Brasilera begira jada

2016ko Olinpiar Jokoetarako puntu pilaketari ekinda, Pistako Munduko Txapelketa jokatuko da gaurtik igandera, Saint Quentin en Yvelinesen

Leire Olaberria ikaztegietarra, ezkerretik lehena, Calin, Munduko Kopako probetako batean. JUAN CARLOS QUINTERO / EFE.
unai zubeldia
2015eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Joan ziren Londresko Olinpiar Jokoak, eta, urrutira begira, gero eta gertuago ageri dira Rio de Janeirokoak. Lau urteko zeharkaldian, beroketa lanei etekina ateratzekoa izaten da beti hirugarrena. Eta hala gertatzen ari da aurten ere. 2016ko Olinpiar Jokoetarako puntu pilaketari ekinda, izar festa handia izango da gaurtik igandera bitartean Saint Quentin en Yvelinesko belodromoan, Paris kanpoaldean, Pistako Munduko Txapelketan. Eta punta-puntako espezialista horien artean ariko dira sei euskal herritar: Leire Olaberria (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977), Tania Calvo (Gasteiz, 1992), Unai Elorriaga (Barakaldo, Bizkaia, 1980), Juan Peralta (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1990), Sergio Aliaga (Cintruenigo, Nafarroa, 1991) eta Illart Zuazubiskar (Durango, Bizkaia, 1990).

Atzo 38 urte beteta, puntuazioan eta omniumean bere onena emateko irrikan joan da Olaberria Munduko Txapelketara. Ezeri uko egin gabe, beroketa lanak egiteko baliatuko du gaurko proba, puntuaziokoa, baina, azken urteotan bezala, omniuma dauka begiz jota. Caliko Munduko Kopan zilarrezko domina eskuratu berritan, «oso sasoi onean» ekingo dio aurre ikaztegietarrak sei zatitan banatuta dagoen diziplinari. Goragoko helburuak ahaztu gabe, lehen zortzien artean sartzeko erronka izango du.

Egutegi betea izango du gipuzkoarrak, baina are beteagoa dauka Calvok, lau diziplinatan parte hartuko duelako: abiaduran, taldekako abiaduran, 500 metrokoan eta keirinean. 2014an, 22 urte eskasekin, zilarrezko domina eskuratu zuen Europako Txapelketan, abiadura proban. Urtarrilean, berriz, Caliko Munduko Kopan, brontzezko domina irabazi zuen taldekako abiaduran, Helena Casas kataluniarrarekin batera. Urtez urte gorako pauso sendoak ematen ari da gasteiztarra, eta Saint Quentin en Yvelinesen ezustekoren bat emateko hautagai argia da.

Elorriaga, omniumean

Elorriaga da dominen borrokara gerturatzeko beste hautagaietako bat. Urrutira joan gabe, iaz brontzezko domina irabazi zuen Europako Txapelketan, omnium proban, eta Munduko Txapelketan taldekako jazarpena gehituko dio omniumari; Illart Zuazubiskar ere ariko da jazarpenean. Peralta eta Aliaga, berriz, taldekako abiaduran ariko dira, iazko bederatzigarren postua hobetzeko helburuarekin —Peraltaren kasuan, bakarka ere ariko da abiaduran—. Paristik hogei kilometro eskas hego-mendebaldera dagoen belodromo dotorean, denera hemeretzi diziplina izango ditu Munduko Txapelketak. Gaur arratsaldean hasiko da lehia, eta bihartik aurrera goiz eta arratsaldeko saioak izango dira egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.