Liga amaitzeko bost partida falta direla, Getaferen etxean jokatuko du gaur Athleticek (Movistar, 21:00). Falta diren jardunaldi horietan ezohiko gauzarik gertatu ezean, liga bosgarren postuan amaitu, eta irailetik aurrera Europa Liga jokatuko du Athleticek. Laugarren postua sei puntura du, eta, azken jardunaldietan Ernesto Valverderen taldeak erakutsi duen sasoia ikusita, ia ezinezkoa dirudi tarte hori txikitu ahal izatea. Atzetik Reala dauka sailkapenean, baina txuri-urdinak ere distantzia handira daude, zazpi puntura. Azken partidak, beraz, lasai hartu ahal izango dituzte zuri-gorriek, Iker Muniain kapitaina behar den bezala agurtzeko.
Denboraldiko boladarik okerrenean da Athletic. Paradoxikoa izan liteke, Espainiako Kopa irabazi berri baitu, baina datuek hala diote: ligako azken bost partidetan bost puntu soilik lortu ditu, eta, azken jardunaldi horiek soilik kontuan hartuz gero, sailkapenean hamaseigarren izango litzateke. Martxoaren erditik ez dute partidarik irabazi Valverderen jokalariek, ezta Kopako finala ere. Hala ere, helburua penaltietan lortu zuten: kopa etxera eramatea.
Hiru partida jokatu dituzte finaletik hona ligan: bi berdinketa eta porrot bat. Zelai zaila bisitatuko dute gaur zuri-gorriek, Jose Bordalasen Getafe gogorra izango baitute aurrean. Sailkapenaren erdian dago Getafe, baina etxean hiru partida galdu ditu soilik. Gainera, azken hiru partidetan ez dute porrot egin, eta bost puntu lortu dituzte; joan den astean Almerian irabazi zuten. Gogor egin beharko dute lan, beraz, lehoiek hiru puntuak lortzeko, sasoi onean egoteaz gain, ligako talde fisiko eta gogorrenetariko bat baita Getafe.
Valverdek zera adierazi zuen atzo aurkariaren inguruan: «Erdiraketak errematatzeko gaitasun handia daukan taldea da Getafe, eta San Mamesen ederki erakutsi zuen. Talde ausarta da, aurrera egiten dute, eta ez dute inoiz amore ematen. Kontuz aritu beharko dugu».
Irailean, Europa Liga
Bost denboraldi daramatza Athleticek Europan jokatu gabe. 2017-2018ko denboraldian egin zuen azkenekoz, Europa Ligan, eta, miraririk ez bada, txapelketa berean arituko da irailetik aurrera. Ez dira urte errazak izan Bilboko taldearentzat, Europa Liga jokatu zuten azken denboraldi horretan jaitsiera postuetatik gertu ibili baitziren, eta ordutik hona taula erdian bueltaka ibili dira, Europa Liga jokatzeko esperantzarik gabe. Joko aldetik ere definiziorik gabeko taldea izan du, eta entrenatzaileekin ez du asmatu. 2021ean jokatu zituzten bi kopako final izan ziren athleticzaleen une gozo bakarrak.
Baina Valverde etxera itzuli, eta gazte belaunaldi berri batekin Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan egon dira joan den astera arte, eta berrogei urtez itxaroten egon diren Espainiako Kopa irabazi dute. Milaka zuri-gorrik lehenengoz ikusi dute Gabarra Ibaizabal ibaian gora. Joko bertikal eta fisiko bat egitea lortu du Valverdek gazteekin, eta taldeko beterano batzuk aulkian esertzeko ausardia izan du, Muniain bera adibidez. Datorren denboraldian Europa Liga jokatzea esfortzu horren emaitza da, hein handi batean.
Gainera, harreman berezia du Athleticek txapelketa horrekin, Europan jokatu dituen bi finalak txapelketa horretan jokatu baitzituen, 1977an UEFAko Kopan eta 2011n Europa Ligan. Lehenean Juventusek garaitu zituen zuri gorriak, eta bigarrenean Atletico Madrilek; finalera iristeko besteak beste Manchester United kanporatu behar izan zuen Athleticek 2012an.