txirrindularia 2009an bihurtu zen errepideko profesional, eta 2017ra arte ezin izan zen ziklo-krosean lehiatu, ordura arte izan zituen taldeek ez ziotelako utzi. Gaztetan maila onean aritutakoa zen, eta hasieran kosta egin zitzaion berriz ere «martxa hartzea». «Atzokoa bezalako zirkuituetan oraindik ere nabaritzen dut pixka bat kosta egiten zaidala, baina salto handi bat eman dut, eta pozik nago». Aurtengo denboraldian bertan ere nabaritu du garapena. Iazko urriko azkeneko asteburuan korritu zituen lehenbiziko bi probak, Laudion (Araba) eta Elorrion (Bizkaia), eta zortzigarren bukatu zuen bi horietan. Lehiatu dituen ondorengo guztietan, berriz, ez da podiumetik jaitsi.
Ziklo-krosaren ekarpenak
Ziklo-krosarekiko afizioa etxean jaso zuen Izagirrek, aita, Jose Ramon Izagirre, 1980ko eta 1990eko hamarkadako euskal espezialistarik onenetakoa izan baitzen—Espainiako Txapelketa irabazi zuen 1991n eta 1992an, bertzeak bertze—. Ion anaia eta Astanako taldekideak ere parte hartu du proba batzuetan —Ormaiztegikoan, Gorka izan zen irabazle, eta, Ion, bigarren—. «Errepidean bezala, ibilbidearen arabera, bata edo bestea da hobea», erantzun du irribarrez, lohi artean anaietan onena zein den galdetuta.
Ziklo-krosa neguko prestaketaren zatitzat hartzen du Izagirrek, nahiz eta zehaztu duen ongi uztartu behar direla bi arloak. «Abenduan eta urtarrilean errepidean ordu asko eta asko egiten hasten gara. Ziklo-krosarekin batera neke asko pilatzen da; fisikoki hobetuz zoaz, baina norberak oreka bat bilatu behar du». Bertzelako ekarpenak ere egiten dizkio. Horietako bat da «txinparta» berreskuratzea. «Nabaritzen nuen ez neukala gaztetan izaten den txinparta bera, eta neguan azken bizpahiru urte hauetan lan hau eginda berreskuratu egin dudala sentitzen dut». Sekretu hori Luis Leon Sanchez taldekideari kontatu zion, eta, ereduari jarraikiz, hura 36 urterekin hasi da ziklo-krosean, gazteagoa zenean erasorako zuen «txinparta» hori berreskuratu nahian.
Ziklo-kros probak ordubeteko ahalegin bizia dira, eta Izagirreri «harra» eragiten diote. Astanan ez diote eragozpenik paratu har hori asetzeko. «Pena» du, hala ere, gazteagoa zenean lehiatu ezin izanaz. Errepideko txirrindulariei ziklo-krosean aritzea galarazten dieten taldeek «arriskua» argudiatu ohi dute. Izagirre ez dator bat, eta ez du uste errepidean entrenatzea baino arriskutsuagoa denik. «Auto batek harrapa zaitzake, edo, izotzean, negu honetan izan dira erorikoak mendateak jaisten».
Horregatik, Astanaren jarrerarekin kontent dago, eta espero du «pixkanaka pentsaera hori aldatzea». Ormaiztegiarrak uste du mesedegarria izan litekeela Mathieu Van der Poel eta Wout Van Aert ziklo-kroseko izarrek txirrindularitzaren aldaera hori errepidearekin uztartu ondoren sortu den fenomeno mediatikoa. «Barnetik sentipen hori dut, eta, kanpoko jendeari entzuten diodanean, badirudi baietz. Ea balio duen indartzeko». Izagirrek ez du baztertzen etorkizunean nazioarteko izar handien agertoki lohitu berberetan lehiatzea, «beharbada», baina orain lehentasuna zein den argi du: Murtziako Itzulia, hemendik hilabete batera. Asfalto gaineko denboraldia hastear da.
Gorka Izagirre
Bukatzeko, domina bat
Astanako txirrindularia bete-betean lehiatu da ziklo-kros denboraldian. Espainiako Txapelketan hirugarren postua eskuratuta, amaitutzat eman du lohi arteko proben sasoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu