Bosgarrenean, agidanez

Realak Europa ligako final-hamaseirenetako kanporaketako joaneko partida jokatuko du gaur, Danimarkan, Midtjyllanden aurka. Zubeldia eta Aihen ez dira osatu.

Realeko jokalariak Oskarssonek PAOK taldeari sartutako gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
Realeko jokalariak Oskarssonek PAOK taldeari sartutako gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
2025eko otsailaren 13a
05:05
Entzun

Reala bosgarren urtez segidan ari da Europan jokatzen. Mugarria da hori txuri-urdinen historian. Baina bada bost urte hauetan lortu ez duten zerbait: kanporaketa bat gainditzea. Bada, gaur, hori lortzeko lehen urratsa egin nahi dute. Txuri-urdinek Midtjyllanden aurka jokatuko dute gaur, Herningo (Danimarka) MCH Arenan, 18:45ean. Europa ligako final-hamaseirenetako joaneko partida izango da, eta itzuliko neurketarako emaitza ona lortzea dute xede donostiarrek.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea hamahirugarrena izan zen lehen ligaxkan, eta ezin izan zuen zuzenean final-zortzirenetarako sailkatu. Eta orain beste kanporaketa bat gehiago jokatuko beharrean da. Lau partida irabazi, bat berdindu eta hiru galdu zituen ligaxkako zortzi neurketetan.

Jokatutako azken bi partidak irabazi dituzte txuri-urdinek, eta urtarril bukaerako bolada txarra etetea lortu dute. Gaur zortzi 2-0 garaitu zuten Osasuna Espainiako Kopan, eta igandean 2-1 irabazi zioten Espanyoli ligan. Ez ziren garaipen ikusgarriak izan, baina aurrean eraginkor aritu ziren, eta fin ibili ziren aurkarien akatsak aprobetxatzeko.

Dena den, etxean izan ziren bi garaipen horiek. Oraingoan, berriz, etxetik urrun daraman bolada txarra irauli nahi du Realak. Izan ere, galdu egin ditu kanpoan jokatu dituen azken hiru partidak. Partida bakarra irabazi du Anoetatik kanpora. Kopan lortu zuen, Espainiako Federazioaren Lehen Mailan ari den Ponferradinaren kontra. Garaipen horren ostean, galdu egin du Valentzian, Erroman eta Iruñean. Imanolen arrakastaren arrazoietako bat etxetik kanpo lortutako emaitza onak dira, eta horri heldu nahi dio berriz.

Igor Zubeldia eta Aihen Muñoz ez dira garaiz osatu, eta Hamari Traore eta Alvaro Odriozola ere ez dira Herningera joan, min hartuta baitaude oraindik.

Midtjylland hogeigarren izan zen lehen ligaxkan. Hiru partida irabazi, bi berdindu eta hiru galdu zituen. 11 urtez jarraian ari dira Europan lehiatzen, eta 2020-2021 denboraldian Txapeldunen Ligako multzoen fasean parte hartu zuten lehen aldiz. Lau aldiz irabazi dute Danimarkako Superliga; azkena, iaz. Matthew Benham, klubaren jabea, Premier Ligako Brentford taldearen jabea ere bada.

Midtjyllandek bi neurketa ofizial baino ez ditu jokatu aurten, Europa ligako lehen ligaxkaren azken bi jardunaldietakoak. Danimarkako Superliga geldirik dago abendu hasieratik, neguan etena egiten baitute urtero. Asteburuan ekingo diote berriz ligari. Tarte horretan denboraldiaurrea egin dute. Aurreko astean Norvegiako izotz basamortu batera joan ziren 200 kilometro inguruko ibilaldi bat egitera. Jokalariei eskiak, jantziak, kanpin dendak, lerak, berogailuak, egurra eta janari hautsa eman zizkieten.

Franculino Dju aurrelaria Fenerbahceren aurkako neurketan itzuli zen, eta Elias Olafsson atezaina ere jokatzeko moduan da, nahiz eta min hartuta egon den. Emiliano Martinez erdilaria Palmeirasi saldu berri diote. Bestalde, Herningo taldean arbaso euskaldunak dituen jokalari bat dago: Mikel Johan Gogorza Krüger-Johnsen. Ama danimarkarra dauka, baina aita baionarra da. 

Falta den erronka

Europarako bost urtez jarraian sailkatu eta Kopa irabazi ondoren, Imanolen hurrengo erronka Europako txapelketa batean kanporaketa bat irabaztea da. Azken bost urteetan, ligaxka guztietan egin du aurrera Realak, baina oraindik ez du kanporaketarik irabazi. Europa ligan Manchester Uniteden, RB Leipzigen eta Erromaren aurka galdu zuen, eta iragan denboraldian Paris Saint Germainek kanporatu zuen Reala Txapeldunen Ligatik.

Txuri-urdinek ez dute kanporaketarik gainditu Europan mende honetan, txapelketen atariko kanporaketak kenduta. Azken kanporaketa 1998-1999 denboraldiko UEFA txapelketan irabazi zuten, Dinamo Moskuren aurka, final-hamaseirenetan. Denboraldi horretan ez zegoen multzoen faserik.

Reala-Midtjylland

Midtjylland: Olafsson; Andersson, Diao, Bech, Paulinho; Silva, Sorensen, Castillo; Osorio, Buksa eta Simsir.

Real Sociedad: Remiro; Aramburu, Aritz, Aguerd, Javi Lopez; Zubimendi, Olasagasti, Brais Mendez; Kubo, Oiartzabal eta Barrenetxea.

Epailea: Orel Grinfeeld (Israel).

Tokia: MCH Arena.

Ordua: 18:45, Movistar

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.