Bueltarik gabeko bidaia?

Baskoniak Khimkiren kantxan irabazi beste erremediorik ez du, final-laurdenetan sartu nahi badu

Andoni Urbistondo.
2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gurutze bidea. Kalbarioa. Nahi den hitza aukeratu. Halakoa da Baskoniak denboraldi honetan Euroligan daraman bidea. Liga erregularrean azken partidan saihestu zuen agur goiztiarra, eta Top 16an ere gorriak eta bi ikusten ari da, bigarren ligaxka hori errenkadan lau garaipen lortuta hasi ostean. Ondoren bost partida galdu zituen jarraian, eta orain, une erabakigarrian, odolkiak ordainetan jaso ditzake. Etxeko lanak zuzen eta artez egiten ez dituen ikasle kaskarra bezala. Ezkortasun horretan, dena den, argi printzaren bat ikusten da. Zaila du final-laurdenetarako sailkatzea, nahiko eta oso zaila artean, baina irits litekeen erronka da.

Gaur Moskun Khimkiri irabaztea funtsezkoa da (16:30, ETB1), Errusiako hiriburuan galduz gero Euroligakoa itzulerarik gabeko bidaia bihurtuko delako. Egia da Moskun galdu eta Top 16ko azken jardunaldian Gasteizen Montepaschi Sienari irabazi eta dozena erdi karanbola gertatuko balira, Baskonia akaso lau onenen artean sartuko litzatekeela, baina horrek Euroligako debozioarekin baino gehiago fededunek Aste Santuan erakusten duten debozioarekin du zerikusia. Khimkik bere kantxa egin du bere denboraldi onaren ardatz, eta han irabaztea garesti dago. Olympiakos soilik irten da garaile, eta, besteak beste, Bartzelona bera ere belaunikarazi zuen Errusiako taldeak.

Gauzak diren bezala, saskibaloi zalearentzat gozamena da Khimkiren partida bat ikustea. Beste kirol batzuetan historian ezagun egin diren terminoak erabil ditzakegu Khimkirekin: Brasilgo futbol selekzioaren jogo bonito-a (joko polita), Los Angeles Lakersen showtime (ikuskizun) entzutetsua, Frantziako errugbi selekzioak 90eko hamarkadan egin zuen errugbi champagne delakoa… Khimkik artista bat dauka joko sormenean, Zoran Planinic, eta kroaziarraren gidaritzapean Khimkik erraz egiten du zaila dirudiena: hogei asistentzia partidako, konbinazio bikainak piboten artean eta konexio ezin hobeak libre geratzen diren hegalekoekin. Khimkik oso ondo jokatzen du, baina, jakina, hutsak egiten ditu, ez da perfektua, eta hor sartzen da jokoan Baskonia.

Planinic estutzea da gakoa. Eta erronka, asmatzea. Jokalari aproposik ez baitauka Tabakek. Bi metro da luzean Planinic, eta bera bezain azkarrak diren Heurtel eta Oman Cooki buru bat ateratzen die. Bere garaiera antzekoa dute Fabien Causeur, David elinek eta Fernando San Emeteriok, baina hiru horiek baino adimentsuagoa da Khimkiko joko antolatzailea. Planinicek agintzen du, hark egiten eta desegiten du nahierara, eta partidako ematen dituen sei asistentzia eta hamabi puntuak murrizten badira, jokoan mantenduko da Baskonia. Khimkik dinamita asko du kanpoko lerroan: Vitali Fridzon, Petteri Koponen, Egor Vialtsev, Kelvin Rivers, Sergei Monia… eta giharrak eta morrosko handiak saskipean: Paul Davis, James Augustine, Kreso Loncar… Gaur-gaurkoz, Baskonia baino talde hobea da.

Adi beste emaitzei

Baskonia zerutik infernura dabil. Ez orain, martxoan, denboraldi osoan baizik. Gorabehera horiek konpontzen dituenean, talde fidagarria bilakatuko da, baina hori lortzen duenerako Euroligatik at egongo da agian. Hamaika aldiz erantzun ona eman dute arabarrek, garaipen premian zeudenean, eta Moskun antzekoa egin dezaketelako itxaropenari eutsi behar zaio. Khimkik zoragarri jokatzen du erasoan, baina defentsan ez du muturreraino estutzen, kontzentrazio hutsuneak erakusten ditu, bere pibotek saskiratze asko galarazten dituztelako —lau txapel baino gehiago partidako—.

F multzoko lau onenak beste hiru plazatan argituko dira, Moskukoaz gaiz: Tel Aviven, Sienan eta Istanbulen. Haietan gertatzen dena ere erabakigarria izan daiteke Baskoniaren etorkizunean.

Bestalde, ACBk atzeratu egin du apirilaren 14an Baskoniak Bilbon Uxueren aurka jokatu beharreko derbia, Bilboko taldeak Eurokopako finala jokatuko baitu egun bat lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.