Bostekoa eman nahian dabil

Alavesen bost defentsako sistema ezartzen saiatzen ari da Pablo Machin, bere garaian Gironan lorturiko arrakasta berriz lortzeko asmoz. Zailtasunak zailtasun, Mikel Etxarrik uste du apustuak merezi duela; eskema horrek defentsan eta erasoan ematen dituen aukerak aletu ditu.

Alaveseko jokalariak Bartzelonako Ansu Fatiri baloia kendu nahian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bogan dago bost atzelariko sistema; gero eta sarriago darabilte goi mailako taldeek, aurkariak ezustean harrapatzeko edo egoera jakin batzuetara hobeki egokitzeko asmoz. Espainiako Ligan, Pablo Machin da eskema horren jarraitzaile sutsuenetako bat. Arrakastaz ezarri zuen Gironan; ez, ordea, Sevillan eta Espanyolen. Orain, Alavesi eman nahi dio bostekoa. Aitzitik, Gasteizko taldeak ez dio estutu oraindik; mantso ari da egokitzen. Bereak eta bost kosta zitzaion lehen partidetan, eta Machinek trantsizio leun bat egitea erabaki du bere bostean jarraitu beharrean, jokalariek ez diezaioten muzin eginbostekoari.

Merezi al du esfortzuak? Hain baliagarria al da bost defentsarekin jokatzen jakitea? Baiezkoan dago Mikel Etxarri (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1946). Futbolaren alor taktikoak liluratu egiten du entrenatzaile ohia, eta bere ezagutza oparotik abiatuta, sistema horren «aberastasunaz» mintzatu da. «Aukera sorta zabala eskaintzen dizu, jokalarien kokapenaren arabera. Asko gustatzen zait eskema hori; Eibarren, adibidez, bi denboraldi oso jokatu genituen horrela [1990-1991koa eta 1991-1992koa], eta oso ondo moldatu ginen. Gol gutxien jaso genuen taldea izan ginen bigarren urtean».

Hain justu, uste du eskema horrek defentsa lanetan eskaintzen duela abantailarik handiena. «Azkenean, defentsa bat gehiago duzu ate aurrean, eta horrek segurtasuna ematen dizu. Nik arau bat daukat: aurkariak zenbat aurrelari, zuk defentsa bat gehiago izan behar duzu. Beraz, aurkaria bi aurrelarirekin ari denean, funtsezkoa da hiru erdiko atzelari ipintzea». Baieztapen hori sakonago arrazoitu du: «Demagun kontrarioak bi aurrelari dituela, zuk erdiko bi atzelari dituzula, eta defentsako fasean zaudela. Aurrelari bat baloi bila jaisten bada, zuk zer egiten duzu defentsa gisa? Jarraitzen badiozu, zulo galanta sortuko da».

Erasoan, berriz, berebiziko garrantzia hartzen dute hegalekoek, beste sistema batzuetan baino askatasun handiagoa dutelako aurrera egin eta jokoari sakontasuna emateko. «Gainera, biak aldi berean atera daitezke: bi euskarri izanda, haiek bete dezakete hutsunea, edo bestela, erdiko atzelariek hegalera egin dezakete». Etxarrik nabarmendu du konbinatzeko aukera ugari dutela aurkariaren zelaian sartzen direnean: «Alboan duen erdilariarekin, aurrelariarekin edo barruko korridorean agertzen den erdilariarekin joka dezake. Gainera, beste hegalekoa apur bat barrurago egoten da, balizko joko aldaketa bat jasotzeko».

Sistema defentsibo gisa sortu zen, catenaccio-aren jiran. Gaur egun, ordea, denetariko erabilpenak ditu. «Dituzun jokalarien menpe dago. Hegalekoen eta lerroen kokapenak zehaztuko du sistemaren izaera. Kontraerasora min handia egin daiteke, baina ez dago zertan hala jokatu». Azken urteetan jokamolde hori hobekien erabili duen taldeaz galdetuta, Belgikako selekzioa aipatu du. «Bikain moldatu zen 3-4-2-1 sistemarekin, Errusiako Munduko Kopan. Oso joko ona egin zuen, bai barrutik bai kanpotik».

Zaintzaren garrantzia

Gauzak ondo egin ezkero, Etxarrik ez dio desabantailarik ikusten bosteko defentsari. Hori bai, koordinazio handia eskatzen du zuloak estaltzean eta zaintza egitean. Hain zuzen ere, hor egin du kale Alavesek: «Laguardia oso ondo egoten da kokatuta, baina akatsak egin ditu zaintza lanetan, eta, bost atzelari izan arren, arreta ezin daiteke inoiz galdu». Jokalari asko ez dago ohituta hala jokatzera, eta zaila izaten da kontzeptu berriak barneratzea. Edonola ere, Etxarrik uste du Alaves «prest» dagoela Machinek nahi duen bezala jokatzeko. «Hegaletan, agian, jokalari espezifikoak falta zaizkio. Baina, tira, Martin Agirregabiria bera txukun aritu daiteke hor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.