Badira talde edo selekzio batzuk neurketak inertziaz irabazten dituztenak. Hain onak dira, nahikoa dute gauzak txukun samar egin eta partidak ondo kudeatzea irabazteko. Hori da eskubaloian Danimarkaren kasua. Munduko eta olinpiar txapelduna izanda, beren legea ezartzen dute. Eta atzo hala egin zuten Espainiaren kontra. 23-27 irabazi zuen, eta Frantziaren kontra jokatuko du olinpiar finala, larunbatean. Horrenbestez, Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok brontzeagatik borrokatu beharko dute; bihar jokatuko da lehia hori ere. Egipto izango dute kontrario. Aginagalde ez zuen deialdian sartu atzo hautatzaileak, eta Gurbindok minutu batzuk jokatu zituen.
Espainiak borroka egin zuen, eta bere izaera lehiakorra erakutsi. Baina partida betea ez jokatuta ere, Danimarkak irabazi egin zuen lehia. 6-0eko defentsarekin zulo guztiak itxi zituen, eta Mikkel Hansenek nahi bezala gidatu zuen taldea. Espainiak estutu zuenean, Niklas Landin atezaina agertu zen. Partida oso ona egin zuen. Espainian ere, Gonzalo Perez de Vargas atezaina izan zen zutarrietako bat. Hark mantendu zuen bizirik taldea une zailetan.
Espainiako selekzioa ahalegindu zen bizi jokatzen, eta hegalekoak eta piboteak, mina egiten. Izan ere, urrutitik ezinezkoa zen Danimarkakoek ezarritako horma apurtzea. Gainera, postu horietatik abantaila lortu zutenean, ez zuten behar beste asmatu, eta hori, ezinbestean, ordaindu egiten da.
Atsedenaldirako, jada lau golen errenta zuen Danimarkak: 10-14 amaitu zen. Lehen zati horretan ondo kudeatu zuten 2-3 golen aldea. Eroso aritu ziren.
Bigarren zatian ere gauzak bide beretik joan ziren. Danimarka une oro izan zen aurretik. Espainia gol batera jarri zen batzuetan. Baina ez zuen berdintzea lortu, eta, azkenerako, lehen zatian bezala, lau golen errentarekin amaitu zuen aurretik Danimarkak: 23-27.
Beste finalerdian, Egiptok ezin izan zuen ezustekoa eman. Afrikako lehen taldea izan da dominak lortzeko borrokan sartzen, baina ezin izan zuen beste mugarri bat ezarri eskubaloiaren historian.