Ander Cepasek beste domina bat euskal herriratu du gaur, brontzezko domina irabazi baitu mahai tenisean, MS9 kategorian. Gorputzaren alderen batean mugitzeko zailtasunak dituztenen edo gorputz adar bat falta zaienen kategoria da hori. Finalaurrekoan galdu du kirolari donostiarrak, Laurens Devos belgikarraren aurka. Paralinpiar Jokoen azken bi aldietan, hau da, Rio de Janeiron eta Tokion, urrezko domina irabazi zuen Devosek; beraz, 20 urteko euskal kirolariak aurkari zaila zuen aurrean.
Partida zaila izan du gaur egungo jokalaririk onenaren aurka, eta 3-0 gailendu zaio Devos (11-7, 11-8 eta 11-7). Beste kirol batzuetan gertatzen den moduan, mahai tenisean ez da partidarik jokatzen brontzezko domina nork eskuratuko duen jakiteko, eta finalerdietan galtzen duten bi kirolariek lortzen dute brontzezko domina.
Devosek Cepas erraz garaitu badu ere, Donostiako Atleticoko jokalariak pozik amaitu ditu bere lehen Jokoak. Amaitzean, ezusteko polita izan du, gainera, lagunak baitzituen zain, domina preziatua eta egindako lan bikaina ospatzeko. Munduko rankingean hirugarren dago orain Cepas. «Oraintxe bertan amaitu dudanez, uste dut oraindik ez dudala barneratu egun hauetan egindakoa, baina oso pozik nago nire Jokoetako lehen domina irabazteagatik. Nahiz eta gauzak ez diren nahi nuen bezala atera, dudan guztia ematen saiatu naiz beti, eta oso pozik nago horrekin», azaldu du domina irabazi ostean.
Egindako lanaren aitortza
Partidaren ostean, Cepasek esan du azken urteetan egindako lanaren saria dela domina, eta uste du motibagarri izango zaiola lanean jarraitzeko. «Familiakoak eta klubeko kideak etorri dira ni animatzera, eta partida amaitzean konturatu naiz nire lagunak ere etorri direla, ezustean. Partidan oso kontzentratua nengoen, eta ez naiz ohartu han zeudela».
Cepas 10 urte zituela hasi zen mahai tenisean, Donostiako Atleticok aurkezpen bat egin zuelako haren eskolan, eta ordutik hona etengabe hobetzen aritu da, harik eta Jokoetan brontzea irabazi duen arte.