Iago Herrerin. Athleticeko jokalaria

«Buelta asko ematen dizkiot buruari nire egoera dela eta»

Athleticeko atezainak aitortu du Europako Ligan ez ezik Ligan ere jokatu nahiko lukeela. Taldeaz, berriz, azpimarratu du «mentalitate egokia» izanez gero edonor mendean hartzeko moduan daudela.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Iago Herreninentzat (Bilbo, 1988) ez da nahikoa Europako Liga jokatzea. Athleticeko atezain titularra izan gura du, eta horretarako ari da beharrean. Atezain lasaia, ausarta eta oinarekin ondo moldatzen dena da. Bihar Partizanen kontra beste aukera bat izango du bere dohainen berri emateko.

Athleticen jokoa eta emaitzak ikusgarriak izan dira azken hilabetean. Gozatzen ariko zarete, ezta?

Oso bolada onean gaude, eta horrelako uneak gozatzeko dira. Gainera, Liga hasiera ez zen ona izan, eta aldi txarrak bizi ostean, ilusioz hartzen dira sasoi onak. Bolada ona ahalik eta gehien luzatzen ahaleginduko gara orain.

Ez da sarri ikusten aurkariak baino askoz gehiago den Athletic. Baina, azkenaldion, nagusitasun handia ari zarete erakusten.

Konfiantza ikaragarriarekin ari gara jokatzen. Gola sartzeko aukera asko sortzen ditugu, eta golak ere nahiko erraz ari gara sartzen. Ni Athleticera itzuli naizenetik, argi ikusi dut taldea mentalitate egokiarekin dagoenean, oso lehiakorra dela.

Zertan aldatu da taldea azken hilabetean? Zein da itxuraldaketaren giltza?

Ez pentsa azken hilabetean goitik behera aldatu dugunik. Gu uztailaren lehen egunean elkartu ginen abuztuko konpromisoei behar den moduan aurre egin ahal izateko, eta, horren ondorioz, behera egin zuen gure jokoak Liga hasi zenean. Baina guri gertatu zaiguna talde askori gertatzen zaio. Sevillak, adibidez, goi mailako taldea dauka, baina asko ari zaio kostatzen bizpahiru emaitza on kateatzea. Une latzak beti egoten dira, eta, etortzen direnean,ahalik eta azkarren gainditzea izaten dugu xede.

Oso goiz hasi zinetela lehiatzen aipatu duzu. Hortaz, gai izango al zarete maiatzera bitartean antzera lehiatzeko?

Esperantza ez dugu galdu behar. Talde ona eta zabala daukagu. Gainera, emaitza onek indarra ematen dute, eta bai oinak eta baita buruak gutxiago nabaritzen dute nekea.

Athleticek talde zabala duela esan duzu. Halere, Ernesto Valverdek 12-13 jokalariren alde egin du azken partidetan, eta horrek emaitza onak eman dizkio. A eta B taldearen arteko zatiketa nabaria dela dirudi. Min ematen al dizue gutxiago jokatzen duzuenoi zatiketa horren inguruko eztabaida egotea?

Athletic talde bat da. Ez dago gehiago. Galtzen denean erraza da kritikatzea. Inguruak larregi sinplifikatzen ditu gauzak. Baina guk ez diogu horri begiratu gura. Taldean, argi daukagu aldaketaren bat dagoenean gutxiago jokatzen ari denak ondo erantzungo duela.

Sasoi honetako Athleticek 11 jokalari on baino gehiago ditu?

Bai, eta denen premia izango dugu. Sasoia luze egiten da, eta orain protagonismo txikia dutenak pisua izan dezakete aurrerantzean.

Valverdek Gorka Iraizoz zelairatzen du Ligan, eta zuri ematen dizu Europako Ligan jokatzeko aukera. Konforme zaude horrekin?

Nik buelta asko ematen dizkiot nire egoerari. Jokalariok partida guztietan hartu gura dugu parte, ez gara sekula konformatzen. Nik Europan erakutsi gura dut Ligan ere joka dezakedala. Horretarako egiten dut lan egunero.

