Datorren ekainetik aurrera bihurtuko da Erik Bretos Realeko futbol zuzendari. Orduan amaituko du bere lana Roberto Olabek, eta haren oinordekoa izango da donostiarra. Hainbat zalantza daude oraindik Bretosen inguruan; batez ere, zenbaterainoko boterea izango duen Zubietan. Baina, zalantzak zalantza, erronka ugari izango ditu datorren udatik aurrera. Hala ere, gainean da neguko merkatua, eta hor ere izango du zer esanik.
Oinarriari eutsi
Imanol Alguacil eta Martin Zubimendi dira Realaren oinarriak gaur egun. Aulkian bata, eta jokoaren gidaritzan bestea. Alguacili, ordea, ekainean amaituko zaio kontratua, eta Zubimendik, berriz, Europako talde indartsuen eskaintza ugari jaso ditu.
Imanolek «lasai» dagoela esan du behin baino gehiagotan. 2022ko azaroan berritu zuen kontratua, denboraldi honen amaierara arte, eta Donostian jarraitzeko ilusioa daukala azpimarratu du behin eta berriro. Aperribaik eta Olabek Anoetan jarraitzeko lehen eskaintza egin diote jada, baina oriotarrak, ordea, kontratu hori «oraindik irabazi» egin behar duela esan du. Hemendik gutxira akordioa irits daitekeela uste da, baina ikusi beharko da Bretosek zer rol hartuko duen erabaki horretan.
Zubimendiren egoera, berriz, desberdina da. 2027an amaituko zaio kontratua; alegia, datozen bi denboraldiak amaitzen direnean. 60 milioi euroko etete klausula, ordea, labur gera daiteke donostiarrak utz dezakeen hutsunearekin alderatuta. Udan Liverpoolek diru hori ordaintzeko asmoa agertu zuen, baina Zubimendik Realean gelditzea erabaki zuen. Bretosen teilatuan dago pilota orain.
Utzitakoekin zer egin
Jokalari bakarra ari da aurten Realean utzita: Nayef Aguerd. Marokoko atzelaria taldeko jokalari onenetako bat da oraintxe, eta oso garrantzitsua da Imanolen eskeman. Hortaz, pentsa daiteke haren eskubideak lortzeko lehian ariko dela Reala. West Hamek, ordea, ez dio nolanahi alde egiten utziko. 2022ko udan 35 milioi euro ordaindu zizkion West Hamek Stade Rennaisi, eta 2027ko ekainera arte kontratua dauka Ingalaterrako talde harekin. Transfermarkt atariaren arabera, 35 milioi euro balio du Kenitrako atzelariak, eta Bretosek erabaki bat hartu beharko du. Aguerd lotu ezean, berebiziko garrantzia izango du erdiko atzelari bat fitxatzeak; izan ere, hanka-motz dago taldea horretan.
Realak utzita dauzkan jokalarien etorkizuna zein izango den ere ikusi beharko da. Lehen taldeko jokalari bakarra dago utzita: Carlos Fernandez, Cadizen. Gainerako hirurak bigarren taldeko jokalariak dira: Jon Gorrotxategi, Jon Karrikaburu eta Alberto Dadie. Denetan, Gorrotxategi da datorren urtean lehen taldearen parte izateko aukera handiena daukan jokalaria. Euskarria oso garrantzitsua izaten ari da Mirandesen, eta asko ari da hazten. Eibartarra Zubimendiren oinordeko naturala izan daiteke. Dadie taldekidea, berriz ez da jokatzen ari. Bestalde, Fernandezek beste urtebeterako kontratua daukan arren, ez dirudi Imanolen planetan sartzeko aukerarik izango duenik. Karrikaburu gazteak, berriz, bai.
Neguko merkatuan ikusiko dira agian lehen zertzeladak datorren denboraldiari begira. Ez da fitxaketarik espero, baina baliteke norbaitek alde egitea. Sadiq Umarren etorkizuna Donostiatik urrun egongo dela dirudi. 224 minutu besterik ez du jokatu ligan, eta hark ere irteteko eskatuko du agian.
Fitxaketen profila erabaki
Azken urteetan futbol zuzendaritzak egindako fitxaketa gehienek eredu berari jarraitu diote. Jokalari gazteak fitxatu ditu Realak, bizpahiru urte on emanda etorkizunean salmenta handia izan daitezkeela aurreikusita. Alexander Isakena da adibiderik argiena, baina gauza bera gertatu da Merinorekin ere. Mohamed-Ali Chorekin ez zen hain ondo atera, baina saiakera bera egin dute Sucicekin eta Oskarssonekin ere. Bretosek erantzukizun handia izan du fitxaketa horietan, eta bide berean jarraituko duela espero liteke.
Hala ere, ez da futbol zuzendaritzak fitxaketak egiteko erabili duen modu bakarra. Goian mantentzeko, goi mailako jokalariak behar izaten dira, eta, halakoak ekartzeko, bi metodo erabili ditu Realak. Lehena, jokalariak utzita ekartzea. Hala etorri dira Aguerd, Andre Silva, Kieran Tierney eta Martin Odegaard, esaterako. Beste batzuk, berriz, beren futbol ibilbidearen azken urteetan iritsi dira, baina asko eman diote Realari. Hori izan da David Silvaren eta Monrealen kasua. Orain, Bretosek bere lantaldearekin batera erabaki beharko du zer estrategia erabili nahi duen.
Jarraipena Z7-an
Emakumezkoen taldeak aldaketa ugari izan ditu azken bi urteetan. Nabarmenena entrenatzailearen aldaketa izan da; Jose Luis Sanchez Verak hartu du Natalia Arroyoren lekukoa, eta, harekin batera, zazpi jokalari fitxatu ditu klubak. Gainera, harrobiko beste hiru jokalari igo dira lehen taldera. Aro berri baten hasiera besterik ez da, baina proiektu horri jarraipena eman beharko dio Bretosek. Lehen harria jarri dute: Nahia Aparicioren kontratua berritu dute 2027ra arte.
Bada eragozpen bat, ordea. Duela bi urte gertatu bezala, hainbat jokalariri kontratua amaituko zaie datorren ekainean. Guztira, hamar jokalari dira, eta horietako batzuk ezinbestekoak dira entrenatzailearentzat: Manuela Vanegas, Amaiur Sarriegi, Elene Lete, Sanni Franssi, Andreia Jacinto, Claire Lavogez, Ane Etxezarreta, Cecilia Marcos, Jacqueline Owusu eta Lorena Navarro. Haiekin zer egin, hori izango da Bretosek emakumezkoen taldean izango duen lehen ardura. Hala ere, ikusteko dago bere gain hartuko duen lan hori, Olabek egin bezala, edo eginkizun horretarako norbait jarriko duen. Argi dagoena da Garbiñe Etxeberria oso garrantzitsua izango dela azken erabakietan.