Bota egin dute

UCIk ontzat eman du USADAk egindako txostena, eta Tourrean lortutako zazpi garaipenak kendu dizkio Lance ArmstrongiUCIk ostiralean erabakiko du zer egin zazpi Tour horietako palmaresarekin

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Lance Armstrongek jada ez du irabazi zazpi aldiz Frantziako Tourra. Behin ere ez du irabazi, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) ontzat eman duelako AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziak (USADA) eginiko txostena. Horren arabera, Armstrongen talde ohi US Postalek «inoizko dopin sistema profesionalena eta arrakastatsuena» antolatu zuen.Horregatik, bizitza guztiko zigorra ezarri dio AEBetako txirrindulari ohiari, eta haren kirol ibilbidean lortutako garaipen guztiak baliogabetu, tartean 1999. urtetik 2005era Frantziako Tourrean lortutako zazpi garaipenak. UCIk zigor hori berretsi zuen atzo.

«Baieztatu nahi dut ez dugula helegiterik jarriko TASen [Kirola Arbitratzeko Epaitegia] USADAk ezarritako zigorraren aurka. UCIkdebekatu egingo du Armstronglehiatu dadin, eta kendu egingo dizkio Frantziako Tourrean irabazitako zazpi garaipenak. Txirrindularitzatik bota dugu. Ez du tokirik, eta ahaztua izatea merezi du. Txirrindularitzak ez du merezi Lance Armstrong bezalako norbait». Horrela eman zuen atzo Pat McQuaid UCIko presidenteak bera buru den erakundearen erabakiaren berri, Genevan (Suitza), ehunka komunikabideren aurrean emandako prentsaurrekoan.

McQuaiden arabera, AEBetako txirrindulari ohiari ezarritako zigorra «mugarria» da txirrindularitzarentzat, kirol horrek «asko» sufritu duelako USADAk egindako txostena dela eta. UCIko buruak, halere, itxaropenerako mezua helarazi nahi izan zuen, txirrindularitza eta babesleak gogoan. «Etorkizuna badago txirrindularitzan. Ez da bidegurutze batera iristen garen lehen aldia, une zailak ezagutu izan ditugu lehen ere, eta beste batzuetan egin bezala, indarberrituta itzuliko gara. Aurrera egiteko bide berri bat aurkituko dugu, ziur. Gaur egungo txirrindulari gazteak ezin dira susmopean egon iraganaren edo Armstrongen aroaren erruz».

Armstrong auzian UCIk erantzukizunen bat ote duen galdetu ziotenean, McQuaidek azpimarratu zuen UCIk ezin duela egin egin zuen baino gehiago. «UCIk ez du ezer ezkutatzeko USADAren txostenari dagokionez. UCIren ardura kudeatzea eta arautzea da. Baina jendeak ulertu behar du, eta pentsatu, noiz gertatu ziren jarduera horiek. Txirrindularitza asko aldatu da ordutik. Lehen oso mugatuak ginen. Egun ditugun tresnak izan bagenitu, ez zen izango legez kanpoko jarduera hori».

McQuaidek EPOaren, Eritropoietina hormonaren, agerpena jo zuen mugarritzat dopinaren garapenean. «Dena aldatu egin zen EPOa azaldu zenean, eta denbora behar izan genuen egoera berri horretara egokitzeko, eta lehiaketaz kanpoko kontrolak egiten hasteko. Garestia da, eta baliabideak behar dira. Baina UCIk askoz gehiago egiten du gaur egun. Urtero 7,5 milioi euro gastatzen ditugu dopinaren aurkako borrokan».

UCIko lehendakariak onartu zuen «beldurgarriak» izan direla karguan daramatzan zazpi urteak, eta hori arrazoitzeko urte horietan izandako hainbat kasu gogorarazi zituen. Autokritika ere egin zuen. «Zerbaitegatik barkamena eskatu behar badut, iruzurgile madarikatu horiek guztiak ez harrapatzeagatik eta kirol mundutik ez botatzeagatik eskatu behar dut». Hala ere, argi utzi zuen txirrindularitza ez dela inoiz dopinetik salbu egongo. «Gizartean ez dago ezer iruzurgileengandik salbu, baina bai atzeman ditzakegu». Horren harira, gogoratu zuen UCIk harrapatu egin zituela Armstrongekin batera US Postal taldean aritu ziren bi txirrindulari, Tyler Hamilton eta Floyd Landis estatubatuarrak, baina Armstrongi egin zizkioten 218 kontroletan beti emaitza negatiboak irten zirela. «Armstrong sistemari iruzur egiteko gai izan bazen, ez zen izan bakarrik UCIren ardura, WADAk [Dopinaren Aurkako Munduko Agentzia] eta beste hainbat erakundek ere izan zuten erantzukizunik».

Tourrak ez du nahi garailerik

McQuaidek, halaber, jakinarazi zuen UCIk ostiral honetan erabakiko duela zer egin Armstrongek irabazitako zazpi Tourren palmaresarekin. Ezustekorik ezean, garailerik gabe geratuko dira. Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak ere horren alde egin zuen atzo. «Garailerik gabe gera daitezela nahi dugu». Datu adierazgarria dago horretarako: zazpi urte horietan podiumera igo ziren 21 txirrindularietatik hogei egon dira nahastuta inoiz dopin auziren batean. Ordea, bai egon daiteke aldaketa 2000. urteko Sydneyko Olinpiar Jokoetan. Australiako hirian Armstrongek brontzea irabazi zuen erlojupekoan, Abraham Olanoren aurretik. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) UCIren erabakia aztertuko du. Anoetakoak brontzea jaso dezake hamabi urte geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.