Budimirren bi golek eman diete garaipena gorritxoei. Azken bederatzi partidetan irabazi gabe aritu ondoren, Sadarren eman diote amaiera bolada txarrari; kroaziarrak gol bana sartu du zati bakoitzean. Orozek, baloia lortu, eta Budimirri pasatu dio zehaztasunez, eta hark ezkerrarekin lortu du markagailua estreinatzea, 34. minutuan. Txuri-urdinek norgehiagoka ondo hasi duten arren, gol aukerak hutsean geratu dira, eta ez dute lortu markagailua berdintzea.
Bigarren zatia hasi bezain laster, Kubo etxekoen atera hurbildu da, eta indarrarekin eman dio baloiari; Herrera, ordea, azkar ibili da, eta eskuin hankarekin aldendu du. Sucicek ere baloi erraza utzi dio Oskarssoni, nahiz eta ez duen asmatu. Azkenean, Budimirrek sartu du partidako bigarren gola, 74. minutuan, buruz jo eta gero.
Punturik eskuratu ez badu ere, Reala ez da joan Sadarretik golik sartzeke: bigarren zatiko luzapenean 2-1 utzi du markagailua Oskarssonek.
Hiru puntu preziatu lortu dituzte gorritxoek, Espainiako Ligako sailkapenean zazpigarren postura igotzeraino, 30 punturekin —Gironak gaur irabaziz gero, postu hori lapurtu dakioke Osasunari—. Hirugarren porrota segidan du Realak, baina 28 puntu ditu behintzat. Datorren ostegunean elkarren aurka jokatuko dute beste behin, Espainiako Kopan, eta bietako bat sailkatuko da finalerdietarako. Anoetan arituko dira (19:30, Movistar).