Tokio 2020

BRONTZE LANDU ETA SUFRITUA

Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok domina lortu dute, Espainiak Egiptori 31-33 irabazita. Lehia orekatua izan da. Aginagaldek min hartu du orkatilan.

Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo, brontzezko domina irabazi izana ospatzen. RFEBM.
ainara arratibel gascon
<i>Tokio</i>
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo eskubaloi jokalariek badute beren domina. Ondo kostatako brontzea. Izan ere, Egiptok estu hartu zuen atzo Espainia, partida fisiko bat eginez. Azken bi minutuetan erabaki zen lehia, eta hor Espainia hobeto aritu zen defentsan. Horrek eman zion domina: 33-31.

Partidaren lehen minutuak ondoren gertatuko zenaren isla izan ziren. Parekotasun handia egon zen. Buruz buruko partida bat planteatu zuen Egiptok,6-0ko defentsa aurreratu batekin. Aurkariaren armiarma sarea apurtzeko, Espainiak pazientziaz jokatzearen alde egin zuen, eta hegalekoen eta pibotearen bidez min egiteko. Pibotean zen Aginagalde. Haren blokeoek jaurtitzeko aukera ematen zioten Espainiari, eta bi gol ere sartu zituen. Baina Egiptoren defentsa gogor batean min hartu zuen orkatilan, eta ez zuen gehiago jokatu. Beraz, orkatila bihurrituta, baina domina olinpiko batekin amaitu du bere ibilbidea irundarrak selekzio arteko txapelketetan.

Egipto eroso ari zen, berak nahi zuen lekuan baitzuen partida: 5-3. Espainiak, ordea, ez zuen lortzen korrika egitea eta bizi jokatzea. Baina behin eta berriz hori egiten saiatzen zen, eta, horren ondorioz, baloiak galtzen zituen, eta jaurtiketa txarrak egin.

Baina minutuak aurrera joan ahala lortu zuen partidari beste martxa bat jartzea.Gonzalo Perez de Vargasen pare bat geldituk eman zioten aukera, baita Egiptoko pare bat jokalariren bi minutuko kanporatzeek ere.

Lehen zatiko azken bost minutuak izan ziren partidako bizkorrenak. Espainiak min egin zuen hor, eta, gainera, hegaletatik zuloak topatzen hasi zen. Aleix Gomez erabakigarria izan zen: lehen zatian bost gol sartu zituen. Gainera, defentsa estutu zuen Espainiak, eta albokoen jaurtiketetara ondo atera zen. Ordu arteko abantaila handienarekin joan zen atsedenaldira: 19-16.

Lehen zatian bezala, Egiptok hobeto ekin zion bigarrenari. Espainiak baloi batzuk galdu zituen,eta hori baliatu zuen Egiptok 37. minutuan partida berdintzeko: 21-21. Omar Yahai eta AhmedEl-Ahmar ezker hegalekoen jaurtiketek min handia egin zioten Espainiari.

Txapelketa honetan, Egiptori luze egin zaizkio partidak, eta azken hamar minutuetan behera egin izan du. Atzo, ordea, ez: hortxe segitu zuen, bere joko fisiko eta buruz burukoa egiten. Espainiari zailtzen ari zitzaion partida, baina Duixebaev eta Antonio Garcia agertu ziren azken bi minutuetan, baloi erabakigarriak jaurti eta domina ziurtatzeko.

Partida amaieran, hunkituta zen Gurbindo: «Oso pozik gaude. Domina batekin joatea merezi genuen. Azken minutuetan, dugun izaera grinatsu eta lehiakorra atera dugu, esperientzia eta gaztetasuna uztartuz. Londresko eta Rion egon ez izanaren arantza atera dugu». Jokoak urtebete atzeratu zirelako dago Gurbindo Tokion, iaz hamasei hilabete eman baitzituen jokatu gabe, lesio batengatik: «Ametsa da hemen egotea. Etxekoei eskaintzen diet garaipena. Ziur haiekin hitz egitean hunkitu egingo naizela».

Finalean, Frantziak 25-23 irabazi zion Danimarkari. Duela bost urte, Rio de Janeiron (Brasil), danimarkarrak nagusitu zitzaizkien frantziarrei finalean. Urrezko hirugarren domina du Frantziak: Pekinen eta Londresen ere gailendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.