Entrenatzaileak zugan konfiantza daukala uste duzu?

Bai. Sarri erakutsi du. Gorka ordezkatu behar izan duen guztietan inolako arazorik gabe egin du nire aldeko apustua. Nigan konfiantza dauka.

Epe motzean Athleticeko atezain nagusia izango zarela uste duzu?

Ez dakit. Entrenatzaileak erantzun beharreko galdera da hori. Nik ezin dut Partizanen aurkako norgehiagokaren ostean gertatuko dena jakin. Futbolean azkar aldatzen dira gauzak, eta prest egon behar dut edozein egoerari aurre egiteko.

Zer falta izan zaizu orain arte Athleticen segida izateko?

Ez dakit. Ideiarik ere ez daukat. Ondo ari naiz entrenatzen, eta jokatzea egokitu zaidanean ere maila txukuna eman dudala iritzi diot. Aukerak aprobetxatu beharko ditut.

Egungo futbolean txandakatze gehiago ikusten da atean. Lehen titular zenak dena jokatzen zuen, eta orain aldatu egin dela dirudi.

Ez pentsa. Txandakatzeak egiten dituzten taldeetan atezainen arteko aldea txikia da. Horregatik, entrenatzaileek ez dute beldurrik izaten aldatzeko. Alde handia dagoenean ez da txandakatzerik egoten. Bai Gorka, eta baita ni neu ere ondo ari gara entrenatzen.

Aurretik Iraizoz daukazu, baina atzetik datozenak ere aintzat hartzekoak dira. Bai Alex Remirok, bai Kepa Agirrezabalagak oso itxura ona dute. Athleticen atea ondo zainduta egongo dela dirudi. Kezkatuta zaude atzetik datozenekin?

Aintzat hartzen ditut, baina nik nirea egin behar dut. Ezin naiz kontrolatu ez dudan kontuei begira egon. Lasai nago. Hala ere, argi dago bai Remirok, bai Kepak oso dohain onak dituztela.

Athleticen gozatzen ari zara, edo, zure unea ailegatu ezean,berriz ere maletak egin beharko dituzulakoan zaude?

Lehengo batean Iraizozek esan zidan berak 27 urte zituela lortu zuela gorengo mailako talde batean titular postua. Bada, nik 27 urte ditut egun. Lasaitasunez hausnartu behar dira gauzak. Uste dut talde egokian nagoela, eta luzaroan jarraituko dudala Athleticen.

Atezainok lupaz begiratzen zaituztete. Akatsak garesti ordaintzen dituzue.

Jokatzen dugun bakoitzean,40.000 atezain daude guri begira, baina beti guk egiten dugu kale. Horrela bizi gara. Partida batean sekulako geldiketak egin eta azken jokaldian akats txiki bat eginez gero, hutsa baino ez da gogoratzen. Atezainen eta jokalarien arteko alde nagusia da guk psikologikoki gogorragoak izan behar dugula.

Bihar hasieratik ariko zara Partizanen kontra. Herbehereetan galdu ostean, Serbian irabazi izanak lasaitasuna eman dizue.

Guk irabazi egin genuen, eta Augsburgen garaipenak ere lagundu egin zigun. Jardunaldi borobila izan zen. Partizan San Mamesen mendean hartzen badugu sailkapena bideratu egingo dugu.

Hiru aurkariak ikusi ostean argi dago Athletic dela multzoko talderik indartsuena. Zuek ere berdin pentsatzen duzue?

Ondo gaudenean talde asko baino hobeak gara, baina apur bat lasaitzen garenean edozein aurkarik irabaz diezaguke. Oinak lurrean izan behar ditugu.

Nolako Partizan espero duzu?

Gutxienez puntu bat behar duen taldea da, eta, beraz, joanekoan baino ausartago ariko da.

Jokalariok sarri aipatzen duzue Europako Liga aukera ona dela arreta bereganatzeko. Urrun iritsiko zaretela uste duzue?

Oso gustuko dugun lehiaketa da. Baina Kopa gerturatzen denean ere berdin jardungo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.