Bukatu dira oporrak

Baskoniak eta Bilbo Basketek denboraldi-aurreari ekin diote. ACB liga hilabete pasatxo barru hasiko da, irailaren 25ean

Pierria Henry, Buesa Arenara iristen. J. F. / FOKU-BERRIA.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Hasi dira denboraldi berrirako entrenatzen Kirolbet Baskonia eta Retabet Bilbao Basket. ACB liga hasteko hilabete eta gutxi falta den honetan —irailaren 25ean hasiko da—, proba medikoen eta entrenamenduen txanda da Espainiako maila nagusian ariko diren bi euskal taldeentzat.

Bilbo Basket izan da lehena lanean hasten. Atzo egin zuen lehen entrenamendua, Bilboko Errekalde auzoko Fangoko kiroldegian. Bertan ziren klubak egindako fitxaketa gehienak: Alex Bouteille, Jonathan Rousselle, Sergio Rodriguez, Arnoldas Kulboka, Rafa Martinez eta Emir Sulejmanovic. Ben Lammers etaOndrej Balvin bakarrik falta ziren: lehena, aste honetan da iristekoa, eta bigarrena, irailean, Txekiarekin Txinako Munduko Txapelketa jokatu ondoren. David Doblas ere izan zen atzo, GBCko jokalari ohiak taldeari lagunduko baitio sasoi-aurrean.

Fitxaketekin eta taldean jarraitzen dutenekin ACB ligan mantzentzea da Alex Mumbruk entrenatuko duen taldearen helburua. Mumbruk badaki «zaila» izango dela, baina «ilusioz beteta eta baikor» dago: «Badakigu denboraldi zaila izango dela, baina ahalik eta talde lehiakorrena egin dugu mailari eutsi ahal izateko. Beste helbururik jarri gabe, denboraldia aurrera doan heinean gure lekua zein den jakingo dugu», esan zuen atzo.

Baskoniak oso bestelako helburuarekin ekin dio denboraldi-aurreari. Iaz liga erregularra hirugarren bukatu bazuen ere, lehen kanporaketan esan zuen agur, Tecnyconta Zaragozaren aurka galdu ondoren. Hobeto aritu zen Euroligan, baina ezin izan zuen ezer egin final-laurdenetan CSKA Moskuren aurka. Kolpea izan zen etxean jokatu zen Lauko Finalean ez egotea. Batez ere, ligan koska bat igo beharrean da Velimir Perasovicek entrenatutako taldea.

Proba medikoak izan zituzten atzo Gasteizko taldean, eta bihar hasiko dira jada entrenatzen. Lau jokalari faltako dira: Ilimane Diop, Michael Eric, Luca Vildoza eta Patricio Garino; nor bere selekzioarekin ari dira. Hilaren 31tik irailaren 15era, Munduko Txapelketa jokatuko da Txinan, eta lau jokalari horiek bertan aritu nahi dute. Eric, Vildoza eta Garino ziurrak dira Nigeria eta Argentinaren deialdian, eta aste honetan jakingo da ea Diopek ere tokia duen Espainiakoan.

Bi euskal taldeek lagunartekoak jokatuko dituzte prestaketa moduan. Horien artean, Euskal Kopa nabarmentzen da. Irailaren 14an jokatuko dute elkarren aurka, Barakaldon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.