Goma gaineko munduko sokatira txapelketa lan erdietara iritsi da, eta euskal taldeek hemezortzi domina eskuratu dituzte: urrezko bost, zilarrezko zortzi eta brontzezko beste bost. Kluben arteko txapelketa amaituta, gaur eta bihar jokatuko da herrialdeen artekoa.
Gazteen lau mailetan podiumaren gorenera igo dira euskal taldeak; Abadiñok 23 urtez azpiko txapelketa mistoan eta mutilen mailan lortu ditu urreak, eta hirugarren urrea Berriozarrek eta Abadiñok elkarrekin sortutako taldeak irabazi du, emakumezkoen mailan. Azkena Gazteen mailan izan da, Berriozarko taldeak lortutakoa.
Maila nagusian, berriz, Lesakako Beti Gazte izan da urrea poltsikoratu duena. Gizonezkoen 560 kilokoetan izan da, Laukizko Gaztediren aurka. Euskal Herriko Txapelketako errebantxa jokatu zuten atzo, orduan laukiztarrek eskuratu baitzuten txapela.
Kosta zaio Beti Gazteri maila nagusiko urrea eskuratzen. Asteazkenean emakumezkoen 500 kiloko eta gizonezkoen 600 kiloko finalak jokatu eta galdu zituzten lesakarrek, eta beste hainbeste gertatu zitzaionemakumezkoen 540 kilokoan ere.
Jokatutako azken finalean, ordea, saria iritsi zen. Bi euskal taldeek lortu zuten finalerako sailkatzea, eta nafarren eta bizkaitarren arteko deman jokatu zuten urrea. Gogorrak izaten dira bien arteko tiraldiak, eta oraingoan ere lehia bikaina izan zen. Azkenean lehenago eman zuen amore Gaztedik. Lesakarren lehenbiziko urrea izan zen, denbora askoren ondoren. Azkena 2004an lortu zuten, Glasgown (Eskozia). Aurtengoa Beti Gazteren bosgarrena izan da.
Ander Mitxelena Diaz gazteak (Lesaka, Nafarroa, 2004) ez zituen garai horiek ezagutu. Denbora gutxi da sokatiran ari dela, Karmelo Mitxelena aitaren eskutik. 2020an Irlandan jokatutako munduko txapelketan aritu, eta Euskal Herriko txapelketetan txapela mordo bat eskuratu ondoren, hauxe du lehenbiziko sari handia. «Ez genuen urrea espero. Oso ongi prestatuak etorri gara, baina 600 kilokoan Country Cluben aurka galdu ondoren, zaila ikusten genuen. Baina ongi aritu, eta saria iritsi da».
Euskal Herriko txapelketetan ia maila guztietan txapela lortuta iritsi dira lesakarrak Munduko Txapelketara. «Euskal Herrian ongi ibilita, Munduko Txapelketan ondo ibiltzeko aukera dago, baina ez dizu emaitzarik ziurtatzen. Kanpoko taldeei ez ezik, euskal taldeei ere beldurra genien, badakigu zein ondo aritzen diren eta», gaineratu zuen Mitxelenak.
Gazteak ate joka datoz. «Beteranoei esker, oso gustura ari gara. Asko ikasi dugu. Ea orain gehiago animatzen diren, esfortzuaren emaitza ederra baita».
Gazteek urreak lortu dituzte
Sokatirara batzen ari diren gazteez mintzatzeko, Abadiñoko taldea aipatu behar da ezinbestean. Bizkaitarrak bere garairik onenera bueltatzen ari dira. Belaunaldi aldaketa nabaria izan da, eta tartean txapelketetatik kanpo ere ibili dira abadiñarrak. 2010ean lortu zuten urrezko azken domina munduko txapelketa batean.
Oraingoan hasiberriek lortu dute. Lorenzo Iraola Murgoitio Lamas entrenatzailea (Abadiño, Bizkaia, 1966) harro dago lortutakoarekin: «Bagenekien urrea lortzeko aukera ona genuela, Euskal Herriko taldeei neurria hartua diegu etxeko txapelketetan, eta zalantza Irlandakoak ziren. Ez da erraza izan urrea irabaztea, eta pozik egoteko modukoa da».
Sortu berria da taldea, hamahiru neska eta hemezortzi mutiko dituzte, denak gazteak. «Iaz hasi ginen serio entrenatzen. Gure seme-alaben lagunak batu dira taldera, eta gustura ari dira. Guk dakiguna irakasten ari gara, eta, bereziki, oinak lurrean mantentzeko saiakera egiten ari gara».
Sasoiko dago herri kirola Abadiñon. «Guk 32 urte eman ditugu sokatiran, eta egin beharreko lan guztia egingo nuke beste hainbeste urtetan jarraitzeko. Ez goaz bide txarrean».
Taldeen arteko txapelketa amaituta, euskal selekzioaren txanda izanen da bihar eta etzi. Helburu argia dauka euskal taldeak: goma gainean sekula irabazi gabeko urrea poltsikoratzea.
Bost urrezko domina euskal taldeentzat
Euskal tiratzaileek zilarrezko zortzi domina eta brontzezko beste bost ere lortu dituzte Munduko Txapelketan. Gaur hasiko da lehia herrialdeka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu