Braulio Vazquez: «Teknikaririk ez daukagu: ez dugu inorekin hitz egin»

Osasunako kirol zuzendariak nabarmendu du denboraldia «bikaina» izan dela, eta azaldu du Vicente Morenori segitzea eskaini ziotela. «Ez zuen nahi izan». Halaber, jakinarazi du Arnaizek eta Peñak ez dutela taldean jarraituko.

Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendaria. OSASUNA
Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendaria. OSASUNA
ainara arratibel gascon
2025eko maiatzaren 29a
16:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Braulio Vazquezek Osasunaren denboraldiaren balantzea egin du. Kirol zuzendaria argi mintzatu da: «Genituen aurreikuspenak gainditu egin ditugu. Partida oso gutxi galdu ditugu, eta Europarako sailkatzeko gol batera geratu gara. Denboraldia oso ona izan da, ia bikaina, eta biribiltzea falta izan zaigu».  

Hala izanda ere, Vicente Morenok ez du jarraituko talde gorritxoa entrenatzen. Teknikariak berak hartutako erabakia izan da. «Sasoi osoan maiz hitz egin dugu, eta amaieran hitz egitea adostu genuen. Baina ordu arte ez itxarotea erabakia zuen. Oso eskertuta gaude egin duen lanarekin». Halaber, azaldu du jarraitzea eskaini ziotela. «Beste denboraldi batez jarraitzea proposatu genion, helburuak betez gero bigarren bat segitzeko aukerarekin. Baina ez zuen nahi izan. Dena den, argi dut asmatu egin zutela hura ekarrita». Momentuz ez dute fitxatu haren ordezkoa. «Teknikaririk ez daukagu oraindik; ez dugu inorekin hitz egin». 

Argi du, dena den, zein ezaugarri izan behar dituen: «Klubaren izateko moduarekin bat egiten duen pertsona bat izan behar du. Izan ere, profesionalak ez ezik, pertsonak fitxatzen ditugu. Gainera, Sadarreko zaleek gustuko duten jokoarekin bat egiten duen teknikari bat izan behar du». Baieztatu du Jose Arnaizek eta Ruben Peñak ez dutela taldean jarraituko, eta Aresoz ere mintzatu da. «Ez dut uste jarraituko duenik. Baina espero dut, hala izanda, kutxan dirua utzita izatea».

Athleticen, berriz, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak eta Sergio Navarro Lezamako zuzendariak egin dute balantzea. Talde guztiak kontuan hartuta denboraldia «oso ona» izan dela nabarmendu dute. «Sekula baino osasuntsuago gaude. Etorkizun handiko jokalariak ditugu, eta ezartzen ari garen metodologia gero eta fruitu gehiago ematen ari da. Oinarri sendoak jartzen ari gara, eta bide beretik jarraitu nahi dugu», esan du Gonzalezek.

Eman dituzten datuen arabera, denboraldi honetan 212 jokalarik jokatu dute harrobiko gizonezkoen taldeetan, eta horietatik %76 izan dira bizkaitarrak; emakumezkoetan, berriz, 92, eta horietatik %70 bizkaitarrak. Athleticek 180 klubekin ditu lankidetza hitzarmenak, eta horietatik hamar dira Ipar Euskal Herrikoak. «Gere lehentasuna Lezaman ditugun jokalarien talentua baliatzea da; baina kanpora begiratu behar badugu, hala egiten jarraituko dugu. Kanpotik jokalariak erakartzeko bermerik onena lortzen ari garen emaitzak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.