Osasunak egindako sasoia aztertzeko asmoz agertu da gaur prentsaurrekoan Braulio Vazquez, gorritxoen kirol zuzendaria. Galiziarrak esan duenez «zorioneko» daude, sasoia, oro har, «klubaren historiako onena» izan delako. Konferentzia ligan aritzeko aukera eta Kopako finalera iristea lorpen handia da, eta horrek datorren sasoian lau lehiaketetan parte hartzeko aukera emango die gorritxoei. Udara begira jarrita, argi utzi du talde handia beharko dutela hainbeste partidari aurre egiteko, eta onartu du fitxaketa batzuk «aurreratuta» daudela. Bestalde, printzipioz, Ez Abdek eta Manu Sanchezek ez dute datorren denboraldian Osasunan jokatuko, eta Aridaneri kontratua berritzeko eskaintza egingo diote.
Olatuaren aparretan azaldu da Braulio kazetarien aurrera, eta zoriontsu daudela onartu du. Bost urte dira Osasuna Lehen Mailara igo zela, eta urte guztiak paregabeak izan dira gorritxoentzat. Hala ere, bidean izandako garai txarrak ere aipatu nahi izan ditu: «Gogoratu nola geunden, eta ikusi nola gauden orain. Duela bi urte elkarrekin sufritu genuen, eta elkarrekin gozatu ditugu azken hilabeteetako lorpenak». Klubaren norabidea bikaina izan da azken urteetan, eta une gogoangarri batzuk aipatu ondoren, onartu du iragan igandekoa oso egun berezia izan zela: «San Mamesen lortu genuen Kopako finalerako sailkatzea, eta bulegoetan ospatu genuen igoera. Bazen garaia Osasunak Sadarreko zaleen aurrean zerbait garrantzitsua jokatzeko, eta bikain irten da». Hori esanda, aitortu du datorren denboraldia oso pozgarria izango dela klubarentzat, baina zuhurtzia ere eskatu nahi izan du. Zenbait lehiaketatan parte hartuko dute, baina ligaren garrantzia azpimarratu du: «Europara joateaz gozatzeak ezin gaitu zigortu ligan, hori baita klub honek behar duena. 42 puntuek erabateko lehentasuna dute».
Kirol zuzendariak adierazi du Europara sailkatzeak fitxaketen merkatua aldatuko duela; batetik, fitxaketen «kalitateari» dagokionez, eta, bestetik, taldean «jokalari gehiago» beharko dituztelako. Hainbeste lehiaketa jokatuta, talde handiago bat beharko duela behin eta berriro nabarmendu du kazetarien aurrean: «Astean hiru neurketa jokatzeak fisikoki dakarren nekea handia da, eta horri aurre egiteko eta orain arte bezala entrenamenduen kalitatea hain handia izateko beharrezkoa da talde handi bat izatea». Fitxaketek garrantzi handia izango dute datorren denboraldian, baina galiziarrak argi utzi du Osasunak ezin duela bururik galdu Europan jokatzeagatik bakarrik. Ligako sailkapenean postu bat gorago edo beherago egoteak milioiak balio ditu, telebistetako eskubideen dirua klub bakoitzak sailkapenean duen postuaren arabera banatzen baita. Osasunak 53 milioi inguru jasoko ditu zazpigarren postuan sailkatzeagatik, eta beste 750.000 euro Konferentzia ligako atariko kanporaketa jokatzeagatik. Gainera, ligaxkara sailkatuz gero, beste hiru milioi inguru jasoko ditu Iruñeko klubak. Hala ere, kirol zuzendari izendatu zutenetik ahalik eta diru gutxien gastatu du Brauliok fitxaketetan, eta jokabide berarekin jarraituko duela ohartarazi du: «Hamar edo hamabost milioiko jokalariak eskaini dizkigute. Uste dute Europan jokatzeagatik edozer ordaindu dezakegula, baina ez dakite zein talderekin ari diren» (barrez).
Izenen dantza hasi da
Abuztuaren 24an eta 31n jokatuko ditu Osasunak Konferentzia Ligako ligaxkara sailkatzeko atariko partidak. Ordurako taldea prest egotea da helburua, eta fitxaketa batzuk aurreratuta daudela aitortu du Brauliok. Bestalde, Manu Sanchezek eta Ez Abdek, «printzipioz», ez dute Osasunan jarraituko. Bi jokalariek eta Osasunak elkarri eman diotena nabarmendu du kirol zuzendariak, baina beste jokalari batzuengan jarri du arreta: «Abde jokalari berezia da, eta talde asko ditu atzetik. Manuk asko eman digu, baina gure bideak banatzeko garaia da». Hala ere, azken horren agurra ez omen da guztiz segurua. «Orain Atletico Madrilera itzuliko da [Madrildarrek utzita zegoen Osasunan], eta gero ikusiko da», adierazi du Brauliok. Aridane izan da prentsaurrekoko protagonista nagusietako bat. Bigarren itzuli on baten ondoren klubak kontratua berritzeko eskaintza egingo dio atzelariari, eta kirol zuzendariaren hitzetan, «jokalariak erabaki beharko du zer egin».