Frantziako Tourra

Brindis bat Omarren omenez

Omar Frailek helmugaraino eraman du eguneko ihesaldia, eta bere kirol ibilbideko garaipenik handiena lortu du Menden. Mikel Landak 30 segundo galdu ditu faboritoen arteko borrokan

Omar Fraile, Mendeko helmugan sartzen. Irribarretsu sartu zen, eta hatza altxatuz garaipena ospatzen. Atzean, Julian Alaphilippe eta Jesper Stuyven ageri dira. SEBASTIEN NOGIER/ EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Omar Fraile (Astana) ehiztaria da. Etapa ehiztari petoa da, eta jadanik ez da pieza txikiekin konformatzen. Bere pieza bilduma ikusi baino ez dago: etapak Giroan, Itzulian, Erromandian... Oraindik, baina, preziatuena falta zitzaion, bere gurasoek altxorra balitz bezala gordeko duten egunkari orrialde hori. Eta paper zati kuttun hori gaur argitaratu da, santurtziarrak atzo lortu baitzuen bere ibilbideko lorpenik handiena, Frantziako Tourreko ihesaldia helmugaraino eraman eta Menden besoak altxatuta.

Santurtzi jaietan da. Karmengo jaiak bi asteburuz izaten dira, eta gaur amaituko dira. Mentxu kaioak gaur alde egingo du heldu den urtera arte, baina Omar Frailek azken eguna goxatu nahi izan zien herrikideei, balentria handia eginda. Eta ez ziren gutxi izango, herrian, kuttunaren omenez brindisa egingo zutenak. Haren zaleen taldeko kideek, esaterako, eta Jesus aitak kirioak dantzan zituztela ikusi zituzten azken kilometroak. Etapa garaipena agonikoa izan zelako, eta Frailek irabazi bazuen, tropeleko kide argienetakoa delako irabazi zuen, eta egoera hori ondo kudeatu zuelako. Ihesaldian pazientzia izaten jakin zuen, azken mendatera arte itxaron eta han erasoa jotzeko. Helmugan, sei segundoren aldea atera zien Julian Alaphilippe (Quick) eta Jesper Stuyveni (Trek).

Ion Izagirre (Bahrein) izan zen Tourrean etapa bat irabazi zuen azken euskal herritarra. 2016an izan zen, Morzinen, eta, bi urte geroago, Frailek ere ihesaldi bat baliatuta irabazi zuen. Eguna, izan ere, ihesaldirako ezin aproposagoa zen: tamaina erdiko mendate asko eta azken igoera gogor bat. Gidoia espero bezala hasi zen, eta lehen kilometroetan —188 kilometroko etapa zen— 32 kideko ihesaldi erraldoi bat osatu zen. Tropel osoaren ia laurdena zegoen bertan, eta, tartean, bi euskal herritar: Fraile eta Gorka Izagirre (Bahrein). Itzulia irabazteko hautagaiek uko egin zioten sartzeari, eta iheslariek bidea libre izan zuten. Tropela hemezortzi minutura iritsi zen helmugara.

33 kideko ihesaldi bat, tartean izen handi askorekin, mikrokosmos bat da bere heinean. Ekosistema propioa duen gizarte txiki bat da. Atzokoan ere taktika ezberdin eta interes propioen arteko talka ikusi zen. Gorka Izagirre izan zen oreka hori hautsi zuen aurrenekoa, helmugatik 61 kilometrora, eta oraindik bi mendate falta zirenean, aurrera egin zuenean. Norbaitek jarrai zezan nahi zuen, eta berehala gehitu zitzaizkion Jesper Stuyven (Trek) eta Tom-Jelte Slagter (Dimension).

Hirukoteak minutu baten aldea baino gehiago lortu zuen. Atzean, ihesaldiko beste kideak ez zirelako konpondu jazarpen lanerako. Deigarria izan zen Frailek berak alferkerian zebiltzan hainbat iheslariri eginiko errieta. Tartean zeuden Thomas De Gendt (Lotto), Greg Van Avermaet (BMC), Alaphilippe... Sestra, baina, ez zen atzean bakarrik egon. Aurrean Slagter zen erreleboei muzin egiten hasi zena, eta, Izagirrek kargu hartu zion batean, Stuyvenek ihes egin zien. 35 kilometro falta ziren helmugarako.

Hanka onak zituen, eta Stuyven 1.30eko aldearekin iritsi zen Croix Neuveko mendate pikora: hiru kilometroko igoera batez besteko %10eko pendizarekin. Helmugatik lau kilometro pasatxora hasten zen, eta tontorretik Mendera kilomero eta erdiko jaitsiera zegoen. De Gendt izan zen igoeran estutu zuen aurrenekoa, eta Fraile haren gurpilera irten zen. Santurtziarra oso ondo zegoen, eta igoera ikusgarria egin zuen. Metroak pasatu ahala, Stuyvenen errenta murrizten joan zen. Flandriar garaia oso trebea da ordekan, baina bere giharreria astunaren zama sumatu zuen goraka. Frailek minutu eta erdiren alde guztia jan zion, eta tontorrera iritsi aurretik ehizatu zuen.

Ordurako, baina, beste mehatxu bat agertu zen, Alaphilippek ere erasoa jo baitzuen tontorretikbi kilometrora. Frailek, baina, ondo aztertua zuen igoera; etxeko lanak eginak zituen. Ehiztari onek bezala, ondo zekien nolakoa zen lurraldea, eta gora bakarrik irits zitekeela. Sei segundoren aldearekin iritsi zen, eta, hauspoari buelta eman zionean, aldapa behera bota zuen bere burua. Santurtziko kaleetan bizikletan ibiltzen ikasi duen batek ez die beldurrik bihurguneei, eta azken zuzengunean lasai ospatu eta gozatzeko aukera izan zuen.

Landa, pattal

Tropela ordu laurden geroago iritsi zen Croix Nevera. Sailkapeneko izen handiak bakarrik gelditu ziren aurrean, eta Primoz Roglicek (Lotto J.) jo zuen eraso indartsuena. Atzean Mikel Landak (Movistra) sufritu zuen gehien, eta Chris Froomek (Sky) ere ez zuen ondo pasatu. Geraint Thomas liderrak, aldiz, itxura oso sendoa eman zuen, baina, azkenean, Skyko biak elkarrekin helmugaratu ziren, Tom Dumoulinekin (Sunweb), eta Roglicengandik zazpi segundora. Nairo Quintanak (Movistar) hamar gehiago galdu zituen, Romain Bardetek (Ag2r) hamalau, eta Landak, 37. Murgiarrak, beraz, minutu erdi galdu zuen liderren aldean, eta orain 3.42ra dago sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.